Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Udako telesailik onenak

Telesailen zurrunbiloak aspaldi irentsi ninduen eta uste dut berandu nabilela hortik ihes egiteko; beraz, zerrenda hauek erabiltzen ditut lasaigarri moduan. Pentsatu nahi dut zuri ere baliagarriak izango zaizkizula, estreinaldi tsunami horren barruko proposamenetan ez itotzeko.

The White Lotus
The White Lotus

‘The White Lotus’

HBO / 6 atal

Udako fenomenoa bilakatu den ekoizpen aparta. Pertsonaia jasanezinak eta gorrotagarriak, baina era berean maitagarriak biltzen dituena. Umore beltzak gainezka egiten duen gidoi biribila eta elkarrizketa ironiko eta zorrotzez hornituriko trama oso entretenigarria. Astebetez luxuzko resort tropikal batean erlaxatzeko intentzioa duten pertsona aberats jakin batzuen oporrak erretratatzen dituen telesaila da. Atalak igaro ahala, ordea, guztia korapilatzen eta iluntzen joango da azken traka apoteosiko batera iritsi arte. Osagarri horiekin guztiekin, modu satirikoan jorratzen ditu gizarte klaseen arteko desberdintasunak eta horren erruz izaten dituzten identitate krisiak. Udako telesail onena dela esatea besterik ez zait geratzen. Ikusi. Ez zara damutuko.

‘Time’

MOVISTAR / 3 atal

Zer-nolako erakustaldia eskaintzen duten Sean Bean eta Stephen Graham aktoreek hiru atalez osaturiko telesail motz honetan. Kartzelako drama xumea, iluna, baina aldi berean hunkigarria. Britainia Handiko kartzela sistemaren erretratu gordina azaltzeaz gain, bizitzan hartutako erabaki txarrek amildegira eramandako pertsonei buruzko erradiografia zehatz bat ere erakusten du. Istorio honetako bi protagonista nagusiak legearen alde banatan daude, baina biak etsaitasunezko ingurune batean bizirauten saiatzen dira. Sean Beanek erruak oinazetutako gizon bat gorpuzten du, Mark Cobden, kartzelan sartu aurretik pertsona arrunta, aita eta irakaslea dena. Bat-batean, bere bizitza goitik behera aldatu eta lau urteko zigorra bete beharko du. Beste aldean, aldiz, Eric McNelly kokatzen da (Stephen Graham izugarri, betiko moduan), presondegiko funtzionario beteranoa, hainbat preso talderen babesaz eta kudeaketaz arduratzen dena. Itxura zakarra duen arren, McNellyk bere lana zintzo betetzen du eta presoei egunero behar duten horretan laguntzen saiatzen da. Abilezia txundigarriz, Lewis Arnold zuzendariak eta Jimmy McGovern-en gidoi bikainak bi pertsonaia horien barnean murgilduko gaituzte eta lehen segundotik lagunduko diegu beren infernu pertsonaletara egiten duten bidaia horretan. Zuzendaritza lan paregabez, gidoi biribilez eta interpretazio bikainez bildutako istorio zuzena, bortitza, errealista eta oso gordina. 2021eko ezinbesteko horietakoa.

‘Dr Death’

STARZ / 10 atal

Benetako istorio beldurgarri batean oinarritzen den telesaila. Christopher Duntsch doktorea itxuraz neurozirujau bikaina zen; karismatikoa, adeitsua eta oso profesionala. Ebakuntza mahaitik igarotzen ziren gaixoak, mutilatuak, zaurituak, iristen ziren baino larriago ateratzen zirela edo heriotza eragiten zietela deskubritu zuten arte. Duntschen istorioa, lehen aldiz, izen bereko podcast oso arrakastatsu batean kontatu zen. Neurokirurgialari, nartzisista eta ezgaia, ala bere pazienteak zauritzen gozatzen duena? Pertsonaia beldurgarri hori gorpuzten Joshua Jackson ezaguna dugu, Alec Baldwin eta Christian Slaterrekin batera (Duntschek medikuntzan jarduteari utz diezaion lanean hasten diren bi zirujau).

Telesailak bi alor lantzen ditu hobekien, nire ustez. Pertsonaiaren anbiguotasuna, batetik: piramide sozialean eskalatzeko lanbide garrantzitsu bat erabili zuen egozentriko ezgaia ala ebakuntza kirurgikoak erabiliz mina eta sufrimendua eragiten gozatzen zuen psikopata? Bestetik, Amerikako osasun sistema pribatizatuaren salaketa nabarmena. Bere bizitza pertsonala ikertzeaz eta azaltzeaz gain, urteetan oharkabean pasatzen utzi zion sistema zalantzan jartzen baitu: ospitaleen, sektoreko enpresen eta estatu federalen artean ia komunikaziorik ez duen sistema hondatua.

‘For All Mankindevs’

APPLE TV / 2 denboraldi

Telesail honen bigarren denboraldia ez da justu udan estreinatu, baina garai hau erabili dut zintzilik neukalako estreinatu zenetik. Gerra hotza ilargian. Horrela laburbilduko nuke telesailaren mamia: “The Morning Show”-ekin batera, sagar hozkatuaren plataformak egin duen telesail onena. Istorioa errealitate alternatibo batean hasten da garatzen, non sobietarrek ilargira iristeko lasterketa irabazten dieten amerikarrei. Ukronia batean kokatzen gaituela esan daiteke, beraz. Gertaera zehatz hori salbu, 70eko hamarkadako unibertsoa gurearen bera da, baina hortik aurrera tximeleta efektua bailitzan dibergitzen hasiko da, gertaera jakin horrek ondorengo hamarkadaka guztiak betiko aldatuko dituen arte. Arrazaren araberako bereizketa, emakumearen gutxiespena, homosexualen jazarpena eta gerra hotzaren paranoia ere erakusten ditu telesailak. Aitzakiaren bat jarri beharko banio, ikuspegi “amerikarregia” duela esango nuke.

