NAIZ

Orbe-Arruti eta Izetatarrak gailendu dira binakako pentatloian

Lucia Orbe eta Garazi Arruti nagusitu dira emakumezkoen aurreneko pentatloian, Karmele Gisasola eta Uxue Ansorregi bikotea mendean hartuta. Gizonezkoetan, Andoni Iruretagoienak irabazi du berriro, oraingoan bere osaba Izeta III.arekin batera, iaz Arria V.arenarekin egindako denbora hobetuz.

Larunbat honetan aurreneko aldiz jokatu da emakumezkoetan pentatloia. Tolosako zezen plazak herri-kirolen jardunaldi erakargarria jaso du eta parte hartu duten bi bikoteek maila ona eman dute, erreferentziarik gabe jardun diren arren. Hala, Lucia Orbe eta Garazi Arrutik 29 minutu eta 45 segundoan amaitu dituzte lanak, Karmele Gisasola "Zelai III.a" eta Uxue Ansorregi baino kasik bi minutu lehenago amaituta. 

Aurrez espero zen hiru bikotek parte hartzea emakumezkoetan baina azkenean ezin izan dute lehiatu Claudia Lucia Muñoz eta Julia Martinezek. 

Emakumezkoen binakako lehen pentatloia irabazi berritan oso pozik agertu dira Orbe eta Arruti. Onartu dute «oso urduri» jardun direla eta horren erruz, zenbait akats egin dituztela. Aizkoran are gehiago urduritu direla ere adierazi dute eta hor aurkariak hurbildu egin dira. Nolanahi ere, ezin izan dute denbora irauli "Zelai III.a" eta Ansorregi. 

Hauek penatuta agertu dira. «Amorratuta», Uxue Ansorregik ondo zehaztu legez. Hala ere, lanak bukatzeagatik harro ere sentitu dira. 

Gizonezkoetan, sei bikote iritsi dira larunbat honetan jokatu den final handira, maiatzaren 22an jokatutako kanporaketan denbora onena egin zuten bikoteak, alegia. Bi txandatan aritu dira eta bigarrenean lehiatu diren Andoni Iruretagoiena "Zelai VI.a" eta bere osaba Jesus Mari Iruretagoiena "Zelai III.a" gailendu dira, iazko txapeldunen marka 34 segundoz hobetuz. 

Iaz, hain zuzen ere, gizonezkoetan lehen aldiz jokatu zen binakako pentatloi txapelketa eta Zelai VI.ak Arria V.arekin batera jantzi zuen txapela. Aurten, garaipena errepikatu du osabarekin eta onartu duenaren arabera, honek «denbora luzez segitzeko indarra» ematen dio. 

Lehen txandan Mikel Larrañaga eta Jon Unanue "Goenatxo III.ak" eginiko denbora ederki asko hobetu dute Zelaitarrek, 40 minutu eta 24 segundutan bete baitituzte lanak. Bigarren sailkatuak Jon Gisasola "Zelai V.a" eta Ioritz Gisasola "Zelai IV.a" 43 minutu eta bost segundoko denborarekin. Larrañaga eta Goenatxo III.ak osatu dute podiuma (44:05). 

Emakumezkoen probako sailkapena:

1. Orbe-Arruti 29:45
2. Ansorregi-Gisasola "Zelai III.a" 31:27

Gizonezkoen probako sailkapena: 

1. Izeta III.a-Izeta VI.a 40:24
2. Zelai V.a-Zelai IV.a 43:05
3. Unanue-Larrañaga 44:05
4. Errazkin-Mugertza 44:56
5. Amade-Irazabal 45:33
6. Peñagarikano-Etxeberria 49:32