Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

Nekez egin ahal izango zen estrategia aldaketa eta Aieteko bidea bera gabe

Arnaldo Otegik “Argien aroa” liburu-elkarrizketan (GARA, 2012) kontatzen duenez, 2007an Suitzan egindako eta amaiera onik izan ez zuen negoziazio saioaren ondotik trenean bueltan zirela, Parisetik pasatzen ari zirela zehazki, Rufi Etxeberriak ordura arteko eredua agortuta zegoela esan zuen.

Rufi Etxeberria. (Jon URBE | FOKU)
Rufi Etxeberria. (Jon URBE | FOKU)

Aurretik, orduan eta orduz geroztik ardura handiak izan ditu Etxeberriak (Oiartzun, 1959). Garrantzi berezia aitortu behar zaio 2009tik 2011ra bitartean izandako estrategia aldaketan eta haren ondotik etorritako prozesu osoan. Bateraguneko auziko kideekin batera atxilotu zuten 2009ko urrian. Kasualitatez, esan daiteke. Kartzelatik atera berri zen eta Otegirekin eta beste kideekin elkartu zen egun hartan, egoeraren berri izateko. Segituan utzi zuten aske.

Batek baino gehiagok uste du erabakigarria izan zela Etxeberria libre geratzea eta bera gabe nekez egin ahalko zela egin zen guztia. Historia herrien borondateak markatzen duela diote, klase borrokak, zapalkuntzaren botere gosearen eta askatasun egarriaren arteko lehiak. Halere, badira une jakin batzuk, pertsona jakin batzuk eragin handia izaten dutenak. Horixe gertatu zen orduan Rufi Etxeberriarekin: gako izan zen ezker abertzalearen estrategia birbideratzeko lanean, Aieteko prozesua bideratzeko harremanetan, aliantza soberanista gauzatzeko ahaleginean. Baita ordutik gatazkaren konponbidean egindako lanean ere.

Gazte itxura duela esaten diote oraindik, baina, bi seme-alaba izateaz gain, biloba bat ere badu. Aitona izan arren, maiz entzun behar izaten du bera ez dela zahartzen, bizkarreko minek beste zerbait badiote ere. Sare sozialetan badabil 1869ko argazki bat. Santa Kruz apaiza agertzen da bertan, eta haren ondoan dagoen batek Rufi Etxeberria ematen du. Horregatik, «buruzagi eternoa» dela esaten diote herriko gazteek, adar joka. Serio eta zorrotza da Etxeberria lanean eta harreman politikoetan, baina umore fina ere gogoko du.

Halere, badu lehen lerroko lan politikoa uzteko gogoa. Maila batean utzi du. Urte luzez denaz arduratu ostean, azken bospasei urteotan gatazkaren ondorioen konponbidean zentratu da. Sortun beste batzuek hartu zuten erreleboa, bere hitzek eta iritziek pisua duten arren.

Badu gogoa lehen lerroa uzteko, erretreta hartzeko, eta hala espero du izatea berandu baino lehen, baina egia da zenbait kontu kudeatzeko autoritatea eta ibilbidea behar direla. Horrela uler daiteke 2009an hasitako etapa berrian Etxeberriak izandako protagonismoa, zerbait gustuko ez baldin badu, horixe den arren: protagonismoa. Ez du gogoko adierazpen publikoak eta elkarrizketak egitea. Eguneroko militantzia isilaren belaunaldikoa da, una jakin batean jendaurrean jartzea tokatu bazitzaion ere, Altsasuko Adierazpenenean edo EArekin egindako “Lortu arte” akordioaren sinaduran, esate baterako.

Autoritatea eta erreferentzia militantzian hartu izan ohi dira ezker abertzalean. Horren adibide da Etxeberria. Lehen urratsak herri mailan eman zituen frankismoaren hondar garaian, Amnistiaren Aldeko Batzordeetako eta Batzorde Antinuklearretako kide gisa. Segidan, KASeko antolakundea izan zen Abertzale Sozialista Komiteetan (ASK) militatzeari ekin zion.

1981eko urtarrilean atxilotu egin zuten ETA erakundeko kide izatea leporatuta, eta hamar egunez orduko “legedi antiterroristaren” pean egon ondoren, Auzitegi Nazionalean torturatu egin zutela salatu zuen. Bi urte eta erdiko espetxealdia egin ondoren aske geratu zen.

Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kide hautatu zuten 1988an eta mahaikide gisa segitu zuen 1997ko abendura arte. Urte horretako otsailean atxilotu eta espetxeratu egin zuten gainontzeko mahaikideekin batera, Alternatiba Demokratikoa plazaratzeagatik ETA erakundearekin kolaboratu izana leporatuta. Zazpi urteko espetxealdira zigortu zituzten mahaikideak, baina Auzitegi Konstituzionalak emandako ebazpenaren ostean 1999ko uztailean guztiak aske geratu ziren, Lizarra-Garaziko prozesuaren garaian (ongi etorria, Jon Urberen irudian).

Batasuna alderdiaren eratzea ahalbidetuko zuen prozesuaren dinamizazioan aritu zen espetxealdia amaitu ondoren Etxeberria. 2002an atxilotu eta espetxeratu egin zuten berriro “Herriko Tabernak” gisa ezagutu zen auzian. Bi urte egin zituen preso prebentibo gisa.

Loiolako eta Genevako elkarrizketak

2006ko martxoan ETAk negoziazio prozesua bultzatzeko su etenaren berri eman ondoren, ezker abertzaleko negoziazio batzordeko kide izendatu  eta Loiola eta Genevako elkarrizketetan parte hartu zuen. “Segurako operazioa” deituan berriro atxilotu zuten 2007ko urrian, Batasuneko zuzendaritzako beste hainbat kiderekin batera. Beste bi urte egin zituen preso. Espetxetik ateratakoan, aipatu bezala, “Bateragune auzia” izango zen polizia operazioan atxilotu zuten, egun batzuk geroago aske geratu bazen ere.

Zurrunbilo zoroan murgildu zen orduan, ziklo berriaren garapenean: ezker abertzalearen prozesua (Altsasuko Adierazpena eta Zutik Euskal Herria ebazpena), nazioarteko eragileekin harremanak, Gernikako Akordioa, “Lortu arte” akordioa EArekin, “Ezkerretik eraikiz” akordioa EA eta Alternatibarekin, Sorturen estatutuen aurkezpena Iñigo Iruinekin Euskalduna Jauregian, EA eta Alternatibarekin Bilduren sorrera, Aralar alderdiarekin batera Amaiur hauteskunde hautagaitza, EH Bilduren sorrera…

Aieteko Konferentzian ezker abertzalearen ordezkaria izan zen Anita Lopeperekin batera, eta Rufi Etxeberria eta Kofi Annan elkarri bostekoa ematen ageri diren argazkia konferentzia hartako irudi esanguratsuenetakoa izan zen [Andoni Canellada | FOKU].

Finean, ezker abertzaleak estrategia aldaketa egin ondoren gatazkaren ondorioen konponbidearen eremuan hamar urtez egindako ibilbidean parte hartze zuzena izan du. Ezin bestela izan, arlo horretarako arduraduna baita Sortun.