Alessandro Ruta

Sonny Colbrelli, Miamitik Roubaix-era

Han dago Sonny Colbrelli, lokatzez beteta eta inoiz baino zoriontsuago. Paris-Roubaix lasterketako garaikurra irabazi du eta betirako gordeko du oroimenean. Van der Poel eta Veermerch saihestu zituen, podiumean Italiako ereserkia entzun zen 22 urte eta gero, Andrea Tafik garaipena lortu zuenean. 

Colbrelli, garaipena ospatzen Roubaix-eko helmugara iristen azkarrena izan ostean. (Francois LO PRESTI / AFP)
Colbrelli, garaipena ospatzen Roubaix-eko helmugara iristen azkarrena izan ostean. (Francois LO PRESTI / AFP)

Toscanakoa, Tafi: ehunka txirrindulari profesional eman zituen herrialdeak. Lombardiakoa, aldiz, Colbrelli: han ere hainbat eta hainbat txirrindulari egon dira. 

Sonny Bresciakoa da, Desenzano del Gardakoa hain zuzen. Sekulako urtea izan da hiriarentzat, Colbrelliren garaipenaz harago. Izan ere, azken Tokioko Olinpiar Jokoetan beste Desenzanoko batek bere handitasuna erakutsi zuen: Marcell Jacobs atletak, hain zuzen ere. 

Egia da esprinterra Estatu Batuetan jaio zela, baina 2 urterekin joan zen Italiara, amarekin. Aitak, aldiz, militarra zenez, erabaki zuen Hego-Koreara joatea, familiatik urruntzen. 

Zer eragin izan zuen erabaki horrek Marcell Jacobsengan? Oso zaila izan zen, Jacobs gaztearentzat, egoera berria onartzea. Psikologoarengana askotan joango zen bere aitaren dolua kentzeko.

Hori dela eta Marcellek ingelesez ez du ia hitz egiten. Normala da, aspaldidanik Desenzanon bizi da, bere amaren jatorrizko herrian. Han, tabernetan eta kaleetan, ospatu zituzten Jacobsen atletismoan erdietsi zituen bi urrezko dominak.

"Miami Vice"

Desenzano leku oso turistikoa da: Gardako Lakuako harribitxia da, normalean alemanez beteta dago, autobidea haientzat oso erosoa delako. Baina Desenzano ez da Venezia edota Florentzia: ez da aire zabalean dagoen museo bat, alegia. Lan asko egiten da lantegietan eta Lombardia Italiako motor ekonomikoa da. Motorra edota pedalak, zuek erabaki. 

Federico Colbrelli jauna horrelako lantegi baten zegoen. 80-90. hamarkadetan telebistak oso telesail ezaguna ematen zuen egunero. Hain justu, gaueko albistegien aurretik: “Miami Vice” deitzen zen; Estatu espainolean “Corrupción en Miami” bihurtu zen. 

Telesailaren soinu banda ikaragarria zen; pertsonaiak, are gehiago. Don Johnson eta Philip Michael Thomas aktoreak: gizon zuri bat eta gizon beltz bat. 

Ziur Colbrelli jaunak hamaika aldiz ikusi zuela telesail hori lanetik bueltan. Don Johnson-en pertsonaia, polizia indartsua eta eskrupulorik gabeko, gustatzen zitzaion: James “Sonny” Crockett. 

Beraz 1990an, bere semea jaio zenean, izen hori jarri zion. Sonny Colbrelli, eta ez da bere ezizena. Ez da “El Padrino” moduan. 

Horregatik, hain zuzen, jende askok txirrindulariari galdetu zioten bere benetako izena zein ote zen, baina erantzuna bera entzungo zuen: «Ni Sonny deitzen naiz, begiratu nire nortasuna agirian». 

Lan eta lan

Sonny gazteari ez zitzaion batere gustatzen ikastea. Hamar urtekin argi zegoen ez zuela jarraituko ikasten. Bere aitak, orduan, egoera aztertu zuen eta proposatu zion berarekin lan egiteko, alternatibarik ez zegoen eta. Lantegiak hodiak eta heldulekuak egiten zituen, eta egunero Sonny eta Federico, elkarrekin, lanera joaten ziren. 

Salbuespen bat zuen semeak: bizikleta asko gustatzen zitzaionez, noizbait tresnak utzi eta entrenatzera joaten zela. Afizionatu-mailan beti ondo aritu zen Sonny, nahiz eta hasieran arazoren bat zuen pisuarekin eta une berean benetako “lana” izan zuen. 

Geroztik gertatu dena, ezagutzen dugu. Bardiani-ri esker, batez ere, profesionala bihurtuko zen eta gregario ibilbide zintzoa osatuko zuen Desenzanokoak. 

Colbrelli, pozez zoratzen Paris-Roubaix irabazi ondotik. (Bernard PAPOON / AFP)

Aurten, ezin hobeak izan dira bere emaitzak: etapa bat Dauphiné-n eta Tour de Romandie-n, Italiako eta Europako txapelketa. Igandean, benetako maisulana osatu zuen Paris-Roubaix lasterketan; egunero lanean aritutakoa, zakur-zaharra moduan apur bat, agian, baina merezita. 

Bahrain-Merida taldean Damiano Carusoren taldekide moduan, sari potolo bat ziklista serioarentzat. Miamitik Roubaix-era, ea egun baten telesail bat egiten dute Sonnyrekin.