Asier Aiestaran

Jon Ander Peña tolosarrak beste hiru urterako sinatu du kontratua Baiko Pilotarekin

Aurrelari gipuzkoarrak Binakako Txapelketa bikaina jokatu du, Jon Ander Albisurekin finaleraino helduz, eta Bilboko enpresaren itxaropen handienetako bat bilakatu da datozen urteetarako.

Jon Ander Peña une gozoak bizitzen ari da debutatu eta ia bost urtera (Andoni CANELLADA / FOKU)
Jon Ander Peña une gozoak bizitzen ari da debutatu eta ia bost urtera (Andoni CANELLADA / FOKU)

Jon Ander Peña tolosarrak beste hiru urterako luzatu du Baiko Pilota enpresarekin duen kontratua. Aurrelari gipuzkoarrak Binakako Txapelketa bikaina jokatu du, Jon Ander Albisurekin finaleraino helduz, eta Bilboko enpresaren itxaropen handienetako bat bilakatu da datozen urteetarako.

Peña II.ak 23 urte ditu, 24 egingo ditu datorren uztailaren 18an, eta jada lau urte eta erdi luze daramatza profesionaletan, debuta 2016ko urriaren 8an egin baitzuen Tolosan bertan, etxeko Beotibar pilotalekuan.

Denbora horretan Promozio mailako aurrelari onentsuena izan da. 2019an Promozioko Lau eta Erdiko Txapelketa irabazi zuen eta “bigarren” maila horretan beste lau final ere jokatua da, nahiz eta galdu egin zituen: Binakakoak 2017an eta 2020an, eta Lau eta Erdikoak 2017an eta 2018an.

Aurtengo Binakakoan dizdira egin arte, lehen mailako txapelketetan ez du inoiz askorik luzitzea lortu, baina iazko udan aurrera pauso nabarmena eman zuen. Caixabank Mastersean sartu zuen Baikok Oinatz Bengoetxearen ordez eta sekulako partidak jokatu zituen. Defentsan asko ari da hobetzen eta erasoko jokoa natural irtetzen zaio.

«Oso pozik nago Baikorekin kontratua hiru urtez luzatu izanaz. Uste dut momentu onean harrapatu nauela kontratu berritze honek eta akordio berri honek konfiantza emango dit aurrera jarraitzeko», eskertu du aurrelariak Baikok zabaldutako adierazpenetan.