Iraide Ibarrondo

Suizidioei buruzko tabua astindu du Aitziber Garmendia aktorearen lekukotasunak

Duela hamalau urte Aitziber Garmendiaren bikotekideak bere buruaz beste egin zuen. Aktoreak bere lekukotasuna eta doluaren bizipena azaldu ditu sare sozialetan «gauza hauetaz hitz egiten hasteko» eta «egoera honetan daudenei laguntzeko».

Aitziber Garmendiak bere hausnarketekin batera instagramera igotako argazkia (@aitzigarmendia)
Aitziber Garmendiak bere hausnarketekin batera instagramera igotako argazkia (@aitzigarmendia)

Eustat Euskal Estatistikaren Erakundeak argitaratutako datuen arabera, 184 pertsonak egin zuten beren buruaz beste 2020an EAEn. Horrek esan nahi du ia 48 orduro pertsona batek bere bizitzarekin amaitzea erabaki zuela. Hortaz, Osakidetzak plazaratutakoaren arabera, suizidioa da heriotza ez naturaleko lehen kausa indarkeriazko heriotzako beste kausen gainetik. Jende gehiago hiltzen da bere buruaz beste eginda trafiko-istripuetan baino.

Pertsona bat lan istripu batean edota coronavirusak jota hiltzen denean, albistegiak irekitzen dira horren berri emanez. Aldiz, norbaitek bere buruaz beste egiten badu, ez da arazo sozial bat bezala interpretatzen eta ez zaio interes informatiborik esleitzen. Hala ere, datuak eskuetan izanik, argi dago suizidioenak ez direla kasu isolatuak eta guztion artean heldu beharreko arazo bat dela.

Twitter eta instagramen ostegunean argitaratutako mezuan, Aitziber Garmendi aktoreak jakinarazi du bikotekidearen heriotzaren ostean uste zuela ez zuela sekula «suizidio hitza ahoskatzeko adorerik izango». Mezuaren hurrengo lerroetan, «garrasi mutu bat» eta «errua» besterik ez zela azaltzen du aktoreak. «ERRUA» idatzi du zehazki, hizki handiz.

 

 

 

 

Adierazpen lazgarri hauen ostean, Garmendiak gauza hauei buruz hitz egiten hasteko unea dela azaldu du: «Bada garaia egoera honetan daudenei laguntzeko. Bada garaia sare sozialetan gure hauskortasuna erakusteko». Bai eta lortu ere, mezuak oihartzun handia izan baitu. Eta jasotako erantzun gehienetan, bere saminarekin bat egiteaz gain, gai honi aurre egitearen beharra nabarmendu da.

Errudun sentsazioaren inguruan, Garmendiak ondorioztatu du, hamalau urteren ostean, badela garaia bere burua barkatzen hasteko. Hala ere, agerian utzi du suizidio baten dolua mingarria eta luzea dela: «Gaizka, hamalau urte, eta oraindik ez dut telefonotik zure izena eta zenbakia ezabatzeko ausardiarik bildu».

Samin guztiaren erdian, itxaropenezko mezu batekin bukatu ditu bere adierazpenak Garmendiak: «Hautsi egin nintzen, baina pusketa txikiez osatutako beste NI bat sortu dut».

Aktoreak pandoraren kutxa ireki ostean erreakzioak segidan iritsi dira. Ehunka maitasun eta elkartasun mezu jaso ditu aktoreak eta erabiltzaile askok eskerrak eman dizkiote bere testigantza partekatzeagatik. Gainera, aktoreari Euskal Telebistako ‘Barre Librea’ programan egindako ekarpena eskertu diote behin eta berriz.

  

  

  

  

Suizidioari buruzko mito faltsuak

Ezjakintasunak eta arazo sozial hau tabu bihurtu izanak suizidioari buruzko mito faltsu ugari sinestaraztera eraman gaitu. Osakidetzak mitoetako asko gezurtatu ditu bere web orrialdean.

Hasteko, suizidioari buruz hitz egiteak ez ditu suizidioak eragiten. Alderantziz, Osakidetzak dioenaren arabera, horren inguruan mintzatzeak ez du «ideiarik ematen» eta «hobeto sentiarazten du eta arriskua murrizten du».

Bigarrenik, Osakidetzak ohartarazten du edozein suizidio mehatxu «benetako arriskua» dela eta «serioan» hartu behar dela dagokion garrantzia emanez. Horregatik, osakidetzak baieztatzen du komeni dela galdetzea. Izan ere, bere buruaz beste egin dutenen %80k, gutxi gorabehera, beren asmoen berri eman zuten suizidioaren aurretik.

Hortaz gain, Osakidetzak ohartarazten du itxurazko arazo larririk ez duen jendeak ere suizidioan pentsa dezakeela. Askotarikoak izan ahal baitira pertsona bat erabaki hori hartzera bultza dezaketen arrazoiak.

Bukatzeko, Osakidetzak dio bere buruaz beste egitea erabaki duen edo depresio larria duen pertsona batek «zalantzak» izan ditzakeela eta horrek suizidioa ekiditeko bideak zabaltzen dituela. Izan ere, pertsona ugarik pentsatu dute beraien buruaz beste egitea bizitzako uneren batean eta «horrek ez du esan nahi burua galdu dutenik». Sintomak, prebentzioa eta doluaren inguruko informazio gehiago Osakidetzako web orrian dago eskuragarri.