NAIZ
BILBO

Labayruk lau urteko hitzarmena sinatu du Lakua eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin

Lakuak, Bizkaiko Aldundiak eta Labayru Fundazioak lankidetza hitzarmen berri bat adostu dute lau urterako, 2021etik 2024ra bitarteko aldirako. Akordio honek lexikografiaren arloko programak finantzatuko ditu, baita Bizkaiko euskararen corpusa bultzatzea helburu dutenak ere.

Igone Etxebarria, Labayru Fundazioko zuzendaria, Bingen Zupiria eta Lorea Bilbaoren artean. (IREKIA)
Igone Etxebarria, Labayru Fundazioko zuzendaria, Bingen Zupiria eta Lorea Bilbaoren artean. (IREKIA)

Bingen Zupiriak, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak; Lorea Bilbaok, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, eta Igone Etxebarriak, Labayru Fundazioko zuzendariak, hiru erakundeek sinatutako esparru hitzarmenaren berri eman dute gaur, asteazkena.

Lau urtetarako sinatutako akordioak lexikografiaren arloko programak finantzatuko ditu, baita Bizkaiko euskararen corpusa bultzatzea helburu dutenak ere. Labayru Fundazioak, halaber, lankidetzan jardungo du unibertsitateekin eta beste erakunde akademiko batzuekin bere helburu nagusia betetzeko hizkuntzaren arloko ikertzaileak prestatzeko: euskal kulturaren balioak garatu eta eguneratzearen aldeko lanak eta zerbitzuak sustatzea.

Aipatu dutenez, Jarraipen Batzorde bat arduratuko da hitzarmenean aurreikusitako jarduerak aztertzeaz eta garatzeaz, eta ordaindutako gastuen jarraipena egingo du.

Sinatutako akordioa lau urterako aurreikusten da, 2021-2024 aldirako eta honekin dagoekeko 21 urte dira hiru erakundeek euskal kulturaren alde elkarrekin lan egiten dutela.

Bizkaian, eta Euskal Herrian

Bingen Zupiriak adierazi duenez, «Labayru beti izan da erakunde estrategikoa Eusko Jaurlaritzarentzat. Bizkaitik Euskal Herri osorako proiekzioa duen erakundea da» eta gaineratu duenez, «Labayru Fundazioa euskararen munduan erreferentzia-erakunde bihurtu da, batez ere Euskal Herriaren sartalde honetan, batez ere sartalde euskara, bizkai euskara ere deritzona, bizi den eta dirauen lurralde honetan».

«Bizkaian du egoitza Labayruk baina adarrak euskararen eremu osoan ditu, eragina eta ekarpena esan bezala euskararen eta euskal kulturaren eremu osorakoa da», gaineratu du Lorea Bilbaok.

Labayru Fundazioa 1977an sortu zen, euskal hizkuntza eta kultura ikertu, sustatu eta zabaltzeko. Helburu horiek lortzeko hainbat arlotan egiten du lan, bai ikerketan, bai dibulgazioan: irakaskuntza, itzulpengintza, herri-ondarearen bilketa, euskararen erabilera normalizatzeko planak, etnografia, lexikografia, toponimia...

Gaika antolatuta dagoen Euskal Biblioteka ezinbesteko osagarria da lan horretarako, eta Euskal Herriari, bere hizkuntzari eta inguruko lurraldeei buruzko ondare bibliografiko eta dokumental baliotsua gordetzen du: liburutegia, hemeroteka, dokumentu-artxiboa, argazki-artxiboa, ikus-entzunezko funtsa, kartelak eta bestelako dokumentazioa, besteak beste liburuxkak, pegatinak, egutegiak...

Labayru Fundazioa euskara mintzatuaren erreferentziazko erakundea da Bizkaian. Alde batetik zerbitzuak ematen ditu: alfabetatze eta euskalduntze eskolak, itzulpenak, euskararen erabilera planak. Eta bestetik, ikerketara bideratutako zentroa da, batez ere euskara, literatura, etnografia eta bibliografia bezalako arloetan. Bi jarduerak hertsiki lotuta daude, ikerketaren emaitzek zerbitzuetan dutelako eragina eta argitalpenen oinarria direlako.