Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria
ANALISIA

Baionako Adierazpenaren ongarriaz loratu zen Aieteko hazia

Donostian 2011ko urriaren 17an aurkeztu zen Aieteko Adierazpenak oso bestelako jarraipena izan zuen Bidasoaren bi aldeetan. Ondorioz, agiriak jasotzen zituen agindu eta gomendioen gaineko engaiamendu mailak ñabarduraz beteriko argazkia uzten du hamarkada bat geroago.

Ipar Euskal Herria barnebiltzen duen erakundea 2017ko urtarrilaren 23an elkartu zen lehen aldiz. Hiru probintzietan egindako lan bateratuaren lorpena. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Ipar Euskal Herria barnebiltzen duen erakundea 2017ko urtarrilaren 23an elkartu zen lehen aldiz. Hiru probintzietan egindako lan bateratuaren lorpena. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Bi estatuen artean banaturik den Euskal Herriko ordezkariak bildu ziren Aieten. ETA erakundeari soilik ez, bi estatuei zein euskal jendarteari eta bere ordezkariei ere zuzendu zitzaizkien nazioarteko laguntzaileek. Ipar Euskal Herritik Donostiara joandako eragileak erronka historiko baten aurrean zirela jabetu ziren. Sarritan aitortu dute geroztik behin adierazpena barneratzeko denbora hartuta, akordioaren mamia egikaritzeko prozesua plantan ematea ezinbesteko hautua iruditu zitzaiela.

Aieteko Adierazpenaren lurreratze prozesu horretan oinarrizko konfiantza eratu zuten Ipar Euskal Herriko eragileek, elkarri baldintzarik ezarri gabe, baina, era berean, abiapuntu sendoa harturik: denok prest behar zuten izan haien burua auzian emateko egoera errotik aldarazi nahi bazuten.

Hitzetatik hasita, Max Brisson politikari eskuindarrari egotzi zaio nomenklatura hibridoaren sorkuntza. Hala, «Frantziako Euskal Herriko elkarrizketa taldearen» izenean zabaldu zen 2014ko urriaren 24an Baionako Adierazpena.  Zehazki, 11 ordezkari politiko eta gizarte eragileren sinadurak bildu zituen gatazkaren ondorioak gaindituz bizikidetza eraikitzeko helburua finkatzen zuen engaiamenduak.

«Hemen aurkezten dugun dokumentuan puntu ainitzetan lortu dugun adostasuna nabaritzen da. Proposamenak ere ekartzen ditu, gure ustez Frantziako Euskal Herriko jendartean onarpen zabala lor lezaketenak. Gure nahia bidean den prozesuari ekarpen baikor baten egitea da, elkarbizitzaren alde neurrien hartzeko egiazko aukeren argitara ekartzea eta bake iraunkor baten oinarri sendoen abiatzea Euskal Herri osoan». Horiek izan ziren sinatzaileek beraiek azaldutako xedeak.

Frantziako Gobernuak ETA erakundearekin zabaldu beharreko elkarrizketa prozesuaren partaide behar zuela izan aldarrikatu zuten lehenengo puntuan Ipar Euskal Herriko jendartearen eremu zabala ordezkatzen zuten arduradun politikoek eta gizarte eragileek.
Bestalde, presoen, iheslarien edo auzipeturik ziren herritarren egoerari erantzun integrala emateko premia bere egin zuten «epe luzean amnistia lege baten sortzea euskal gatazkari loturik dauden kasuentzat» defendatzera heldu ziren sinatzaileek.

«Frantzian ETAko azpiegiturak nola desegin eta desarmatu argituko dituzten baldintza eta eginmoldeen» definitzeko ardura bi estatuen eta erakunde armatuaren balizko akordioaren pean utzi bazuten ere, gatazka armatua gibelean uzteko ezinbesteko zen armagabetze prozesuak pairatu zuen blokeoak irudikatu zuen hitzetatik ekintzetara igarotzeko momentua.

Mapa politikoan izan den aldaketa aipatu gabe hankamotz geratuko litzateke azken hamarkadako bilana

Aieteko Konferentzia hizpide nagusia izanik ere, Baionako Adierazpenak eskaini zituen sasiz beteriko bidean aitzin urratsak egiteko ahalmenak. Luhusoko polizia operazioa gertatu ondoren gizarte antolatuaren bultzadapean ETAren armagabetzea bururaino eramateko aukera zabaldu zen.

2017ko apirilaren 8an Lapurdiko hiriburuan bururatu zen ekimenak ahalbideratu zuen 2018ko maiatzaren 4an Kanbon antolatu zen jardunaldian irudikatu zen ETA erakundearen behin betiko desagertzea. Aieteko hazia Baionan ongarritu eta Arnagan loratu zen. Oso bestelako eremuetan isla  ukan du, gainera, udaberri politikoak.
Baionako Adierazpenak estatus bereziko lurralde kolektibitatearen sorreraren gaineko aldarrikapena  jaso zuen. Helburua ez baldin bazen ere hasieratik bete, azkenean zeharkaldi demokratikoan indar gehiago biltzeko hiru lurraldeen izenean jarduteko tresna eskuratu zuen Ipar Euskal Herriak.

2017ko urtarrilaren 23an Jean-Rene Etchegaray zentrista Euskal Elkargoaren lehen lehendakaria bilakatu zen. Geroztik, hesi guztiak ez badira desagertu ere, herritarren helburuak eta lurralde xedeak lehenetsita ezberdinen arteko elkarlanak hainbat garaipen etapa ekarri ditu. Parisen zabaldutako elkarrizketa eremuak, karrikako mobilizazioarekin uztartutik, preso gehienen hurbilketa prozesua ahalbideratu zuen. Euskarazko murgiltze ereduaren edota laborantza lurren defentsa, besteak beste, herri dinamika zabalak hobetsiz antolatu dira.

Izan ere, mapa politikoan izan den aldaketa aipatu gabe hankamotz geratuko litzateke azken hamarkadako bilana. Are gehiago kontuan hartzen bada, batetik, Aieteko lekukoaren lehen lerroko eramaileek ardura politiko esanguratsuak hartu dituztela geroztik, eta, bestetik, azken hauteskunde zikloak abertzale eta ezkertiarrak errelebo indar gisa indartu dituela.