Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Hogeita hamar urtetan idatzitako kantuak bildu ditu Jon Maiak

Hogeita hamar urteotan talde eta abeslari ugarirentzat idatzitako kantuak bildu ditu Jon Maiak ‘Kantu bat gara’ lanean, liburuan eta CDan. Fermin Muguruzaren sukaldean egin zuen lehena. Ordutik 170 idatzi ditu eta kantua genero liluragarria dela nabarmendu du.

Jon Maiak Donostian aurkeztu du liburu berria. (Jon URBE/FOKU)
Jon Maiak Donostian aurkeztu du liburu berria. (Jon URBE/FOKU)

Hogeita hamar urte eman ditu Jon Maiak kantuak idazten. 18 urte zituenean egin zuen lehena Fermin Muguruzaren sukaldean Negu Gorriak taldearen bigarren diskorako. Ziurrenik ‘Lehenbiziko bala’ izan zen kantu hori. Ordutik, 170 kantu idatzi ditu Ken Zazpi, Gari, Anari, Benito Lertxundi edo Pirritx eta Porrotx bezalako taldeentzat. Lan guzti hori biltzen du ‘Kantu bat gara’ (Elkar) lanean, liburua eta CDan.

«Ez zait gustatzen aurkezpenak toki serioetan egitea», onartu du. Aurreko lana egun itxita dagoen Donostiako Rekalde tabernan aurkeztu zuen. Gaur, berriz, Ibaetako Aratzen egin du, Aitor Zabaleta gogoratuz eta taberna honek musikariekin duen harremana eskertuz.

«Fermin Muguruzak argi zuen zer nahi zuen, gaijartzailea zen. Berak gaia jartzen zidan eta nik gehienbat bertsoak egin nituen», azaldu du lehen kantuen sormen prozesua. ‘Lehenbiziko bala’, ‘Gora Herria’, ‘Ez dezagun sal’, ‘Bisitari iraultzailea’ eta ‘Zipaioen matxinada’ gisako kantuak atera ziren sukalde horretatik

«Kontziente izan gabe ate bat zabaldu zitzaidan. Eta horregatik Fermini eskerrak eman nahi dizkiot», esan du. Sukaldera joan aurretik Elgoibarko gaztetxearen kanpokaldean bertsotara joan zenean rap bat kantatu zuen agurra beharrean. «Rap bat zerbait esateagatik, bertso metrikarekin». Eta Fermin hurbildu zitzaion horrelakorik inoiz ez zuela entzun esateko eta elkarlanerako aukera eskainiz.

Gero talde gehiagoren eskaerak etorri ziren. Orain arte. «Azkenak aste honetan izan dira», adierazi du. Bide hori da ‘Kantu bat gara’ lanak jasotzen duena. Izan ere, kantu guzti horiek ez zeuden inon argitaratuak. Kantuak izateko sorturiko letrak dira, eta kantuetan zeuden.

Hasierako asmoa kantu horien originalak CDan biltzea zen, baina edonon entzungai daudenez zentzurik ez zuela ikusi zuen. «Pixka bat arriskatuko naiz eta kantuen bertsioa egingo dugu», izan zen erronka. Gauzak horrela, hamahiru abesti grabatu dituzte berriz, urteotako ibilbidea ordezkatzen dituztelakoan.

Lan horretarako taldea osatu zuen: Nacho Soto (piano eta teklak), Gorka Hermosa (akordeoia) eta Pello Ramirez. Honekin batera, kolaborazio bereziak izan ditu: Sampling Squad (Kimo eta Xerkan), Gari, Asier Etxeandia, Mikel Urdangarin, Eire Maia Manterola, Juan SA, Xabier Amuriza, Aiora Zulaika ‘Pirritx’, Antxon Latxa eta Aire ahizpak. Libururako ilustrazioak Maite Mutuberriarenak dira.

«Hainbeste talentoz inguratzen zarenean gauzak ondo ateratzen dira, ez dago beste aukerarik. Ezin da gaizki atera. Oso prozesu ederra izan da niretzat guzti hau egitea», nabarmendu du Maiak.

Ametsa eta oparia

«Niretzat amets bat bezala da hemen jasotzen dudana. Nork esango zidan niri, 14, 15 urte nituenean, amaren etxean, logelan, magnetofoi batean, Kortaturen, Hertzainaken edo Benitoren zintak behin eta berriz entzuten nituenean, ahots horiek nik idatzitako gauzak kantatuko zituztenik? Sinestezina izango litzateke niri norbaitek hori esango balitz 15 urte nituenean», adierazi du.

«Jende honek egin didana opari bat da. Bizitzan ametsak etengabe betetzen ari naizela sentitzen dut. Espero dut oraindik amets asko betetzea, ez nireak bakarrik baita kolektiboak ere. Zentzu horretan hau ametsa da: Euskal Herriko ahots ikonikoak, historikoak, nire bizitzaren soinu banda izan direnak nik idatzitako gauzak kantatzea», gaineratu du.

Liburuan kantu horien ingurukoak kontatzan ditu Maiak. Nola sortu ziren, kantuen testuinguru historikoa... Baina horrez gain, lana kantugintzari egindako gorazarrea dela azpimarratu du.

