NAIZ

‘Ane’, ‘Hil kanpaiak’ eta ‘Arzak since 1897’ Transilvaniako Zinema Jaialdian botako dira

Transilvaniako Nazioarteko Zinema Jaialdian ‘Carte Blanche: San Sebastián’ egitasmoaren barruan iazko Donostiako Zinemaldian proiektatutako hamar lan proiektatuko dira, horien artean David Perez Sañudoren ‘Ane’, Imanol Rayoren ‘Hil kanpaiak’ eta Asier Altunaren ‘Arzak since 1897’.

Transilvaniako zinema jaialdiaren egitasmoaren kartela. (NAIZ)
Transilvaniako zinema jaialdiaren egitasmoaren kartela. (NAIZ)

Hitzaldi eta eskola magistralez, emanaldi bereziez, industria jarduerez eta erakusketez osatuta egongo da ‘Spain Focus’ izeneko programa. Programaren barruan ‘Carte Blanche: San Sebastián’ dago, Donostia Zinemaldiko hautespen-batzordeak aukeratu berri dituen Estatuko hamar filmen hautaketa. Bertan dago ‘Sentimental’ (Cesc Gay, 2020), Transilvaniako Zinema Jaialdiak Cluj-Napoca hiriko Unirii plazan instalatuko den pantaila handian uztailaren 23an aire zabalean proiektatuko duen inaugurazio-filma.

Talentu sortu berriei arreta handia eskaintzen dio Errumaniako zinema jaialdiak, eta horren ildotik, aurtengo ediziorako berreskuratu dituen lan gehienak Donostiako New Directors Sailekoak dira. Horrela, ‘Ane’ (David Perez Sañudo, 2020), ‘Hil kanpaiak’ (Imanol Rayo 2020), ‘La última primavera’ (Isabel Lamberti, 2020), ‘Viaje al cuarto de una madre’ (Celia Rico Clavellino, 2018) eta ‘Apuntes para una película de atracos’ (León Siminiani, 2018) izango dira ikusgai Cluj-Napocan.

‘Carte Blanche: San Sebastián’ ekimena Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Erakunde espainiarraren (ICAA) babesarekin antolatu da, eta Zinemaldiko Sail Ofizialean emandako lanak ere proiektatuko dira, hala nola ‘La hija de un ladrón’ (Belén Funes, 2019) film luzea edo ‘Antidisturbios’ (Rodrigo Sorogoyen, 2020) telesaila. Culinary Zineman eskainitako ‘Arzak since 1897’ (Asier Altuna, 2020) ere ikus ahal izango da. Baita RTVE Emanaldiak sailean izandakoak: ‘Explota Explota’ (Nacho Álvarez, 2020) eta ‘Sentimental’ (Cesc Gay, 2020),

«Donostia Zinemaldia, nire topaketa gogokoenetako bat ez ezik (kostaldeko hiri zoragarria da Donostia, gastronomia apartekoa, eta gainera, talde gogotsu batek lan paregabea egiten du lehen mailako zinema-programazio bat antolatzeko), Transilvaniako Zinema Jaialdirako aliatu aparta ere bada, gure hautaketa Espainiako eta Latinoamerikako filmez hornitzen baitu. Eskerrak eman nahi dizkiet antolatzaileei lankidetza berri honengatik, eta gonbidapena egiten diet gure ikus-entzuleei Donostiako menu zinematografikoan kontu handiz aukeratutako platera ugariak dastatzeko», adierazi du Mihai Chirilov Transilvaniako Zinema Jaialdiko zuzendari artistikoak. Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendaria ere pozarren agertu da.

Transilvaniako Nazioarteko Zinema Jaialdia Errumaniako Zinema Sustatzeko Elkarteak eta Transilvaniako Zinema Jaialdiaren Elkarteak antolatzen dute. Lehiaketaren hogeigarren edizioa uztailaren 23tik abuztuaren 1era izango da, osasun publikoa babesteko beharrezko segurtasun-neurriak hartuz betiere.  

2002an sortua, Transilvaniako Nazioarteko Zinema Jaialdia Errumaniako zinema lehiaketa garrantzitsuena da, eta, Donostia Zinemaldia bezalaxe, Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioaren (FIAPF) parte da. Arte zinematografikoa sustatzeko jomuga du Transilvaniako Nazioarteko Zinema Jaialdiak, unean uneko film berritzaile eta ikusgarrienen bidez; halaber, euren lehen edo bigarren filma aurkezten duten zinemagileak biltzen ditu Lehiaketa Ofizialak, ahots berriak aurkitu nahian.

Transilvaniako Zinema Jaialdiak, horretaz gain, batez ere talentu sortu berriengan zentratutako hainbat industria-jarduera egiten ditu, hezkuntza programak garatzen ditu eta, azkenik, Ibilbidearen Sari bat ematen du urtero; besteak beste honako hauek jaso dute Ibilbidearen Saria: Nicolas Cage, Alain Delon, Sophia Loren, Fanny Ardant, Wim Wenders, Catherine Deneuve eta Vanessa Redgrave.