Iraide Ibarrondo

Ibarrolaren ‘Guernica’ Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumari gehitu zaio

Astelehen honetatik 2022ko martxoaren 17ra bitartean, Agustin Ibarrola artistaren ‘Guernica’ koadroa Bilboko Arte Ederren Museoan egongo da ikusgai.

Agustin Ibarrolaren ‘Guernica’ koadroa. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Agustin Ibarrolaren ‘Guernica’ koadroa. (Aritz LOIOLA/FOKU)

40 urtez Ibarrola familiak haien Omako baserrian gordeta eduki ostean, Agustin Ibarrolaren ‘Guernica’ margolana Bilboko Arte Ederren Museora itzuli da. Astelehen honetatik aurrera, museoaren 32. aretoan ikusi ahalko da margolana bilduma bereko beste bi olio-pinturarekin eta Ibarrolak ‘Guernica’ margotu zen uneko testuinguru historikoa azaltzen duen dokumentazioarekin batera.

10 metro luze eta 2 metro altu den olioz margotutako artelana 10 mihisez dago osatuta. Pablo Picassoren obran ez bezala, kolore zuri eta beltzez gain, odola irudikatzen duten ukitu gorri apalak ere baditu Ibarrolak 1977an margotu zuen obrak.

Ibarrolaren lan gehientsuenetan bezala, figura geometrikoek pisu handia dute eta Picassok sortutako hildako soldadu, zauritutako zaldiaren buru eta besoetan haur bat daukan emakumearen pertsonaia ikonikoen artean lerro bertikal zein horizontalak uztartzen dira. Horiei gehituz, ikono berriak ere sartu ditu Ibarrolak obran. Tartean, soldaduak Gernikara bidean eta bularra tiroz zulatuta duten bi pertsona.

Arestian aipatutako lerroak ‘burdin hesiaren’ metafora bisual bat dira, zeinekin Ibarrolak diktadura frankistaren askatasun falta eta zapalkuntza iradoki nahi zituen. Lerro zuzenek kartzelari ere keinu zuzena egiten diotela uste dute erakusketaren antolatzaileek, izan ere, Ibarrola frankismo garaian preso egon zen alderdi komunistako kide izateagatik.

Margolanaren aurkezpen ekitaldian, Juan Mari Aburtok, Bilboko alkateak eta Bilboko Arte Ederren fundazioko presidenteak, pozez eman du museoko azken piezaren berri: «Ez daukagu Picaassoren ‘Guernica’ baina bai Agustinena, eta, esango nuke Gernikaren zatitxo bat daukagula gaurtik aurrera».

Horretaz gain, alkateak bere ibilbide artistikoan Ibarrolak kausa sozialekiko izandako «konpromisoa» goretsi du: «Bidegabekeria sozialak salatzea helburu duen arte baten nahia errealitate bihurtu du».

Izan ere, Ibarrolaren ‘Guernica’ Guernica Gernikara plataformaren eskaerari hauspoa emateko obra bat da. «Margolana Picassok margotutako gerrak eragindako izugarrikeriak Gernikan erakusteko aldarrikapena da», adierazi du Aburtok.

Erakusketa doan ikusi ahalko da. Izan ere, museoak ohartarazi du eraikina handitzeko obren lehen fasearen hasiera dela eta, bai erakusketak eta bai jendaurreko jarduera guztiak eraikin modernoan egingo direla. Hortaz, lanek diharduten bitartean museoan sartzea doakoa izango dela jakinarazi du Arte Ederren Museoak.

Guernica Gernikara

Margolan nagusiarekin batera, museoko artxibo eta liburutegian eta, neurri txikiagoan, beste bilduma publiko eta pribatuetan batutako dokumentuak ere erakutsiko dira. Dokumentu horien artean, Ibarrolak Guernica Guernikara mugimenduaren inguruan egindako adierazpen publikoak eta Bilboko Arte Ederren Museoak iraganean Picassoren obraren behin-behineko egoitza izateko egindako eskaera daude.

Izan ere, Arte Ederren Museoak txosten bat argitaratu zuen Picassoren ‘Guernica’ jasotzeko plan batekin. Tartean, Picassoren obra Bilbora eramango balitz museoak hartuko lituzkeen segurtasun neurriak, argiztapena, bandalismoaren aurkako neurriak eta abar jasoz.

Hala ere, Picassoren obra Arte Ederren museora ekartzea museoaren egungo nahia ote den galdetutakoan, museoko zuzendaria den Mikel Zugazak hori «iraganeko kontu bat» dela esanez baztertu du artelana Reina Sofia museotik Euskal Herrira ekartzeko aukera.

40 urtez gordeta

Oraingoa ez da Bilboko Arte Ederren museoak Ibarrolaren ‘Guernica’ ikusgai jarri duen lehen aldia. 70. hamarkadan bi aldiz aurkeztu zen Ibarrolaren obra: lehenengoa 1977an eta bigarrena, 1980an, margolana museotik kanpo jarri zen ikusgai artistak berak diseinatutako muntaia museografiko baten zati bezala.

Ordutik hona, margolana Ibarrola familiaren Omako baserrian (Kortezubi) egon da gordeta. Kontserbazio egoera onean egon den arren, uztailetik egon dira margolana konposatzen duten 10 mihiseak museoko eraberritze sailean. Hori horrela, prebentziozko kontserbazio tratamendu bat egin diote museoko tailerrean anoxia eta garbiketa prozesuekin.