NAIZ

IDK Euskotrenek Lena Niang senegaldarra fitxatu du denboraldia amaitu arte

Toch Sarr jokalari ohiaren gomendioari jarraitu dio talde donostiarrak, eta 25 urteko pibota astearte honetan bertan iritsiko da Donostiara. Templeko Unibertsitatean ikasketak amaitu ostean, Senegalgo selekzioarekin 2019ko Afrobasketean zilarra irabazi zuen.

Lena Niang, IDK Euskotreneko jokalari berria (IDK EUSKOTREN)
Lena Niang, IDK Euskotreneko jokalari berria (IDK EUSKOTREN)

IDK Euskotrenek Lena Niag pibot senegaldarra fitxatu du, Toch Sarr jokalari ohiaren gomendieoi jaramon egin eta gero. 25 eta eta 1,88 metro inguru neurtzen dituen pibota astearte honetan bertan iritsiko omen da Donostiara, klubak berak bere webugearen bidez aditzera eman duenez. Denboraldia amaitu arte geratuko da Azu Muguruzaren aginduetara, nahiz eta beste urtebete gehiago egiteko aukera ere badaukan.

Duela 25 urte Dakarren sortu zen Lena Niang, Senegalgo hiriburuan. 2012an Estatu Batuetara jauzi egin zuen, batxilergo ikasketak egin bitartean saskibaloi jokalari gisa trebatzeko. Hala 2015ean AEBtako 20 jokalari onenen zerrendan sartu zuten. Ostean, 2016tik 2020ra bitartean Templeko Unibertsitatean jardun zuen, jokatzen eta ikasten. Halako egoeretan ohikoa den moduan, pixkanaka gero eta minutu gehiago irabazten joan zen eta hala, unibertsitateko bere azken urtean taldeko hasierako bostekoan lekua lortu zuen Niangek, eta lan on horrek Senegalgo selekzioko ateak ere ireki zizkion.

Hala, 2019ko Afrobasketean parte hartu ahal izan zuen eta zilarrezko domina ere eskuratu zuen bertan. Urrea ezin lortuta, tamalez, Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko atarian geratu zen.

Selekzioan ezagutu zuten elkar Lena Niangek eta Toch Sarrek. Azken honek aurten hartu du erretiroa Donostian hamar denboralditan jokatu ostean. Jokalari gaztearen lana eta kalitatea gustuko izan zuen nonbait, eta berak gomendatu die Azu Muguruza eta klubeko presidente Carmen Muguruzari Niang fitxatzeko. Baita hauek jaramon egin ere.

Coulibaly, Cvitkovic eta Maddenekin batera osatu beharko luke Lena Niangek IDK Euskotrenen barruko jokoa, Cristina Soriano erraldoiak minutu gutxi dituela aintzat hartuta.