Hizkuntza urraketen argazki kezkagarria
Behatokiak 2020. urteari buruz kaleratutako txostenak agerian utzi du beste behin ere hizkuntza-eskubideei ematen zaien bigarren mailako balioa

Garai gogorrak bizi ditugu eskubideei dagokienez, eta hizkuntza eskubideak ez dira salbuespen. Behatokiak kaleratutako “Hizkuntza eskubideak 2020” txostenak argi erakusten du hiztunen eskubideak behin eta berriz eta larriki urratzen direla. Afera horretan osasun krisiak izan duen eragin negatiboa ere azpimarratu nahi izan dute Behatokiko arduradunek, eta larrialdi horrek iraun duen bitartean ehunka kexa-dei eta -mezu jaso dituztela ohartarazi dute. Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua izan dira kexa kopuru igoerarik nabarmenena izan duten erakundeak, eta hainbat herriko etxek eta udalek ere egin dituzte hizkuntza eskubide urraketak.
Aipatu kexa horiek asko eta askotarikoak izan direla salatu du Behatokiak. Deitoratu dute, halaber, osasun krisian zehar herritarrek lehen mailako informazio eta jarraibideak jasotzeko orduan, mezu garrantzitsuenak gaztelaniaz edota frantsesez jaso behar izan dituztela. Gainera, EITB kate publikoaren kasuan, agintariek emandako informazioa bere horretan helarazteko irizpidea lehenestea kritikatu du.
Umeek denbora horretan pairatu duten egoera ere benetan tamalgarria izan dela uste dute Behatokiko kideek. Izan ere, Euskal Herriko milaka haur eta gaztetxori euskara ikasi edo bizitzeko eskubidea moztu edo gutxitu zaienean, ez zaie euskarazko eta aisialdirako tresna bereziturik edo alternatibarik eskaini.
Urraketak han eta hemen
Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariaren esanetan, «tamalez, hizkuntza eskubideen urraketek protagonismo berezia izan zuten 2020an ere». Haren ustez, «euskararen etorkizuna aurreikusteko behar-beharrezkoa da hizkuntza eskubideekin aurreko urtea bezalako une erabakigarrietan zer gertatzen den ongi aztertzea».
Bestetik, hizkuntza eskubideen urraketak sektore asko eta askotarikoetan jazo direla aintzat hartuta, Gaubekak dio herritarren hizkuntza eskubideak alboratu edo bigarren mailan utzi direla. Uste du, bestalde, hizkuntza eskubideak kontuan hartzea herritarren segurtasuna, osasuna eta mezu edo informazio ezberdinak hobe barneratzeko ariketa ere badela.
Ildo beretik, Behatokiko teknikari Garbiñe Petriatik azaldu duenez, kexa kopurua nabarmen hazi da 2020. urtean, baina datuen eta errealitatearen artean desberdintasun handia dagoela ere uste du. «Kontuan izan behar da kopuru hau errealitatearen lagin bat baino ez dela. Jakin badakigu herritar askok, egoera berezia zela pentsatuz edo atzerapenak edo bestelako albo kalteen beldur, zerbitzuak euskaraz eskatzeko erreparoa izan dutela».
Atalka antolatua
‘Hizkuntza Eskubideen Egoera 2020’ txostena atalka egituratuta dago. Osasungintza publikoari dagokionez, esaterako, 137 kexa jaso dira 2020an. Asko eta asko osasun krisiaren ondorioz izandako aferekin lotutakoak dira. Zenbait udalek, adibidez, Eusko Jaurlaritzaren eta Estatuko administrazioen eskutik heldutako osasun neurriei buruzko jarraibide eta arauak gaztelera hutsean ailegatu zaizkiela salatu dute.
Hori gutxi ez eta, Gaubekaren esanetan, «eguneroko aldaketa, kontratazio zein bestelako neurriek herritarrak euskara lasai erabili ahal izatea baldintzatu dute. Profesionalen eta unitateen antolaketan aldaketa eta lekualdatzeak izan dira, profesional horien aldi baterako ezgaitasunen ugaritzeak eragina izan du kontratazio berrietan ezartzen ziren irizpide edo lehentasunetan, eta nola ez, hizkuntzarena ez da inon lehentasuna izan».
Nota txarra hezkuntzan
Hezkuntza alorrari dagokionez, berriz, egoera ez da itxaropentsuagoa, eta urraketak inoiz baino ageriagoak izan dira. Izan ere, konfinamenduaren ondorioz sortutako etenaldiak ez dio batere lagundu hizkuntza eskubideak errespetatzeari. Eskolatik at euskara erabiltzeko aukerarik ez duten ikasleak izan dira egoera hori gehien jasan dutenak.
Ez hori bakarrik; osasungintzaz gainera, hezkuntzaren kasuan ere, osasun krisiarekin zerikusia zuen informazioa kasu gehienetan erdaraz helarazi dela arbuiatu du Gaubekak: «Azkartasunaren aitzakiapean, gaztelaniaz heltzen ziren jakinarazpen zein neurri ezberdinen argibideak. Askotan beranduago heltzen ziren euskarazko azalpenak, jada neurri horiek beste batzuengatik ordezkatuak zirenean».
Egoera kezkagarri hori aintzat hartuta, Behatokiko arduradunek argi ikusten dute hurrengo urteetan zehar hizkuntza eskubideen bermean eta berdintasunean zubiak eraiki behar direla. Aldarrikatu nahi dute, azkenik, herritarrek euskaraz bizitzeko eskubidea dutela, eta hori lortzeko bidean temati ahaleginduko direla.

Lutxi Urigoitia: Una película a quemarropa para una sentencia inexistente

La crisis PNV-PSE sube de nivel: Esteban suspende una reunión tras un tuit del PSE

Jokin Urain ‘Kixkur’ idazle eta preso ohia hil da

«Lenguados made in Euskadi» para dar uso a las ruinas de la central nuclear de Lemoiz
