Arnaitz Gorriti

Meskonyteren lesio larriak Lointek Gernika Europan %200 ematera derrigortuko du

Hegaleko lituaniarrak ezingo du 2021-22 denboraldian jokatu belauneko lotailuan zuen lesioa berritu zaiolako. Horrez gain, H multzoko taldeburu izanagatik, bizkaitarrek Virtus Bolonia italiarra eta Estatu frantseseko Roche Vendee eta Carolo Basket ezagunak izango dituzte aurkari.

Izar dizdiratsuen faltan, talde lana ezinbestekoa izango da Europan aurrera egiteko. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Izar dizdiratsuen faltan, talde lana ezinbestekoa izango da Europan aurrera egiteko. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Ostegun honetan 20.30etan hasita Italian, Boloniako Paladozzan, jokatuko du Lointek Gernika Bizkaiak 2021-22 denboraldiko Eurocupeko aurreneko jardunaldia. Bosgarren aldiz hartuko du parte Europan Mario Lopezek zuzentzen duen taldeak eta azken denboraldietan egindako lan txukulari esker, H multzoko taldeburu izendatu dute. Alabaina, egokitu zaizkion aurkariengatik eta izan duen zorte txarragatik, ezin esan Europako ibilbide oso leuna izango duenik.

«Astelehenean egin genion erresonantzia magnetikoa Gabija Meskonyteri eta dagoeneko ziur esan dezakegu ezingo duela denboraldi honetan gehiago jokatu», adierazi du Italiara abiatu aurretik Mario Lopez, Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaileak.

Belauneko lotailu gurutzatuko plastia hautsita dauka hegaleko lituaniarrak eta ezingo die lagundu bizkaitarrei. «Ez dakigu hemendik aurrera nola jokatuko dugun», gaineratu dute nola Mario Lopezek berak zein Gerardo Candina, klubeko presidenteak. «Ez dakigu hemen edo atzerrian egingo diogun ebakuntza eta bere agentearekin egin beharko dugu berba bestelako erabakirik hartu aurretik», adierazi dute. Alegia, Meskonyteren kontratuarekin zer gertatzen den argitu arte ez dela jokalari berririk izango Gernikan

Horrez gain, Boloniara egin beharreko bidaia honetan egonagatik, Angie Bjorklundek ezingo du jokatu ere, sorbalda minduta baitu. «Bjorklunden kasuan, berriz, espero dugu hurrengo jardunaldirako –hau da, hilaren 20an La Roche Vendeeren aurka– prest egongo ote den», baieztatu du Mario Lopezek. Bkjorklunden lekuan atzerritar lekua Margaret Roundtreek hartuko du, nahiz eta bera ere ez dagoen nahi bezala, gripearen erruz, kasu honetan.

Jarrerarik onena

«Lesioak ditugu eta aurkari oso zailak, baina aurkarien maila lehenagotik genekien eta lesioen kontra ezin dugu ezer egin. Horren aurrean gure jarrera da benetan balio duena», adierazi du horren harira Itziar Ariztimuño antolatzaileak.

Virtus Boloniak Cecilia Zandalasini hegaleko ikaragarria du izar nagusitzat, aurreko denboraldietan Victor Lapeñaren aginduetara Fenerbahçen jokatu eta gero. Europako jokalari onenetako bat dauka Virtus Boloniak eta osterantzean ere jokalari on gehiago ere baditu, Ivana Dojkic kroaziarra edo Estatu Batuetako Brianna Turner eta Myisha Hines-Allen, kasu.

Itziar Ariztimuño, astearte honetan prentsa agerraldian. (Monika DEL VALLE / FOKU)

«Multzorik gogorrena tokatu zaigu», onartu du Itziar Ariztimuñok. «Baina guk ere kalitatezko gure jokalariak ditugu eta jarrera onarekin ekingo diegu partidei eta gainera, dagoeneko bosgarren urtea da, badugu eskarmentua Europan eta aurrera egiteko asmo sendoa daukagu», azpimarratu du jokalari bilbotarak.

«Carolo eta Roche Vendee iaztik –urtarrilean Valentzian jokatu zen burbuilatik– ezagutzen ditugu. Badakigu, Estatu frantseseko taldeekin normala den moduan, oso joko fisikoa egiten dutela, baina iaz ere irabazi egin genien», berretsi du, bestalde, Belen Arrojo, Lointek Gernika Bizkaiako kapitainak.

