Jon Ormazabal

Victorrek Asperekin jokatuko du udan, behin-behineko kontratu bat sinatu ostean

Aurrelari errioxarrak uztailaren batetik irailaren 30era arteko akordio bat sinatu du Eibarko enpresarekin, data honetatik aurrera etorkizunerako beste lan hitzarmen bat eskainiko dioten promesarekin.

Victor Esteban takoak jartzen bere etxe berria izango den Astelena pilotalekuan. (Endika PORTILLO/FOKU)
Victor Esteban takoak jartzen bere etxe berria izango den Astelena pilotalekuan. (Endika PORTILLO/FOKU)

Atzo bi aldeek Eibarren izandako bileran ia dena adostuta utzi ostean, gaur egin du ofizial Aspek Victor Estebanek euren enpresan jokatuko duela duela hurrengo hilabeteetan. Baikoko greba amaitzeko adostutako akordioaren baitan, espero zen zerbait zen Ezcaraykoak Eibarko enpresarekin sinatzea, deigarriena, ordea, sinatutako lan hitzarmena izan da, Aspek argitara eman duenez, udararako «zubi kontratu» bat sinatu du errioxarrarekin, hau da uztailaren 1etik irailaren 30era, honen ondoren lan hitzarmen luzeago bat eskainiko zaion promesarekin. Udan pilotalekuetan zalerik izango ote den zalantzarekin, enpresen egoera ekonomikoa ez da onena eta hori da kontratu hau eskaini izanaren arrazoia.

Azkeneko bederatzi hilabeteetan profesionaletatik kanpo egon ostean, pozarren dago Victor Esteban eman dioten aukerarekin. «Oso eskertua nago Aspe eta Fernando Vidarterekin profesionaletara itzultzeko eman didaten aukerarengatik», azaldu du enpresaren web orrialdean, baina ez ditu bere kideak izandakoak ahaztu nahi izan. «Oso pozik nago erronka berri honen aurrean eta baita ere nire kideekin, eurei esker heldu baitzait aukera hau», gaineratu du.

Mariezkurrrena, zain

Iosu Eskiroz eta Unai Lasok Baikon eta Victor Estebanek Aspen lekua topatu ostean, Jon Mariezkurrena da Bilboko enpresaren grebaren baitan kanpoan geratu zirenetatik, momentuz, kontraturik gabe dagoen pilotari bakarra. Berriozarreko atzelariak Asperekin jokatu zuen Binakakoa, baina akordioa txapelketak irauten zuen bitartekoa zen eta, printzipioz, txapelketa bukatuta Eibarko enpresarekin jarraitu behar bazuen ere, Baikok buruan zituen beste mugimendu batzuk eman ez direnez, Jon Mariezkurrenak Bilboko enpresan amaituko du berandu baino lehen.