Mikel Chamizo
Interview
Stefan Kagl
Organista

«Euskal Herriko paisaiak eta doinuak irudikatu ditut nire 'Euskal Suitean'»

Musika Hamabostaldiaren Organo Zikloa erdialdera iritsiko da gaur, eta, horrekin batera, aurtengo edizioan gehien espero den hitzorduetako bat helduko da, Artzain Onaren katedralean, Stefan Kagl organo-jotzaile alemaniar ospetsuak eskeiniko duen emanaldia.

Stefan Kagl organista Donostian izango da gaur. (J. SKODELL)
Stefan Kagl organista Donostian izango da gaur. (J. SKODELL)

Ostegun honean eskainiko duen emanaldian Musika Hamabostaldiaren enkarguz konposatu duen ‘Euskal suitea’ estreinatuko du Stefan Kaglek, hamaika doinu herrikoi ezagunen izaerak jaso eta berrasmatzen dituen organorako pieza.

Proiektuak sortze prozesu luzea izan du, eta Kaglek Euskal Herrira eta Bretainiara egindako bisitetan du bere jatorria. Bi nazio hauen artean paralelismo argiak aurkitu zituen organista alemaniarrak. «2015ean gonbidatu ninduten lehen aldiz Euskal Herrira», gogoratu du Kaglek. «Hiru kontzertu eman nituen hemen urrian, Azkoitian, Usurbilen eta Deban. Baina lehentxeago, udan, Bretainiako Festival des Filets Bleus jaialdian aritu nintzen, eta eskualde hartako folk musika asko entzuteko aukera izan nuen. Txundituta utzi ninduen, gero hona iristean, Bretainiako eta Euskal Herriko kulturaren artean hainbeste antzekotasun zeudela aurkitzeak: hizkuntza, itsasoa, arrantzaleak eta, nolabait, baita musika ere».

Kaglen lehen bultzada abesti bretoiei buruzko suite bat idaztea izan zen, baina Esteban Elizondok, Euskal Herriko organoaren bultzatzaile nekaezina eta Musika Hamabostaldiaren zikloaren koordinatzailea, suite hori euskal kantu herrikoietatik abiatuta konposatzeko konbentzitu zuen. «Elizondok materialak bidaliko zizkidala ziurtatu zidan, eta bat-batean 120 euskal kanta herrikoi iritsi zitzaizkidan etxera», barre egin du Kaglek. «Prozesu luzea izan zen guztien artean aukeratzea, denak gustatzen zitzaizkidalako. Hasieran 50 aukeratu nituen, baina hainbeste materialarekin obra oso luzea aterako zen. Azkenean, joan eta etorri askoren ostean, 11 abestirekin geratu nintzen».

Azken aukeraketan sartu ziren abestiak erabakitzeko irizpidea bere izaera melodikoa eta suite batentzako barietatea izan zezatela izan zen. Suitea mugimendu labur kontrastatzaileen segidagatik bereizten den forma bat da, azken finean. «Jai giroa duen zerbaitekin hasi nahi nuen, gero samina transmititzen duen melodia batekin jarraitzeko, eta geroago zerbait prozesionala, dantzatzeko piezak, harmonia triste eta alaiak... Euskal musikaren izaeraren aniztasuna azpimarratu nahi nuen». 11 mugimenduak ‘Marcha de San Sebastián’, ‘Oñazez’, ‘Hiru damatxo’, ‘Mendian gora haritza’, ‘Zortzikoa’, ‘Gorago Beti’, ‘Txalopin txalo’, ‘Dira, dira’, ‘Txakolin’, ‘Argizagi ederra’ eta ‘Contrapax’ dira.

Estiloari dagokionez, publikoak ez du espero behar doinu horien bertsio abangoardistarik. «Musikari praktikoa naiz, asko inprobisatu dut eta inprobisazioa irakasten dut, eta suitea normalean lantzen dudan ildo estilistikoan egina dago. Hizkuntza tonala da, nire maisu Jean Langlaisen konposizioen ildoan, Frantziako doinu folklorikoetan oinarritutako lan asko egin baitzituen», esan du.

Erreferentzia gisa, Kaglek Joseph Cantelouberen ‘Auverniaren kantak’ aipatu ditu. Doinu herrikoien fisonomia errespetatu egiten dute eta moldaketek atmosfera edo paisaia batean kokatu dituzten doinu horiek. «Nire suitean Euskal Herriko atmosfera irudikatzen dut» –dio Kaglek–. «10 urte daramatzat hona etortzen eta asko gustatzen zait lurralde hau. Oraintxe bertan, Orion nago eserita, ikuspegi ederrekin, eta paisaia horiek harrapatzen saiatu naiz nolabait, danbolinen, txistuen eta beste tresna folkloriko batzuen soinuekin batera».

