Jon Ormazabal

12-2ko alde bati ihes egiten utzi eta punturik gabe jarraitzen dute Olaizola II.a-Zabaletak

Altuna III.ak eta Arangurenek lider bezala egin dute lo, beste lehia oso gorabeheratsu batean Peio Etxeberria-Albisuri 22-19 gailenduta.

Jokatutako hiru partidak galduta, gauzak asko zaildu zaizkie Olaizola eta Zabaletari. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Jokatutako hiru partidak galduta, gauzak asko zaildu zaizkie Olaizola eta Zabaletari. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Oraindik asko geratzen da, baina gauzak ikaragarri zailtzen ari zaizkie Mastersa aurkeztu zuten egunean faborito gisa azaldu ziren Olaizola II.a-Zabaletari. Hiru partida jokatu eta hirurak galtzea gutxi ez bart Zestoan sekulako kolpea eraman dute, oso bideratuta zuten partida bati, 12-2 ere aurreratu dira, ihes egiten utzi baitiote euren bigarren garaipena eskuratu duten Urrutikoetxea-Martijaren aurka (20-22). Zeanurin, berriz, partida oso gorabeheratsu baten ostean, Altuna III.a eta Aranguren lider bezala joan dira ohera, Peio Etxeberria eta Albisuri 22-19 gailenduta.

Aurreko astean eskuko minez partida jokatzeari uko egin ostean, indarrean itzuli da Jose Javier Zabaleta kantxara eta, Martijari erabat nagusituta eta Aimar Olaizolak oso ondo lagunduta, aitaren batean egin dute ihes markagailuan, partida ia erabakita uzteraino 6-0, 10-1 eta baita 12-2 ere. Hortik aurrera, ordea, partida goitik behera aldatu da Urrutik eta Martijak behetik gora egin dute nabarmen eta buelta ikusgarria eman diote partidari 20-22 irabazita Zaratamokoak gantxoz egindako azken tanto bati esker.

Luze eta gogorra Zeanurin

Zeanurin ere handiak izan dira gorabeherak eta azkenerako, partida oso borrokatu baten ostean, Jokin Altunaren argitasunak garaipena eman die amezketarrari eta Arangureni, 22-19 Peio Etxeberria eta Albisuren aurka.

Lehiak hiru zati izan ditu nabarmen. Lehenengoan egungo Buruz Buruko txapelduna nabarmendu da guztien gainetik. Pilota azkar batekin, tantoa azkar amaitzen asmatu du aurrelari gipuzkoarrak eta erraz egin dute ihes markagailuan 6-1 eta 9-4. Atzean ere, Albisuk ez du espero zitekeen nagusitasunik erakutsi eta urdinei kosta egin zaie partidan sartzea.

Baina ez dute etsi, pilota motelago bat jarri dute jokoan eta material horrekin askoz erosoago aritu da ataundarra. Aranguren izan da orduan erraztasunak eman dituena eta gainera, 9-8koan kolpe handi xamar bat hartu du eskumuturrean Peio Etxeberriak boleaz jotako pilotakada bat zabaletik eramaten saiatu denean. Partida dezente gogortu da eta sufritu egin du bikote gipuzkoarrak 10-12.

Atsedenetik bueltan, ordea, partidari beste buelta bat emateko gai izan da Jokin Altuna. Amezketarraren aurka, Peio Etxeberria ez da aurreko asteetan bezain ausart eta eraginkor aritu, Jon Ander Albisu ere nekatu antzean sumatu dugu eta garaipena Altuna-Arangurenentzat izan da 22-19. 

 

FITXA TEKNIKOA:

Altuna III.a-Aranguren: 22

Peio Etxeberria-Albisu: 19

Pilotakadak: 712. Iraupena: 75,46 minutu. Markagailua: 0-1, 6-1, 6-2, 7-2, 7-3, 8-3, 8-4, 9-4, 9-11, 10-11, 10-12, 12-12, 12-13, 16-13, 16-17, 21-17, 21-19, 22-19.  Sakeak: 1 Altuna III.ak eta 1 Peio Etxeberriak. Tantoak: 9 Altuna III.ak, 2 Arangurenek, 7 Peio Etxeberriak eta 3 Albisuk. Hutsak: 4Altuna III.ak, 4 Arangurenek, 5 Peio Etxeberriak eta 6 Albisuk. Gorabeherak: Zeanurin jokatu da Masterseko hirugarren jardunaldiari zegokion partida.