‘Nine perfect strangers’

AMAZON / 8 atal

Uda amaierako ezinbesteko telesaila, ikuslea hasieratik harrapatzeko osagarri guztiak biltzen dituena. Ezaugarri (oso) desberdinak dituzten eta bizi-etapa desberdinetan dauden bederatzi pertsonaia, Marsha (Nicole Kidman) eszentrikoak zuzendutako ongizate-erretiro moduko batera joaten dira, Tranquillum izenekora. Telesailak hamar eguneko bidaia pertsonal eta espirituala marrazten duten zortzi atal aurkezten ditu, pertsonaiak biluzten eta bakoitzak bere motxila pertsonalean dituen drama, trauma eta beldur guztiak erakusteko denbora ematen duen bitartean. Porrota, antsietatea, traizioa, beldurra, lotsa edo errua bezalako osagarriak topatuko dituzu motxila horien barnean. Bederatzi pertsonaia berezi horiek gorpuzten aho zabalik uzteko moduko aktore zerrenda topatuko duzu: Nicole Kidman, Melissa McCarthy, Michael Shannon, Luke Evans, Regina Hall, Bobby Cannavale edo Samara Weaving besteak beste. Ikaragarriak pertsonaiak, eta baita aktoreen lana ere.

“The White lotus” telesailarekin gertatzen den bezala ia ezinezkoa da pertsonaiarik gogokoena zein den aukeratzea, ia guztiak baitira jasanezinak eta gorrotagarriak, baina era berean maitagarriak. Hasiera batean guztia idilikoa eta ederra dela dirudien arren, laster egiaztatuko dute atseden-etxe berezi horretan erabiltzen dituzten metodoak ez direla espero zituzten bezalakoak. Drogak edarietan beren baimenik gabe edo terapia katartiko mingarriak, adibidez. Telesailak ez ditu bederatzi protagonista horien istorioak lehen unetik erakusten, Tranquillumera eraman dituzten arrazoiak argitu beharreko azpijokoen eta misterioen parte ere badira-eta, baita Masharen irudi enigmatikoa ere. Osagarri hauekin guztiekin ez pentsatu misteriozko telesail bat ikusiko duzunik soilik, ez baitio umore ukituak emateari uko egiten, hasieran bereziki, Melissa McCarthyk eta Bobby Cannavalek osatzen duten tandem dibertigarriari esker.

 

‘Brand New Cherry Flavorh’

NETFLIX / 8 atal

Aitortuko dizut ez dela agian zerrendako onena, baina bai sailkaezin, bizarro, desberdin eta bereziena, eta hori egun bizi dugun estreinaldi zaparrada errepikakorren garaian, asko eskertzen dudan zerbait da. Argitu nahi dudan bigarren kontua: ez dela ikusle guztiek estimatu edo gozatuko duten proposamena. Zerbait errealista edo sinesgarritasunaren aldeko hautua egiten duen telesail baten bila bazabiltza hobe duzu guztiz aldentzea. Ez erritmoa, ez elkarrizketak, ezta pertsonaien erreakzioak ere ez baitira batere errealistak. Bere arau propioei jarraitzen die eta bere kabuz erabakitzen du zer elementuri eman garrantzia eta zeri ez. Hori bai, joko horretan hasieratik sartuz gero eta arau horien alde arraun egiten baduzu –niri gertatu zaidana– harrapatuta geratuko zara.

Zinema zuzendari izateko hautagaia den Lisa Nova da gure protagonista eta 1990eko Los Angelesen girotzen da trama nagusia. Horraino denak nahiko arrunta dirudien arren, naturaz gaindiko mendeku bidaia batean murgiltzean guztia hankaz gora geratuko da. Telesail apur bat surrealista, hipnotikoa eta batez ere oso berezia.

 

‘The North Water’

AMC / 5 atal

Bai estetikoki eta bai tramari dagokionez iluntasuna eta zikintasuna une oro jariatzen duen telesaila. Plano bakoitzarekin zakarkeria eta kiratsa darien antzinako serie ingeles horietako baten aurrean zaude. XIX. mendean girotua, Patrick Sumner (Jack O'Connell) armadako zirujau ohia da protagonistetako bat, itsasontziko mediku bezala izena ematen duena Artikorako baleontzi espedizio batean. Mediku gogoetatsu eta lasai honen aurrean Henry Drax (Colin Farrell) topatuko dugu, bigarren protagonista. Basakeria eta zentzurik gabeko indarkeria etengabe erabiltzen dituen arpoilaria, hiltzaile basati bat. Ekoizpenaren estetika ilun horrekin guztiz bat datorren pertsonaia. Itsasontzi horren zeharkaldia aitzakiatzat hartuz, bi pertsonaia kontrajartzen ditu telesailak: naturaren indar menderaezina, arrazoiaren eta zibilizazioaren aurrean.