Andoni Arabaolaza

Mendi Film Jaialdia Euskal Herriko mendizaleen elkargunea izango da abenduaren 3tik aurrera

Ohi den legez, nazioarteko zinemaldi honek hamar egun izango ditu. Aurtengo ekitaldiak hainbat berrikuntza ekarriko ditu, besteak beste, jatorrizko soinu banda onenaren saria. Horretaz gain, 11 hitzaldi eta 6 erakusketa antolatu dituzte.

International Alliance for Mountain Film erakundearen kide da Mendi Film. Erakunde horrek urtero prestatzen duen zirkuitua amaiera aldera iritsi da, eta, hain zuzen ere, Euskal Herrian bertan sortu den “Mendi” azken-aurreko geldialdia da. Gaur bertan, ostirala, Bilbon, 14. ekitaldia aurkeztu dute; ez soilik gure ingurumarira begiratuta, baizik eta nazioarte osora. Euskarari keinu egin diote; izan ere, lehen hitzak zein prentsaurrekoaren zati handi bat gure hizkuntzan egin dute. Hots, euskara mundu zabalera begira jarri dute.

Aipatu dugun bezala, duela hamalau urte ekimen hau sortu zen Gasteizen. Arabako hiriburuan lau edizio egin eta gero, Bilbora egin zuen jauzi. Hamar urtez, beraz, Bizkaiko hiriburua mendizaleen elkargunea izaten lortu dute. Izaera horretako proposamenek zailtasun asko dituzte, eta iaz, adibidez, lehertutako pandemiak argi utzi zuen den-dena kolokan uzteko indarra duela. Mendi Film Jaialdiaren zuzendari Jabi Baraiazarrak iazko ekitaldiarentzat hitzak izan ditu: «Asko kosta egin zitzaigun edizio hori jendaurrera eramatea. Lan gogorra egin genuen, eta online bitartez, bederen, “Mendi” ikusgai egon zen. Bidaia ez da erraza izan, eta aurre egin diogu egoerari».

Ondoren, Baraiazarrak abenduaren 3an hasiko den ekitaldiaren ildo nagusiak aurkeztu ditu. Eta, besteak beste, sail ofizialean lehiatuko diren pelikulen inguruko azterketa egin du: «Film uzta aparta dugu. Aurkeztu diren edukien aldetik gora egin da, baina hauek duten kalitateari azpimarra berezia egin nahi diogu. Izan ere, ikusiko diren ekoizpen asko eta asko beste mendi zinemaldi batzuetan protagonista izan dira; hots, makina bat sari jaso dituzte. Beraz, egungo zuzendari ospetsuenen obrak Bilbon izango ditugu».

Bide batez, “Mendi”-ren zuzendariak gogora ekarri nahi izan du hamar egunez euskal mendizaletasunaren aterpea bilakatuko dela Bilbo. Eta horrekin batera hainbat berrikuntzen azalpenak eman ditu: «Bide berriak lantzen ari gara. Iaz online bitartez pelikulak ikusteko aukera paregabea egon zen, eta aurten ere apustu horrekin ez dugu hutsik egingo. Bide batez, hitzaldiei beste ukitu bat eman nahi diegu. Eta horietan pelikuletan lan egiten duten beste protagonista batzuk entzungo ditugu. Bide batez, aipatu nahi nuke ohiko hamabi sariei aurtengo edizioan beste bat gehituko zaiela. Jatorrizko soinu banda onenaren sariari buruz ari naiz. Gainera, irabazleak garaikur berri bat jasoko du. “Txalaparta” du izena, eta bere egilea Iñigo Aristegui eskultore donostiarra da».

50 pelikula

Horiek dira Sail Ofizialean lehiatuko diren lanak. Luzeak zein laburrak. Baina aldez aurretik lan eskerga egin behar izan dute ekitaldi honetarako aurkeztu diren 192 filmak ondo baino hobeto aztertu eta aipatu ditugun 50 horiek aukeratzeko. 

11 herrialdetatik jaso dituzte, eta gehienak Europan ekoitzi dituzte. Alabaina, Ameriketako Estatu Batuetako eta Kanadako proposamenek ez dute hutsik egin. Eta aipatu dugunez, puntako zinegileen dokumentalek sendotasuna emango diote “Mendi”-ri. Pavol Barabas, Alaister Lee, edo Zach Barr horien artean daude. 

Arestian aipatu dugu Sail Ofizialean 13 sari banatuko dituztela. Eta horren ardura honako epaimahaikideek izango dute: Mauro Leveghi, Kepa Sojo, Paula Olaz, Arrate Landaluze eta Joaquin Gomezek. Sari Nagusiak, hots pelikula onenaren sariak “Eguzkilorea” eta 6.000 euro jasoko ditu. 

Agerraldian azaldu dutenez, guztira 44 zine saio programatu dira: «Publikoarekin beste behin zuzenean konektatuz, iaz egin bezala, Bilboko hiru aretotan zabalduta egongo da zinemaldi hau: Euskalduna Jauregia, Golem zinemak eta BBK Aretoan». 

Egitarau paraleloari dagokionez, “Mendi”-koek esan dute gainezka datorrela: «Denera, 11 hitzaldi eta mahai-inguru eta 6 erakusketa prestatu ditugu. Rock the Mountain, Mendia, Atxarte, CVCEPHOTO, Mendian Gora eta Bizkaitarrak Goiko Mugetan dira eduki horiek».

Hitzaldien artean, besteak beste, Mendiko filmen musika, Tirich Mir 1976 eta Mendizaletasunean iruzurra detektatzeko tresnak dira arreta jasoko dutenak.

Amaitzeko, mendiko zinemagintzan murgildu nahi duten zinegile gazteen lana sustatzeko bekak toki berezia izango du: »Lehen beka jaso zuen Tamara Lucarini bilbotarrak “Txango” filma egin ahal izan du 10.000 euroko diru-laguntzarekin. Eta estreinaldia abenduaren 9an izango da».