Joera atzerakoia epaitegietan eta administrazio publikoetan
Hizkuntza eskubideen babesean aurrerapausoak eman badira ere, 2021ean atzerakada nabarmenak izan dira, batez ere epaitegietan hartu diren erabakien ondorioz. Egoera honek alarma gorriak piztu ditu euskalgintzan eta politikagintzan.

Hautsak gehien harrotu dituen ebazpenetako bat maiatzean eman zen ezagutzera. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Irungo Udaltzaingo zerbitzurako hamabi lanposturi ezarritako hizkuntza eskakizunak bertan behera uztea erabaki zuen, derrigorrezko hizkuntza eskakizunaren aurkako helegitea jaso ondoren, euskara ez dakitenekiko «diskriminatzailea» dela argudiatuta.
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta Euskalgintzaren Kontseiluak berehala gaitzetsi zuten epaia, «esku-hartze bortitza» dela azalduz: «Beste behin ere, gogorarazi nahi dute hizkuntza politikaren eremuan zeinek duen azken hitza eta, ondorioz, neurri eragingarriak hartzen direnean, azken erabakia zeinek duen gogora ekarri nahi izan dute». Horrexegatik, epaia juridikoa baino gehiago, politikoa dela berretsi zuten.
Epai horrek izan ditzakeen ondorioez ere kezkatuta agertu ziren, eragina izan lezakeelako etorkizuneko lan deialdietan. «Kontuan hartuta herritarrekin harreman zuzena duten udaltzainei euskara ezagutzeko eskakizuna kentzeko eskatzen duela, ondorio arriskutsuak izan ditzake», azaldu zuten.
Politikaren arloan, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariek agerraldia egin zuten Gasteizko Legebiltzarrean erabaki horrek sortutako «kezka eta ezinegon handia» azaltzeko, euskararen normalizaziorako bidean «atzerapausoa» dela iritzita. «Epaiak kezkatzen gaitu, zalantzan jar dezakeelako euskal administrazioan euskararen normalizaziorako bidean duela hamarkada batzuetatik indarrean dagoen esparru juridikoa», azaldu zuten.
Aktak euskaraz
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berak eraso egin zion uztailean udaletako aktak euskaraz jasotzeko aukera zehazten duen euskal legeari. Horrela, auzitan jarri zuen 2016an Eusko Legebiltzarrean onartu zen Euskadiko Toki Erakundeei Buruzko Legearen 6.2 artikulua, espainiar Konstituzioak ezartzen duen gaztelera libreki erabiltzeko eskubidearen aurkakoa izan daitekeelakoan. Horrela, udaletan euskara bakarrik erabiltzeko aukera ematen duen euskal legea ea espainiar Konstituzioarekin bat datorren galdetu zion irailean Auzitegi Konstituzionalari.
Bigarren eraso honen ondoren, Kontseiluak gogor salatu zuen Auzitegi Nagusiaren jarrera eta Irungo Udaltzaingorako lan deialdietatik hizkuntza eskakizunak atzera bota zituen areto beretik datorrela nabarmendu zuen. «Botere judizialak, beste behin, bere eskumen bihurtu nahi du hizkuntza politika, berez dagokion debate politikoaren eta parlamentarioaren esparruetatik erauziz».
Kontseiluaren iritziz, Auzitegiak planteatu duen aferak ofizialtasunaren printzipioaren aurka egiten du eta «gaztelania ez diren gainerako hizkuntza ofizialek maila baxuagoko estatusa dutela berretsiko da, hau da, indarrean dagoen ofizialtasuna ez dela simetrikoa».
CCOO sindikatuak ere eraso egin dio aurten polizien lan poltsetan sartzeko egiten zen hizkuntza eskaerari. Pasa den urrian, CCOO Euskadik auzi errekurtsoa aurkeztu zuen udaltzaingoen bitartekotasunak betetzeko poltsaren aurka, Arkautiko akademiak deituta, euskararen B2 maila eskatzean «hizkuntza araudia ez betetzeagatik». Era berean, Lakuaren jarrera salatu zuen, bere iritziz «amore eman duelako ELA eta LABen presio baztertzaileen aurrean, bizikidetza eleanitzerako adostasunen aurka».
Kezka eta haserrea Nafarroan
Nafarroan, bestalde, kezka sortu du euskararen erabilera arautuko duen dekretu berriak, euskarak ez lukeelako legeak ezarritako eremu ez-euskaldunean puntuatuko, eta eremu mistoari dagokionez, herritarrei zuzeneko arreta eskaintzen dieten lanpostuetan eta Osasunbideko fakultatibo lanpostuetan soilik izango litzatekeelako puntuagarria.
Nafarroako Gobernuko lehendakariak berak adierazi du ez duela legeak ezarritako eremu ez-euskaldunean euskara kontuan hartuko, nahiz eta Nafarroako Kontseiluak berak (Foru Erkidegoko organo aholku-emaile gorenak) euskara Nafarroako lurralde osoan atzerriko hizkuntzen gainetik baloratu behar dela adierazi.
Bitartean, administrazio autonomikorako hainbat lanpostutan euskararen ezagutza eskatu gabe jarraitzen du Nafarroako Gobernuak, eta uztailean manifestazio jendetsua antolatu zuten Iruñean Kontseiluak eta Behatokiak eskubideen murrizketak salatzeko eta eskubide horiek bermatzeko gutxieneko batzuk adosteko beharra aldarrikatzeko.
Azken urtean ehunka lanpostu bete dira Nafarroan euskara puntuatu ere egin gabe. Horren adibide dira, besteak beste, ogasuneko kudeatzaile, ikertzaile eta teknikarietan, liburutegi arduradunetan, suhiltzaileetan, NUPeko lanpostuetan eta Nafarroako Gobernuaren aholkulari juridikoetan egindako lan deialdi publikoak.
Osasunbideko lanpostuetan ere egoera kezkagarria da. Urrian erizainen 424 lanpostu huts oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia zabaldu zen eta legeak ezartzen dituen eremu misto zein ez-euskaldunetako lanpostuetan euskararen ezagutzak ez zuen inolako baliorik, bai, ordea, «ofizialak eta berezkoak ez diren ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren ezagutzak», Kontseiluak salatu zuenez.
Lizarra eta Zizur Nagusia
Administrazio autonomikotik aparte, udalerrietan ere izan dira euskararen balorazioa atzera bota dituzten epaiak. Lizarran, esaterako, Nafarroako Administrazio Auzitegiak baliogabetu egin zuen urrian euskara jakitea beharrezkoa ez den udal plantilla organikoko lanpostu guztietan euskara merezimendu gisa baloratzea.
Hilabete horretan bertan, auzitegi berak Zizur Nagusiko hiru lanpostu deialditan euskara ez dela derrigorrezkoa ebatzi zuen, aurreko kasuan bezala, Navarra Sumaren helegitea onartuz. Ondorioz, bertan behera utzi dute euskara jakitearen beharra idazkari, gazteri arloko teknikari eta obretako langile izateko deialdietan.
Antzeko erabakia hartu zuen epaitegi horrek Berriozarko Udalak kiroldegiko tabernako arduraduna izateko egin zuen lan deialdian.

Una herida grave en Errekaleor tras un ataque que ven instigado por la Ertzaintza

Entre lo incomprensible y lo irresponsable

El Gobierno navarro queda muy tocado tras la aprobación de la ley de educación de UPN

La cooperativa sabía del derribo del palacete un año antes y una edil del PNV firmó el acta
