NAIZ

EH Bildu Gasteizek 'Gertu’ aurkeztu du, «erakundetik kalera jauzi egiteko ekimena»

EH Bildu Gasteizek 'Gertu' aurkeztu du, «erakundetik kalera jauzi egiteko eta herritarrekin batera lan egiteko ekimena». Trantsizio energetikoa, etxebizitza, zaintzak, mugikortasuna, kultura, enplegua edo merkataritza dira, besteak beste, ekimenak jorratuko dituen gaiak.

Ostegun honetan aurkeztu dute 'Gertu' ekimena Gasteizen. (EH BILDU)
Ostegun honetan aurkeztu dute 'Gertu' ekimena Gasteizen. (EH BILDU)

EH Bildu Gasteizek 'Gertu' aurkeztu du ostegun honetan, «herritarren eta erakundearen arteko lerro zuzena sortzea helburu duen ekimena».

«Beharrezkoa da herritarrekin etengabeko harremanean egotea, haien eskaerei erantzutea eta gure proposamenak helaraztea. Trantsizio energetikoa, etxebizitza, zaintzak, mugikortasuna, kultura, enplegua edo merkataritza dira, besteak beste, Gertu ekimenak jorratuko dituen gaiak. Ekimen horrek, aldi berean, gizarteko sektore guztiak interpelatzea bilatuko du, udalerriarentzat adostasun estrategikoak lortzeko bidean», adierazi du Endika Saez de Adana EH Bilduren Gasteizko arduradun politikoak.

Herritarrekiko eta bertako sektore adierazgarrienekiko hurbiltasuna lantdu nahi du EH Bilduk. Horretarako, hainbat formatutako hitzaldi, topaketa eta jardueren bidez, gizarteko hainbat sektoreren artean elkarrizketarako eta elkarrekintzarako espazioak sortzea bilatuko da, eta horien artean bizitza bera garatzeko proiektu estrategikoetan sinergiak, akordioak edo estrategia partekatuak sortzea bilatuko da.

Lehen saioa, trantsizio energetikoa

Saioak hilabete honetan bertan hasiko dira, trantsizio energetikoari buruzko jardunaldi batekin, eta hilero egingo dira, EH Bildu Gasteizek bere militantziarekin egiten duen parte-hartze prozesu batean aukeratutako gaiak jorratuz.

Hala, datorren asteazkenean, urriak 27, arratsaldeko 19.00etan, Aldabe Gizarte Etxean “Zero Karbono helburu” leloa duen hitzaldia izango da. Bertan, EH Bilduk egindako Gasteiz Zero Karbon planean txertatutako berritasunak eta eguneratzeak azaltzeaz gain, trantsizio indartsuari buruzko zenbait elkarrizketa egingo dira.

Bertan egongo dira Agnes Morilhat XR Extinction Rebellion Bizkaia erakundeko aktibista, Estibaliz Saez de Camara Oleaga EHUko Iraunkortasun eta Konpromiso Sozialeko zuzendaria, Ainhara García klimaren aldeko aktibista gaztea, Javier Sanz ESK sindikatuko kidea, Eduardo Hernaez San Millan Agromotor taldeko arduraduna eta e-renting enpresako kudeatzailea eta Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea.