Alessandro Ruta

60 urte kromoen elkartrukean

1961an Panini argitaletxe italiarra futbolarien kromoak saltzen hasi zen eta mito bilakatzerainoko ibilbidea egin du. «Badaukat» edo «falta zait», kromoen elkartrukean erabilienak diren bi esaldiak dira. Mundu erraldoi bat, ipuin batean bezala, zabaltzen zen hitz magiko hauekin. 

1993-1994 denboraldiko kromoen bilduma.
1993-1994 denboraldiko kromoen bilduma.

Modena Italiako erreferentzia bat da, zalantzarik gabe. Bertako ozpina krematsua eta saboretsua ezin hobea da, han Luciano Pavarotti abeslari lirikoa jaio eta hil zen, Lambrusco ardoa edaten da eta Panini familia bizi zen. Panini hitzak, italieraz, “bokatak” esan nahi du: nolabait beti dago gastronomiarekiko lotura. 

Hala ere Panini familiak ez du harremanik jantokiekin. Are gehiago, gosearen aurka borrokatu behar zuten ama, aita eta beste zortzi seme-alabek; batez ere, aita, Antonio minbiziagatik hil zenean, 1941an. Gizon horrek lan entzutetsua zuen Akademia Militarrean.

Gerran zegoen Italia guztia, ama Olgak zerbait bilatzen zuen lan egiteko, baita seme-alabek ere. Modenako Katedralaren ondoan kiosko bat zegoen aspalditik hutsik. Hala, emakumeari eskatu zioten han lan egiteko. 1944ko neguan zen. 

Inguruetan oraindik gerra zegoen eta, hori dela eta, Olga eta bere seme-alabak aritu ziren lanean. Behin dena egonkortuta, politika eta, batez ere, familiaren egoera ekonomikoa, Panini familiak kioskotik kanpoko beste zerbait bilatu zuten. 

Ez ziren aberatsak, baina ideia politak zituzten. 1960an, adibidez, Giuseppe eta Benito anaiak  Milanera joan ziren, amaren kioskorako zerbait berezia bilatzera. Materialik deigarrienetako bat futbolarien kromoen sorta zahar bat zen. Argitaletxe batek alboan utzi zuen eta ez zuen ezer espero ezer. 

Guztiz erabilezinak ziren irudiak baina, horregatik hain zuzen ere, Paninitarrek sorta hori hartu zuten eta Modenan hasi ziren eskaintzen. Kromoen ideia ez zen berria, ohitura normal bat zen bai Italian bai mundu guztian; AEBetan, adibidez, baseball-arekin oso hedatua zegoen. 

Italian existitzen ez zena bildumazaletasuna zen. Beraz Giuseppe eta Benitok amaren kioskoan kromo zaharrak saldu zituzten. Izan zuten beste ideia handi bat, irudiak gutun-azalen barruan jartzea, nolabait kuriositatea handitzeko. Gutun bakoitza, 10 liratan saldu zuten, oso merke. 

Emaitza? Ikaragarria. Sekulako arrakasta, 3 milioi kopia saldu zituzten. Baina kromoak ez zeuden ordenatuta, nolabait beharrezkoa zen biltzea eta handik aurrera merkatuan beste estrategia bat eskaintzea. 

Orduan 1961-62ko futbolaren denboraldi berrirako, edozein kioskotan, Modenan eta Italia guztian, sekulako berritasuna bilatu zuten zaleek: “Calciatori Panini” lehendabiziko albuma. Prezioa, 30 lira; liburuak 40 orri zituen. 

Bolchi, Pizzaballa eta Kustudic

Paninitarrak argitaletxe bihurtu ziren, amari kioskoa utzi ziotelako. Giuseppe, batez ere, album egitearekin tematu zen, eta helburua lortzeko inprimategiz inprimategi joan zen. Futbolari baten argazkia zuen, besterik ez: Interreko Bruno “Maciste” Bolchi. 

