NAIZ

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketaren bakarkako probak igande honetan hasiko dira Araian

Zortzi aizkolarik hartuko dute parte Arrazpi Berri Kiroldegian jokatuko den bigarren mailako finalean, eta bi onenek hilaren 30ean Zestoan jokatuko den lehen mailako sailkapen proban parte hartzeko txartela eskuratuko dute. Emakumezkoen lehian bost aizkolarik eman dute izena.

Iazko finalaren irudi bat (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Iazko finalaren irudi bat (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia hainbat modalitatetan egiten da aurten. Uztailean hasi zen, gizonezkoen eta emakumezkoen binakako lehiaketarekin, eta udazkenean banakako modalitateak jokatuko dira. Banakako txapelketa horien lehen proba bigarren mailako finala izango da, promozioa izenekoa, datorren igande eguerdian, Araiako Arrazpi Berri Kiroldegian.

Guztira zortzi aizkolarik hartuko dute parte: Iñaki Azurmendi (Ataun), Julen Kañamares (Arostegi), Eneko Saralegi (Errazkin), Aratz Mugerza (Mutriku), Asier Pellejero (Areso), Eloy Corchero (Araia), Ioritz Gisasola "Zelai IV.a" (Mallabia) eta Julen Olano (Leitza).

Egin beharreko lanari dagokionez, sei enbor moztu beharko dituzte: bi kanaerdiko (54”), 60 ontzako bi enbor eta bi oinbiko (70”). Txapelaz gain, lehen mailako sailkatze proban parte hartzeko bi txartelak izango dira jokoan.

Gizonezkoen lehiaketaz gain, bost emakume lehiatuko dira Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko banakako modalitatean. Horietako bi Araiako proban lehiatuko dira eta hiru hilaren 30ean Zestoan.

Emakumezkoen lehiaketa koadroa honako hauek osatzen dute: Maika Ariztegi (Ituren), Beatriz Tanco (Sarriguren), Karmele Gisasola "Zelai III.a" (Mallabia), Garazi Arruti (Bilbo) eta Uxue Ansorregi (Mendaro). 36 ontzako lau enbor moztu beharko ditu bakoitzak eta hiru denborarik onenen jabeak azaroan jokatuko den finalera pasako dira.

Lehen mailako sailkapen probak ere badu eguna zehaztuta. Hilaren 30ean jokatuko da Zestoako kiroldegian, eta Araiako bi onenekin batera arituko dira Iker Vicente, (Otsagabia), Mikel Larrañaga (Azpeitia), Eneko Otaño (Beizama), Jon Irazu (Zizurkil), Julen Alberdi "Txikia IV.a" (Azkoitia), Aitzol Atutxa (Dima), Jon Rekondo (Leitza), Ugaitz Mugerza (Mutriku), Jexux Mujika (Irura), Julen Larrea (Barakaldo) eta Arkaitz Jauregi (Ilarduia).

Araiako jaialdirako sarrerak eskuragarri daude jada txapelketaren webgunean eta egun horretan bertan ere salgai izango dira Arrazpi Berri kiroldegiko leihatiletan. Urriaren 30eko sailkapen-probarako sarrerak txapelketaren webgunean, Zestoako turismo bulegoan eta Mendizabal Erretegian egongo dira eskuragarri. Eta egun horretan Zestoan bertan ere bai.