Arnaitz Gorriti

Bartzelonaren etxean Euroligako ibilbidea zuzendu nahi du Saski Baskoniak

Ohikoa duen moduan, «defentsa» izan da Dusko Ivanovicek partida bezperan ezarri duen gako nagusiena. «Defendatu izan dugun bakoitzean, aukerekin iritsi gara azken minutuetara», azpimarratu du. Erritmoa hartzea «kostako zaion arren», Lamar Peters «laguntzeko moduan» ikusi du.

Bartzelonaren aurka lan eskerga egin beharko dute Saski Baskoniako uztaipeko jokalariek. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Bartzelonaren aurka lan eskerga egin beharko dute Saski Baskoniako uztaipeko jokalariek. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Bartzelonaren aurka Palau Blaugranan jokatzea beti da zaila, beraz ez du merezi Bitci Baskoniak ostegun gauean, 21.00etatik aurrera, Euroligako bederatzigarren jardunaldian aurkituko duen zailtasuna azpimarratzea.

Zortzi jardunaldiren ostean katalanek 6-2ko balantzea duten bitartean, 3-5ekoa daramate gainean gasteiztarrek, Euroligako azken hiru jardunaldietan kale egin ondoren. Barçak berak ere azkenengo bi demak galdu ditu, baina begi-bistakoa da talde gasteiztarrak zer zuzendu gehiago duela aste hontako bere aurkariak baino.

«Bartzelonaren aurka jokatzea beti da zaila. Berdin dio azken bi partidak galdu edo irabazi baditu», laburbildu du Dusko Ivanovicek partida bezperan egin ohi duen prentsaurrekoan.

Erantzun motzak eta azalpen handirik eman gabe, gauzak nahiko garbi laga ditu Montenegrokoak. «Defentsa da gure jokoaren gakoa partida hontarako ere. Bartzelonak defentsa bikaina dauka eta errebotean min handia ematen du, eta errekurtso handiak ditu berdin uztaipean, Mirotic edo Brandon Daviesekin, nola kanpotik beren jaurtitzaileekin, erasoa okertzen bazaio. Gure aldetik defentsan zorrotz aritu behar dugu, hala ibili garen bakoitzean partidako azken minutuetara aukerekin iritsi baikara», adierazi du.

«Integrazioa prozesua»

Joan den ostiralean iritsi den Lamar Peters jokalaria. Antolatzaile estatubatuarrak ez zuen ez Maccabiren aurka, ezta igandean Unicajaren aurka minuturik izan. «Antolatzaile berriari dinamismoa eskatzen diot. Lamarrek ahalegina berarekin dakar, baina kostatzen ari zaio; normala da hala ere. Taldeak lehiaketako martxa hartu du aspalditik eta martxa hortara egokitzea ez da erraza, baina nik uste lagundu ahal izango digula», aurreratu du Bijelo Poljeko teknikariak, ostegunean debuta egiterik izango duela adierazi nahian edo.

Horren harira, igandean Unicajaren aurka jokatzeke geratu ziren Nnoko, Enoch eta Baldwin aipatu gabe ere, prentsaurrekoan presente izan dira.

«Partida guztiak hutsetik hasten dira denentzat. Zentzu horretan, jokalari hauen betebeharra da egokitze prozesura ahal bezain arinen biltzea, taldearen mesedetan», azaldu du hitz gutxitan Ivanovicek, jokalarien adina edo eskarmentuari hainbesteko garrantziarik eman gabe.

«Gaztetasunak gure aldeko faktorea beharko luke, eta egia esan, nik horri ez diot halako garrantziarik ematen. Agian bai izaerari edo kalitateari, baina gaztetasuna berez ez da arazo», azaldu du.

Partida guztiak hutsetik hasten diren seinale, Sedekerskisen inguruan eman duen erantzuna. «Nire ustez, hegal-pibot postua da berarentzat egokiena. Igandean pibot gisa ere jokatu zuen, ederki gainera, eta tarteka postu horretan lagundu lezake, baina bere berezko postua hegal-pibota da», esan du. Alegia, Enoch eta Nnoko ez daudela sobera, aurrerantz pauso bat emateko prest egon behar dutela baino.

«Partida bakoitza ezberdina da eta benetan balio duena egun bakoitzean zeinek sortzen duen garaipena erdietsi litekeenaren sentsazioa», amaitu du Ivanovicek.

Kanaria Handia eta covid-19a

Euroligako partida jokatu ostean, larunbat gauean Kanaria Handiaren aurka jokatuko du talde gasteiztarrak. Bada, larunbateko partidari begira, talde kanariarrak bi jokalari gutxiago izango ditu, covid-19a dela-eta.

«Etxean isolatuta eta sintomarik gabe» omen daude aipatu bi jokalariak eta gainontzeko taldekideek negatibo eman duten PCR probetan.

Horrez gain, John Shurna hegal-pibota ere zalantza izango da, gastroenteritisak jota baitago.