NAIZ

Hegaluzearen kanpaina «oso harrapaketa gutxirekin» hasi da

Kantauri itsasoan kanpaina hasi denetik tona bat hegaluze deskargatu da. Denboraldiko lehen alea joan den maiatzaren 31an arrantzatu zuen Pasaiako Kofradiako Gaztelugatxeko Doniene itsasontziak. Avileseko lonja batean saldu zen, kiloko 350,4 euroan. 

Getarian hegaluzea kaxetan sartzen. (Gorka RUBIO/FOKU)
Getarian hegaluzea kaxetan sartzen. (Gorka RUBIO/FOKU)

Donostiako Itsas Etxea kofradiako Jon Elzok hegaluzearen kanpania ahul hasi dela azaldu dio NAIZi: «Kanpania oso harrapeketa gutxirekin hasi da. Oraingoz, inor ez da hamar tona arrantzatzera iritsi». Antxoaren kanpaina bukatu berri dagoen honetan, arrantzaleek ez dute deskargatzeko beste hegaluze arrantzatu. Beraz, porturatu aurretik, Galiziako kostatik beste hamar egun inguru ibiltzea aurreikusten dute. Betiere itsasoaren egoerara moldatuz. Momentuz, itsasoratutako flota gehienak Bizkaia eta Gipuzkoakoak izan dira. 

Denboraldiko lehen tina kiloko 350,4 euroan erosi du supermerkatu kate batek. Tinak 9.950 kilo pisatzen zituen. Beraz, guztira, 32.000 euro inguru ordaindu ditu arrain loteagatik. 

Kuota berria

Europako Batasunak 2021erako hegaluzearen kuota %12,5 handitzea baimendu du. Orain arte, 33.600 tona arrantzatu zitezkeen eta aurten, aldiz, posible izango da 37.801 tonaraino arrantzatzea. Hori horrela, espainiar Estatuko itsasontziek 17.700 tona arrantzatu ahal izango dituzte gehienez. 

Arrantzaleek begi onez ikusi dute Europako Batasunetik etorritako albistea. Izan ere, pasa den urtean, uda betean, abuztuaren 19an, bukatu behar izan zuten kanpania ordurako ezarritako kuota bete zutelako.