«Egin dezakezu kromo bat irudi honetatik?», izan zen erabilitako galdera. Irudi txikiagoa eta kolorezkoa behar zuen. Ez zegoen ez eskubiderik ez baimenik, futbolariei edota ligari dagokionez; bakarrik zen ekintzaile baten ideia. Eta oso ondo funtzionatuko zen. 

Bolchirena eta besteenak 1961ko udazkenean argitaratu zuten bilduman agertuko ziren. Lehen orrialdean, Milaneko Nils Liedholm suediarraren burukada bat. Barruan, Italiako ligaren 18 taldeetako jokalariak. 

Bergamoko Atalantatik Veneziararte, klub bakoitzak 14 edo 15 kromo zituen: 13 jokalarienak gehi taldearen irudi nagusi bat. Titularrak ziren hamaika jokalariak eta gehien jokatzen zuten beste jokalarien kromoak ziren. Taldeak ez ziren gaur egun bezalako zabalak beraz, bilduma laburragoa zen. 

Noski, laburragoa izanagatik ez zen errazagoa. Izan ere, kromoren bat askotan gutunetan agertzen zen, baina beste batzuk gutxitan aurkitzen ziren, ia inoiz ez. Adibidez, eta oso kuriosoa da, Bruno Bolchirena, jatorrizko modeloa izan zena. Mitoaren arabera, Bolchi berak Panini-ren albuma egiten zuen, baina inoiz ez zuen bere burua aurkitu. 

1961tik aurrera beste kasu oso famatuak egon dira: ezagunena, Italian behintzat, Pierluigi Pizzaballa Atalantako atezainarena. Esan genezake jendeak Pizzaballa jauna (abizena ere oso deigarria zen) ezagutu duela kromoari esker, atezain gisara oso normala baitzen. 

Esanguratsua izan da ere, kromoei esker, futbolarien aurpegiak ikustea. Lehenago, irratian izenak entzuten ziren baina gorputzak irudikatu egiten ziren. 

Moda hau laster hedatu zen Estatu espainiar eta Euskal Herrira, oro har. Esate baterako Edicion Este argitaletxe katalanari esker, Panini 1986an iritsi zen. Mundu guztian zabaldu zen. Eta zabaldu zen trukeen magia, lagun arteko jokoa, alegia: «Niri hau falta zait», ˜Ba nik bi dauzkat, zuk zer duzu trukean?», eta handik aurrerako guztia. 

“Pizzaballa” pare bat Javier Clemente Realeko entrenatzailea orduan eta Castelloneko jokalari Miograd Kustudic izan ziren. Oso oso arraroa zen aurkitzea, batez ere azken hau: 2010an pertsona batek 427 euro ordaindu zituen, interneteko enkante baten, Kustudicena lortzeko. 

Are eta zentzugabeagoa izan zen detaile hau: Kustudic yugoslaviarrak ez zuen sekula jantzi Castelloneko elastikoa. Zurrumurruek zioten Valentziako klubera zioala baina azkenean Mallorcarekin fitxatu zuen. Beste mundu bat zen. Gaur egun pentsaezina litzateke, horrelako edizio mugatua edukitzea. 

Baina horrenbesteko arrakasta ez da hain arraroa. Kromoen negozioa sasoi betean dago: asko modernizatu da; digitalak izan daitezke, estaerako, eta bilduman badaude Bigarren Mailako taldeak edota emakumezkoen futboleko klubak.

Honek guztiak esan nahi du, bilduma osatzeko gero eta kromo gehiago aurkitu behar direla. Italiako edizioan 700 bat kromo, alegia. Honetarako, noski, diru gehiago behar da, baina zale batzuei berdin zaie. 

Munduko Koparako, Europararako eta ekimen askorako Paninik kromo-bildumak eskaintzen ditu. Walter Veltroni politikaria eta idazleak aipamen hau egin zuen liburu batean: «Panini familia Italiako Walt Disney izan da: gure poztazunerako lan egin zuen». Eta egia da, ipuin-kontalariak bezalakoa. Dumbo, Pinotxo edo Edurnezuriren ordez, irudiak, aurpegiak eta ezkutuak; itsasgarri usain apur batekin, bide batez esateko.