Granadako hegalekoak ongi ulertzen du «desgaste handia suposatzen dutela dauzkagun hutsuneek, baina horren aurrean %100 baino gehiago eman behar dugu; %200 eman behar bada, bera. Kontua da gure defentsak min egin diezaiekela bai talde frantsesei eta baita Virtus Boloniari ere; hor gara indartsuak, eta ez da ahaztu behar Valentzia Basket –asteburu honetan bizkaitarren arerio izango dena–, Girona eta Perfumerias Avenida bezalako aurkarien kontra jokatzen ohituta gaudela. Horrek ere balio digu talderik indartsuenen aurrean lehiakor izateko».

«Guk ez daukagu izar dizdiratsuegirik», adierazi du, bestalde, Mario Lopezek. «Tinara Moorek puntu asko sar litzake, baina ez da Zandalasini lako jokalari bat; hau da, talde jokoa behar du bere puntuak lortzeko, ez da puntuak bakarrean bermatzen dituen jokalaria. Horrez gain, Meskonyte eta Bjorklund gabe geratzearen erruz Arrojok minutu gehiago jokatu behar ditu, eta Roso –Buch– eta Marta –Alberdi– ditugu hegaleko postu horretan minutu guztiak banatzeko. Hala, tarteka Melisa –Brcaninovic– ere hegalean kokatu behar dugu. Lan zaila jarri zaigu aurrean, egia da, baina ez dugu hurrengo fasera pasatzeko itxaropenik galtzen ezta inola ere», gaineratu du.

Oroitzapen polita

Pasa den urtarrilean Valentzian Roche Vendee eta Carolo Basket biak izan zituen aurreaz aurre Lointek Gernika Bizkaiak. Egia da covid-19a dela eta, Estatu frantseseko taldeek partida gutxiago zeramatzatela gainean. Hala ere, partida bietan garaile izan ziren bizkaitarrak. Egia da iaztik hona Nogaye Lo, Milica Ivanovic eta Nadia Colhado falta direla, eta Bjorklund, hain garrantzitsua Roche Vendeeren aurkako garaipenean, oraingoz min hartuta dagoela. Baina behin irabazi bazaie, zergatik ez berriro?

Are gehiago aurten Malosteko zaleen berotasuna berreskuratzerik izaten denean. «Gure zaleek zernolako lana egiten duten bistakoa da. Ikusi zen nola lagundu ziguten IDK Euskotrenen aurka», azpimarratu du Belen Arrojok. Iritzi beretsua adierazi du Itziar Ariztimuñok ere. «Garrantzitsua da gure zaleen animoa. Aurkari oso gogorrak izanda ere, beraien animoek indarrak emango dizkigute», esan du.

Iaztik hona antzeko taldeak dauzkate frantsesek. Roche Vendeek Clarke, Monpierre, Higgins edo Bankole dituzte aurten ere, baita Euskal Herrian ezaguna den Ana Suarez antolatzaile espainiarra ere, gaztetan Hondarribia-Irun taldean luzaroan ibilitakoa Jon Txakartegi edo Aitor Uriondoren aginduetara.

Carolo Basketek iaztik hona Endene Miyem galdu du, eta hori ez da gutxi, Estatu frantseseko selekzioan jokatzen baitu hegalekoak. Hala ere, Evelyn Akhator, Gajic, Magali Mendy edo Amel Bouderrak hor jarraitzen dute. Ikusi egin behar urtarriletik hona 2-3 zonakako defentsaren aurka eraso estatikoan jokatzen ikasi duten ala ez.

Eurocupeko egutegia

Esan bezala, ostegunean hilaren 14an 20.30etan hasiko da Lointek Gernika Bizkaiaren ibilia Europan, Bolonian. Malosteko aurreneko dema hilaren 20an, asteazkenez, jokatuko da 20.00etan hasita, Roche Vendeeren aurka eta aurreneko itzulia Carolo Basketen etxean, Charleville-Mazeieresen alegia, izango da, hilaren 27an, 20.30etan hasita.

Bigarren itzulian Malostek zeresana izan lezake, beraz. Azaroaren 3an Virtus Bolonia izango du aurkari Gernikako taldeak etxean 20.00etan hasita. Zorioneko FIBAko «leihoen» etenaldia dela-eta, azaroaren 24ra arte ez da jokatuko ligaxka honetako bosgarren jardunaldia; Lointek Gernika Bizkaiak La Soche-sur-Yonen jokatu beharko dute, 20.30etan hasita.

Azkenik, erabakitzeko ezer geratzen baldin bada, abenduaren 1ean izango du azken aukera talde bizkaitarrak. Hau ere 20.00etan hasita, Carolo Basketen aurka.

Ikusi egin behar hain multzo gogorrean ligaxka nola doakion Lointek Gernika Bizkaiari, gaixorik eta min hartuta daudenak nola errekuperatzen diren eta, batez ere, Gabija Meskonyteren lesio larriaren ondorioz, ordezkorik bilatzen ote duen talde bizkaitarrak.