Kantuaren gorazarrea

«Kantua formato artistiko liluragarria da. Formato artistiko asko ditugu (zinema, nobelak, ...) baina niretzat kantua da formatorik ederrena. Oso berezia da. Gizakiaren espresio bat. Indibiduala, intimoa. Baina aldi berean, kolektiboa. Milaka urtetik dator eta hori oso formato gutxik esan dezakete. Noiz egin zen lehenbiziko kantua? Duela 30.000 urte? Izturitzeko kobazuloan animali baten hezurrarekin egindako xirula horrekin haizea kantua bihurtu zuen euskal lurrean norbaitek. Baina ziurrenik lehenik norbaitek ahotsarekin egin zuen hori», azaldu du.

«Kantuak hitza elebatu egiten du. Beste estadio batera eramaten du. Hitzari sonoridadearen bidea, atmosfera, indarra, norabidea gehitzen dio», gaineratu du.

Euskaltasunaren oinarrian kantuan jarri du Maiak. «Liburuan esaten dut: Erresuma bat gara? Autonomia Erkidego bat gara? Estatu bat gara? Errepublika bat? Ez dakit. Ziurrenik forma administratiboa eta politikoak iragankorrak izango dira. Batzuetan gauza bat izango gara eta bestetan bestea. Baina beti izan garena eta beti izango garena kantu bat da. Duela 30.000 urte kantu hori existitzen da euskal lurrean. Kobazuloetatik Arrotxapeako bajerak arte. Paleolitikotik oraingo forma multiforme guztiak arte. Regetoia, rap, berdin du zein den forma. Kantu horrek milaka urte irauten du eta etengabeko eraldaketan dago. Eskerrik horri, bestela fosil bat izango ginateke, kobazuloetan aurkitzen direnak bezala».

Kantuak ez du formatu fisikorik behar ere. Norberaren baitan dago eta aldi berean kolektibitatearen sinboloa izan daiteke. ‘Bereterretxeren kantua’-ren kasu aipatu du Maiak. XV. mendeko kantua da, baina XVIII. mendera arte ez zuten publikatu. «Nola iraun du kantu horrek inolako formatu fisikorik gabe mendeetan eta mendeetan? Nola kantatzen dugu oraindik guk XXI. mendean? Mikel Laboak kantatu zuena, Benito Lertxundik kantatu zuena. Nola jarraitzen du bizirik kantu horrek? Nola idatzi zuen norbaitek 1400 eta piko urtean borda batean kandela baten argitara eta 500 urte eta gero jarraitzen dugu kantatzen? Nola da posible mirari hori», galdetu du.

«Kantu bat gara. Belaunaldiz belaunaldiz, ahoz aho eta gogorik gogo zabaldu dena. Eta horrek liluratzen nau», nabarmendu du.

Kantuaren zerbitzura

Horrek kantuaren zerbitzura jartzea behartzen duela onartu du. «Kantuaren zerbitzura jartzen naiz norbaitek letra bat eskatzen didanean. Melodia bat pasatzen didatenean, bide bat bezala ikusten dut. Batzuetan aldapa gora egiten du. Gero beherantza egiten du. Gero abiadura hartzen du. Batzuetan eskalatu behar dugu. Zig-zag bat egiten du bapatean. Hor errima bat beharko du agian. Hemen, esdrujula bat. Hemen, goxotasun fonetikoa. Hemen, indar fonetikoa. Hemen, erreak. Hemen, ixak».

Azken finean, kantaria da nagusi. «Nik idatzia da, baina berak kantatu behar du. Nik sortua, baina berak defenditu behar du. Nik egina, baina berak kantatu dezakela sentitu behar du. Bat egiten duelako. Kantua idazten dudanean kantariarengan, taldean eta musikan pentsatzen idazten dut. Horrek baldintzatzen du nere idazkera. %100 jartzen naiz horren zerbitzura. Bera gustura egon arte ez da bukatzen nire lana».

Emanaldi bira

Bere burua kantaritzat ez duela azaldu du Maiak, baina proiektu honetarako emanaldiak egiteko pausua emango duela aurreratu du. Horrela, CDan grabatu dituzten kantuen bertsioak oholtza gainera eramango dituzte diskoa grabatu duen taldearen laguntzarekin.

Lehenengo emanaldia, abenduaren 29an izango da Donostiako Victoria Eugenia antzokian. La Pollaren kontzertuaren egun berean da eta Evaristoren taldearen azken emanaldira joateko asmoa zuela onartu du Maiak. Ezin izango du. «Ez diot barkatzen. Gustura joango nintzateke. Gurea ez da Belodromokoa bezain handia izango, baina handia izango dela agintzen dut».

Bigarren kontzertua urtarrilaren 6an izango da Bilboko Arriaga antzokian eta hirugarrena urtarrilaren 7an Zumaiako Zumaiena zineman. Beste hirzpalau emanaldi prestatzen

«Niretzat hau ez da bide baten bukaera, bide baten hasiera da. Nire izenarekin emanaldiak eskaintzen hasiko naiz», ohartarazi du.