Arnaitz Gorriti

Lashann Higgs eskolta fitxatu du Lointek Gernikak bere kanpoko lerroa indartzeko

Gaby Meskonyte eta Irune Oriok lesio luzeak dituztenez, Bahamasen jaiotako eskolta hau fitxatu du talde bizkaitarrak denboraldia amaitu arren. Alemaniatik datorren arren, Emakumeen Ligan badu eskarmentua, Benbibrerekin 15,9 puntu eta 4,1 errebote lortu baitzituen iaz.

Lashann Higgs, Lointek Gernika Bizkaiaren jokalari berria. (GERNIKA)
Lashann Higgs, Lointek Gernika Bizkaiaren jokalari berria. (GERNIKA)

Hilaren 18ra arte Emakumeen Endesa Ligako jardunaldirik ez dagoela baliatuta, Lointek Gernika Bizkaiak Bahamasen jaiotako Lashann Higgs eskolta fitxatu du denboraldia amaitu bitarte. Irailean 26 urte bete dituen eta 1,75 metroko altuera duen jokalari honek bizkaitarren kanpoko lerroa indartuko du, lesioen erruz nahikoa hankamotz geratu baita.

Denboraldia hasi aurretik Gabija Meskonytek jokatzeari laga behar izan zion, belauna mindu zitzaioako; hain zuzen, joan den udan ebakuntza jasan zuen belaun bera. Handik zenbait hilabetera, Irune Orio harrobiko jokalari interesgarriak ere denbora luzerako lesioa pairatu zuen, Bada, jokalari falta nabarmena izan du azken neurketetan Lointek Gernika Bizkaiak kanpoko lerroan, batez ere Roso Buchek antolatzaile lanetan minutu asko egin beharra izan duelako eta Angela Bjorklundek asko sufritzen duelako defentsa fisiko eta gogorren aurrean. Bestalde, Belen Arrojo hegalekoak hegal-pibot lanak sarri egin behar izan ditu, Europan batez ere, Margaret Roundtree jokatu gabe uzten duelako Mario Lopezek.

Bada, Higgs Gernikara iritsita, talde bizkaitarrak bere gabeziarik handienetako bat estaltzea lortu du, teorian bederen. Mario Lopezen zorionerako, Gernika dago Bahamasen jaiotako eskolta eta taldekideen jokoa zertan datzan ikasteko aukera izango du.

Hala ere, Rosleis Silva ezagutzen du Higgsek. Egun Alemaniako Keltern taldean ari zen jokatzen, baina pasa den denboraldian Benbibren aritu zen, Roselis Silvaren taldekide, besteak beste. Egiari zor, emaitza nahiko txukuna eman zuen jokalariak, 15,9 puntu eta 4,1 errebote eskuratu baitzituen batez beste.

Alemanian, ordea, ez du nahi adina luzitu ahal izan. Partidako 18 minutu jokatu ditu eta batez beste 6,8 puntu eta 2,2 errebote pilatu ditu, bai Alemaniako Ligan nola Emakumeen Eurocupeko K multzoan.

«Ez da denboraldi onegia egiten ari Alemanian, baina dinamika hori hemen aldatuko ote duen itxaropena dugu», adierazi du Mario Lopezek Lointek Gernika Bizkaiaren webguneari eginiko adierazpenetan. «Gure kanpoko lerroari falta zaion oreka hori ekarriko digu, erasoan batik bat. Puntuak sartzeko erraztasuna dauka, kontraerasoan bizia da eta ez da jaurtitzaile txarra. Erasoan bere kabuz saskiratzeak sortzeko kapaza da, baina baita taldekideek balia ditzaketen zuloak sortzeko gai ere. Ondo etorriko zaigu», onartu du gernikarren entrenatzaileak.