Kolorez beteriko organo bat

Organistena mundu berezia da; biolinista, flautista edo gitarrista batek beti bere instrumentua darama gainean eta oso ondo ezagutzen du, baina organisten kasuan, eurek egokitu behar dira aldiro joko duten organora eta, noski, instrumentu bakoitzak bere baliabide eta ezaugarri bereizgarriak ditu. Musika Hamabostaldiaren Organo Zikloak garrantzi handia ematen dio gainera Gipuzkoako organo ondareari, munduko garrantzitsuenetako bat bait da probintzian biltzen diren kalitate handiko instrumentuen kopuruagatik. Hala, zikloaren kontzertuen erdiak Donostiatik kanpo egin ohi dira, interes bereziko organoak dituzten elizetan. Aurtengo udan, Ataun, Usurbil, Azpeitia, Zumaia, Tolosa, Azkoitia eta Debara joango da.

Kaglen kontzertua Donostian izango da, baina bere emanaldia instrumentu oso berezi baten ezaugarrietara egokitu beharko du; izan ere, bere ‘Euskal suitea’ eta joko duen beste lana, Mussorgskiren ‘Erakusketa bateko koadroen’ moldaketa, penintsulako eliza-organo handienetako batean joko ditu, Artzain Onaren katedrala babesten duen organo neoklasikoan hain zuzen ere.

Bere eskuzko bost teklatuekin, pedal-teklatuarekin eta 125 jokoekin, tresna bikain honek kolore, tinbre eta efektu espazialen malgutasun handia eskaintzen du, beste organo askoren eskura ez dauden baliabideak. Kaglentzat ez da erronka berria, aurretik instrumentu handiekin lan egin bait du –Parisko Notre-Damen edo Londresko St. Paul katedraletako organoekin, adibidez–, baina, badaezpada ere, Artzain Onaren organoa aztertzeko behar besteko aurrerapenarekin iritsi da Donostiara.

«Organoarekin lan egiteko aukera izan dut azken egunetan eta oso tresna interesgarria da, aukera askorekin», uste du Kaglek. «Organo post-sinfoniko tipikoa da, 50. hamarkadako ezaugarriak dituena, kolore xehetasun askorekin eta efektu inpresionistak sortzeko bereziki egokia. Soinu oso bereziak sor ditzake tronpeta eta kaina erregistroekin, eta hori aprobetxatu egingo dut, bai ‘Euskal suitean’, bai Mussorgskyren ‘Koadroen’ moldaketan».

Azken sorkuntza hau, bide batez, paradigmatikoa da orkestratzaileen artean. Konpositore errusiarrak pianorako jatorrizko partitura sortu zuen 1874an, baina XX. mendean zehar, beste konpositore batzuek zerbait berezia ikusi zuten bere orrialdeetan, orkestrarako hamaika aldiz egokitua izatera eraman zuena. Konpositoreez gain, Henry Wood, Leopold Stokowski, Leonard Slatkin edo Jukka-Pekka Saraste bezalako zuzendari handiek ere orkestratu izan dituzte ‘Koadroak’, baina bertsiorik ospetsuena, zalantzarik gabe, Maurice Ravelek 1922an sinatu zuena da, musikaren historiako orkestraren erabileraren gailurretako bat dena.

Organo bat bere barnean orkestra baten kolore guztiak dituen instrumentu bat da, modu batean, baina Kagl pianorako bertsiotik abiatuko da. «Jakina, Ravelen bertsio zoragarriak inspiratzen zaitu beti», aitortu du, «baina pieza hau ezberdina izan daiteke organo bakoitzean, eta oso ariketa interesgarria da organo bakoitzak eskeintzen dizkidan aukeretara egokitzea. Artzain Onarenak aukera koloretsuak eskaintzen dizkit, aprobetxatu nahi ditudanak».

Kaglen iritziz, oso alde handia dago orkestra-zuzendari eta organo-jotzaile baten artean, moldaketa bat egiterako orduan. «Zuzendariek tinbreak eta efektu orkestalak buruan irudikatu eta gero partituran islatzen dituzte idea horiek. Organistak, ordea, organoaren aurrean esertzen gara eta instrumentuaren teklatuan garatzen dugu gure bertsioa. Eskura ditugun soinuekin zuzenean lan egiten dugu, eta horregatik, aldiro pixka bat desberdina izan daiteke gure moldaketa, organo bakoitzarentzat egokiena izango den bertsioa garatzen dugulako».

Stefan Kaglen emanaldia 20.00etan hasiko da Artzai Onaren katedralean eta sarrera doan da gonbidapenarekin (Musika Hamabostaldiaren bulegoan daude eskuragarri).