NAIZ
Usurbil

Hondakin industrialak Zubietako erraustegian tratatzeari helegitea jarri dio Usurbilgo Udalak

Zubietako erraustegian hondakin industrialak tratatzearen inguruko erabakiari helegitea jarri dio Usurbilgo Udalak. Bestetik albistea komunikabideen bidez jakin izana ere kritikatu diote Lakuari.

Erraustegiaren aurkako mezua, Usurbilgo udaletxean. (Usurbilgo Udala)
Erraustegiaren aurkako mezua, Usurbilgo udaletxean. (Usurbilgo Udala)

Zubietako errauste-plantan hondakin industrialak tratatzeko erabakiari helegitea jarri dio Usurbilgo Udalak. Lakuako Ingurumen Sailak Ingurumen Baimen Bateratua eguneratu zion plantari otsailaren 12an, «hondakin industrialak kudeatzeak ez duela aldaketa esanguratsurik eragiten» argudiatuta. Horren kontra agertu da Udala eta erabakia baliogabetzeko eskatu du.

Agurtzane Solaberrieta alkateak jakinarazi du helegitea jarri aurretik bi eskaera egin zizkiola Lakuako Gobernuari: batetik, azpiegiturari dagozkion baimen eta izapideetan interesdun izaera onartzea eta interesdun gisa agertzea eta, bestetik, espediente osoa igortzeko. Biak onartuak izan dira.

«Espedientea eskutan, errekurtsoa aurkeztea erabaki du udalak, Zubietako erraustegian hondakin industrialak kudeatzea funtsezko aldaketa dela iritzita», jakinarazi dute gaur. Alkatearen esanetan, nagusiki, bi izan dira errekurtsoa tartekatzeko arrazoiak. «Motibazio falta dagoela, alegia. Administrazio publikoen, kasu honetan, Jaurlaritzaren, betebeharra da ebazpenak behar bezala arrazoitzea, eta kasu honetan betebehar hori nabarmen urratu duela uste dugu: ez du arrazoi bakar bat ere ematen aldaketa ez funtsezkotzat jotzeko. Hau da, ez da inola ere justifikatzen, egiaztatzen edo argudiatzen zergatik aldaketa horiek». Bestetik, «aldaketaren izaera bera, funtsezkoa ote den edo ez, zalantzan» jartzen du udalak.

Legeak dio aldaketa funtsezkotzat joko dela isuriak aldatzen edo handitzen direnean, kutsatzaile berriak kopuru esanguratsuetan sartzen direnean, substantzia edo hondakin arriskutsuen sorrera areagotzen denean eta horrek guztiak pertsonengan eta ingurumenean ondorio kaltegarriak edo garrantzitsuak izan baditzake. «Kasu honetan ez dago dudarik horretaz ari garela, izan ere, jatorri industriala duten hondakinak erraustu nahi dira, eta batzuk, gainera, hondakin arriskutsuak dira», nabarmendu du alkateak.

Haren esanetan, batetik, «nabarmen» egingo du gora plastikoaren errausketak. «Jakin badakigu oso gehigarri kimiko arriskutsuak dituzten plastikoak erretzeak ingurumenean eta herritarren osasunean duen eragin negatiboa». Bestetik, kontuan hartzekoa da Zubietakoa hondakin ez-arriskutsuak errausteko instalazioa dela, eta, beraz, aldaketa «funtsezko» bihurtzen duela erabakiak.

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren doktrina ere aipatu du alkateak. «Zubietako Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren errauste-planta ez dago diseinatuta, eta are gutxiago baimenduta, hondakin arriskutsuak tratatu eta kudeatzeko. Zubietako erraustegia hiri hondakinak tratatzeko azpiegitura bat da, beraz, ulertzen dugu ez duela balio edozein hondakin mota tratatzeko».

Solabarrietak salatu duenez, komunikabideetan Arantxa Tapia sailburuak egindako adierazpenen bidez jakin du Udalak Zubietako errauste-plantan hondakin industrialak kudeatzeko erabakia eta Zaldibarko zabortegiaren auziarekin lotu du: «Bistan da Zaldibarko zabortegiaren hondamendiak eragindako egoeraren ondorioz hartu dela erabaki hau. Izan ere, nola kudeatu lehen Zaldibarrera joaten ziren milaka tona industria-hondakin horiek? Erraz topatu dute soluzioa, Zubietako errauste-plantan errez hondakin industrial batzuk».