Arnaitz Gorriti

Sasoi puntuek gezurrik ez badiote, bina hautagai daude soilik Kontxa irabazteko

Alde oso txikiak izanagatik, Hondarribia eta Santurtzi batetik eta Arraun Lagunak eta Orio bestetik, horiek dira benetan Kontxako badian luzitu beharko luketenak. Gainontzeko irabazlerik balego, sekulako sorpresa litzateke, prebisioen arabera ez delako itsaso larregirik espero.

Alde murritzagatik bada ere, Hondarribiak hogeita hamaika eskutik dauka bigarren igandeari begira. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Alde murritzagatik bada ere, Hondarribiak hogeita hamaika eskutik dauka bigarren igandeari begira. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Kronometroek ez diote gezurrik, baina ezta sasoi puntuek ere. Igandeko Kontxako Banderaren bigarren ekitaldiari begira, zapatua aprobetxatu dute hainbat taldek azken entrenamenduak egin eta azken orduko erabakiak hartzeko.

Segundoei so eginez gero, hala gizonezkoen estropadan nola emakumeenean bi hautagai baino gehiago daude, baina abuztutik aurrera arraun munduak erakutsi duen errealitatea aintzat hartuta, Hondarribia eta Santurtziren parean ez dago inor, ezta Zierbena ere, gizonen estropadati dagokionez, eta emakumeei dagokienez, Donostiarrak nekez emango dio buelta Arraun Lagunak eta Oriorekiko duen aldeari.

Igandera begira itsaso txarra balego bederen! Baina ez da halakorik. Itsasbehera 8.45ak aldera izango dute arraunlariek eta hasiera baten hego haizea izango bada ere, iparralderantz mugitzen joango omen da, prebisioen arabera. Horren guztiaren ondorioz, metro erdiko olatutxoak izango dituzte. Ezin esan platera bezain bare egongo denik eta litekeena da joan zen asteburuan baino marka ez hain onak ikustea, errekorrak hautsiz edo hausteko punturaino hurbilduz. Hala ere, itsasoaren zeresana baino, arraunlarien indarrean eta abilezian egongo da Kontxako 2021. urteko Bandera nora joango den.

Ohikoa den legez, emakumeek emango diote hasiera lehiari, 10.00etatik aurrera, eta ohorezko txandan Euskotren Ligan aritu diren lau ontziak neurtuko dira ostera ere. Joan zen igandean aparte aritu ziren Orio eta Arraun Lagunak eta «Lugañeneren» alde 1,44 segundoko aldea izan zen bien artekoa. Zortzi segundo pasatxora Donostiarra geratu zen eta Hondarribia laugarren. Zaila dirudi aurreneko bien atzetik datorren inork halako aurrerakada itzelik egitea.

Dena den, nahikoa emozio bada Arraun Lagunak eta Orioren artean. Traineru erdiren aldea ere ez da 1,44 segundo eta ziabogan, olatu bat hartu edo ez hartzean, arraun galtze batean... edo kale zozketan egon liteke bataren edo bestearen arteko azken aldea. Azken bi denboraldietan «mirotzak» nagusi izan dira, baina Euskotren Liga irabazi berritan, eta sailkapen estropadan zein aurreneko igandean denborarik onena egin ondoren, Arraun Lagunak izango da faborito, alde eskasa duen arren.

Betelanik ez

11.00etatik aurrera ekingo diete gizonek lanari. Ez da oso ohikoa Kontxako banderako bigarren igandean aurreneko txandan ariko den norbaitek trapua eskuratzeko aukera izatea. Ia lortu zuen Pedreñak 2005ean, eta kanporatu izan ez balute, Bandera irabazi ere bai –azkenean Hondarribiarentzat izan zen saio polemiko hura–. Baina orduko hartan itsaso oso petrala egokitu zitzaien arraunlariei eta aurten ez dago halakorik. Alabaina, Donostiarrak, nahiz eta logikari so eginez gero, nekez irabaziko duen, badu aukera nimiño bat.

Bederatzi segundoko atzerapena dute etxekoek «Ama Guadalupekoarekiko» eta, tira, ezin esan aurreneko txanda betelan hutsa denik. Ikusi egin behar donostiarren zernolako estropada burutzen duten eta eipatu haizearen aldaketak edo dena delakoak ohorezko txandari eragiten dion ala ez.

Hori bai, gauzak normal joanez gero, betiko moduan ohorezko txandatik aterako da azken garailea. Nerbioei eusten jakin behar arraunean ondo egiteaz gain; Hondarribiak hiru segundoko zigorra jaso zuen joan zen igandean arinegi martxan jartzeagatik eta deskuidoan halako aldeagatik Kontxako Bandera beste norabait joango balitz, azken hiru urteetako ohitura hautsiz, egundoko okerra egingo lukete «bikingoek».