NAIZ

Pablo Larrainen ‘Spencer’ izango da aurtengo Zinemaldiko ustekabeko filma

Pablo Larrain zinegile txiletarraren ‘Spencer’ izango da aurtengo Zinemaldiko ustekabeko filma, antolakuntzak jakinarazi duenez.

‘Spencer’ filmak Diana printzesaren bizitza du oinarri. (ZINEMALDIA)
‘Spencer’ filmak Diana printzesaren bizitza du oinarri. (ZINEMALDIA)

Donostia Zinemaldiaren 69. edizioko ustekabeko filma ‘Spencer’ izango da, Pablo Larrain errealizadore txiletarraren lan berria. Datorren larunbatean –16.00etan– Victoria Eugenia Antzokian ikusi ahal izango da. Kristen Stewart aktoreak Diana Galeskoa printzesaren rola egin du.

Larrainek beste batzuetan ere hartu izan du parte Zinemaldian; hala, ‘Tony Manero’ (2008), ‘Post mortem’ (2010) eta ‘El club’ (2015) Horizontes Latinos sailean erakutsi zituen, eta ‘No’ (2012), ‘Neruda’ (2016) eta ‘Ema’ (2019) filmak Perlak sailean ikusi ahal izan ziren.

‘Jackie’ (2016) filmean jada egin zuen bezalaxe, non Jacqueline Kennedyren irudira hurbildu baitzen, ‘Spencer’ pelikulan emakume ikoniko batengan jarri du arreta berriz ere txiletarrak. Kristen Stewartek Diana Spencerrena egin du, eta Jack Farthingek, berriz, haren senar Charles printzearena; Timothy Spall, Sean Harris eta Sally Hawkins antzezleek osatzen dute aktoreen zerrenda.