Jon Ormazabal

Zazpi urte geroago bi atzelari izango dira Buruz Burukoaren zortzi onenen artean

2014. urtean Mikel Beroiz eta Jose Javier Zabaleta sailkatu ziren final laurdenetarako baina etxarrendarrak ezin izan zuen Urrutikoetxearen aurkako kanporaketa jokatu dortsaleko gihar batetako lesio baten erruz.

Beñat Rezusta izan da azken urte luzeetan urrutien heldu den atzelaria. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Beñat Rezusta izan da azken urte luzeetan urrutien heldu den atzelaria. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Ez omen dago betirako den gaitzik eta azkenaldian horren errotuta zirudien atzelariek Buruz Burukoan ezer egiterik ez dutenaren uste hori ere zalantzan jartzeko moduan dira Beñat Rezusta eta Jose Javier Zabaleta, egungo zortzi manomanistarik onenen artean sartzea lortu duten bi atzelariak. Ikusteke dago oraindik bergararra eta Etxarrenekoa noraino helduko diren aurtengo txapelketan, baina, momentuz, azken zazpi urteetan gertatu ez dena lortu dute, hau da, bi atzelari finalerdien atarian egotea. Meritua handiagoa da, gainera, txapelketan parte hartu duten bi atzelari bakarrak izanda.

Hori bai, Aspeko bi atzelari hauek dira azken urteetan Buruz Burukoan emaitzarik onenak lortu dituztenak. Bergarakoa da, esaterako, finalerdietara heldu zen azkenekoa. 2017an lortu zuen, final-laurdenetan Jokin Altunari 22-14 irabazita –hori izan da, igandeko Bengoetxearenera arte, atzelari batek aurrelari batek kanporatu duen azkena–. Finalaren atarian, Iker Irribarriari ere lan handiak eman zizkion, 17 tanto lortuta Astelenan.

Gero eta gutxiago

Jose Javier Zabaleta aldiz, 2014ko final-laurdenetara sailkatu zen bi atzelarik batera final-zortzirenak gainditu zituzten orain arteko azken aldian. Egungo Binakako txapeldunak, ordea, ezin izan zuen Mikel Urrutikoetxearen aurkako partida jokatu, dortsalean zuntz haustura txiki bat izan zuen eta. Mikel Beroizek ere ezin izan zuen aurrera egin, Martinez de Irujoren aurka galduta.

Atzelarien parte-hartzean ere mugarri izan zen Iberokoak bere azken Buruz Buruko txapela jantzi zueneko hura, orduan sei atzelarik parte hartu bazuten, –Zabaleta, Untoria, Albisu, Merino II.a, Beroiz eta Barriolak– zenbakiak etengabe egin du behera, iaz bakarrak ere parte ez hartzeraino. Beñat Rezustak Asperen atariko bat jokatu behar izan zuen eta Peio Etxeberriak aukera hori gabe utzi zuen. Kontuan hartzekoa da, esaterako, duela ez horrenbeste, 2002an, 13 izan zirela Buruz Burukoan parte hartu zuten atzelariak –Imaz, Patxi Ruiz, Berna, Zearra, Errandonea, Goñi III.a, Armendariz, Elkoro, Lasa III.a, Errasti, Barriola, Beloki eta Rai– eta hauetarik bik, Belokik eta txapeldun irten zen Barriolak jokatu zuten finala. Ordutik, Patxi Ruizek baino ez du atzelarien artean txapelik jantzi, 2003.an izan zen eta Lizarrakoa izan zen finalerdietara heldu zen azkena, 2010ean.