Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Ondarea

Garai batean modan jarri zen, nonbait, euskara ezabatu nahi zutenen artean haren benetako defendatzaile gisa agertzea, eta ikastolen kontra, euskara batuaren kontra, abertzaleen kontra eta «bulkada identitarioen» kontra defenditzen hasi ziren aziendekin hitz egiteko baino balio ez zuen mordoilo hori.

Euskara espainiar guztien ondare da eta espainiar guztiek maitatu behar dute beren arimaren parte garrantzitsua delako, inork politizatu dezan utzi gabe. Espainiarrena, frantsesek ez baitute ondare horrekiko aparteko interesik.

Ez dakit moda pasatu den; nolanahi ere, euskararen benetako defendatzaileek erne jarraitzen dute beren aitaren negozioaren defentsan, orain ETB3ren kontra. Nafarroan, Sergio Sayas asaldatu egin da Shin-Chan eta Doraemonek haurren garunetan reset egin nahi dutelako (bai, egia da hori!), eta dioenez, nafarrek ez dute ETB ikusi nahi (hala bada, ez dezatela ikusi, ba).

Madrildik ere heldu da euskararen benetako defentsa. Isabel la Catolica Diaz Ayuso mintzatu da: ETB3 sarrarazi nahi dute arma gisa erabiltzeko. Ostia, nolatan ez zaigu lehenago okurritu?

Aldi bertsuan, Katalunian adostasun sozial eta politiko zabal baten gainean eraikitako hezkuntza eredua baliogabetu du Auzitegi Gorenak, eskoletan katalanaren erabilerak behera egin duen herrialdean gaztelania baztertuta dagoelako.

Euskararen baztertze egoera aitzakia besterik ez zutenek bezala gaztelania politizatu nahi dutenei arrazoia eman die Auzitegi Gorenak murgiltze eredua baliogabetuz. Mesede eskasa egin dio Espainiako kultura aberastasuneko ondare horri. Gaztelania ere Espainiako ondarea baita, ez? •