NAIZ

‘Doneaneko alaba’, Juan Kruz Igerabideren nobela berria

‘Doneaneko alaba’ eleberria besapean hartuta dator Juan Kruz Igerabide. 36ko gerrak utzitako zauria du abiapuntu nobelak. Baina ez da liburuan ageri den zauri bakarra. Mende amaiera arte iritsiko da narrazioa.

Juan Kruz Igerabide, gaur Donostian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Juan Kruz Igerabide, gaur Donostian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

‘Doneaneko alaba’ da Juan Kruz Igerabideren liburu berria. Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editorea alboan zuela aurkeztu du asteazken honetan Donostiako Udal Liburutegian.

«Sei egun falta dira urtea betetzeko –hasi du ekitaldia editoreak– Igerabideren ‘Noiz arte arrazoi’ aforismo-liburua aurkeztu genuenetik. Bideokonferentziaz egin behar izan genuen orduko saioa, eta gaur, zorionez, egile beraren beste liburu bat aurrez aurre aurkezteko aukeraz gozatzen ahal dugu elkarrekin».

Adunako idazleak helduentzako literaturaren eremuan egin duen ibilbidearen emaitza aipagarrienak berritu ditu, jarraian, Gimenez Bechek, horien artean aipamen berezia eginez ‘Hauts bihurtu zineten’ nobelari –«irakurleen harrera izugarri ona izan zuena eta urteetan zehar izaten jarraitzen duena» azpimarratu du editoreak–, hala nola ‘Sarean leiho’ eta ‘Mailu isila’ poema liburuei.

«Eleberri sendo eta umotu batekin datorkigu gaur –jarraitu du–, gutun luze baten eran egituratua. Bertan, narratzaileak iloba bati idazten dio, gauzak argitzeko baino gehiago bere baitan daraman aspaldiko karga iraultzeko asmoz eta premiaz».

36ko gerrak utzitako zauria du abiapuntu nobelak. Familia baten etorkizuna zeharo baldintzatuko duen bortxaketa batek ireki du zauria. Zauri horrekiko simetriaz, narratzaileak nozitutako beste zauri bat dago, hala gorputzean (herrena geratuko baita) nola psikean (bizi izandako traumak baldintzatuko baitu haren izaera).

Editoreak adierazi duenez, «36ko gerratik abiaturik, gutxi gorabehera mende amaiera arte iristen da narrazioa, eta egoera historikoaren eta gizarte-giroaren oihartzun batzuk ageri dira, inoiz ere historia partikularrari gailendu gabe».

Gertaeren kokaguneari dagokionez, Beterri bailara izan liteke, horren erreferentziak ematen baitira kontakizunean zehar, baina Euskal Herriko edozein txoko sinbolizatzen da, bai euskal historian bai euskal geografian horrelako osagai asko errepikatzen baitira.

«Nobelan zehar editoreak aipatu dituen bi zauri horien bilakaera kontatzen da. Narratzaileak jarrera zurrun eta zinikoa hartuko du bizirauteko, literatura-ikerkuntzan eta liburuen munduan gotortuko da, bere behar fisiko eta emozionalak modu mekaniko eta hotz samar batean bideratuko ditu, bizitza ‘ustez’ sendo bat eraikiz, eta handik munduari destainaz eta ironiaz begiratuz», adierazi du Igerabidek.

«‘Doneaneko alaba’-k narratzailearen mundu sendoa kolokan jarriko du, eta Doneaneko familiaren gainbeherari beste ate bat zabalduko dio, esperantzazkoa ez bada ere, bai behintzat duintasunezkoa. Hortik aurrera, gauzak ez dira askorik konpoduko, baina sinbolikoki bide duinago eta humanoago baten trazak agertzen hasiko dira, narratzaileak eraikitako mundu sendo baina hila kolokan jartzen da, biziberritu egiten da, eta aldi berean zaurgarriago, ahulago bihurtzen da», gaineratu du.

Testuan tartekaturik, mitologiako pasarteak ageri dira, eta orobat literatura unibertsaleko zantzuak nahiz pasarteak, eta horrela justifikatu du idazleak haien presentzia: «Gertakizun ‘historikoei’ halako hedadura antropologiko bat eman nahi izan diet, giza kondizioaren zenbait korapilo agerian jarriz. Erreferentzia mitologiko eta literario horiekin, nobelako gertaerak eta pertsonaiak unibertsalizatu egiten dira nolabait».

Garratza baina aldi berean samurra

Eleberriaren tonuari dagokionez, Igerabidek adierazi duenez, nobelako pasarte asko garratzak dira, baina, oro har, narratzailearen ikuspegi ironikoa gailentzen da. Poliki-poliki samurtu ahala, egoera komikoak ere ageri dira, eta ironia erabiltzen du, bere buruari begira ispilu bat balitz bezala.

«Narratzailea antiheroi petoa da, baina antiherioaren erakarmen literariotik urruntzen saiatzen da. Doneaneko alaba eta gainerako pertsonaia gehienak ere antiheroitzat har daitezke, batzuek pott egin dutelako bizitzan, beste batzuek nondik nora jo asmatu ez dutelako, beste batzuk zuzen-zuzenean zapalduak izan direlako, erreakzionatzeko aukerarik gabe», amaitu du idazleak.