Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA

Elkanoren mundu biran inspiratutako arropa bilduma osatu du Oihane Pardok

«Elkano, munduari buelta emateko arropa bilduma» osatu du Oihane Pardok, Amarenak marka donostiarraren sustatzaileak. 16 piezaz osatuta eta Getariako marinelarengan eta itsasoari lotutako beste lanbide batzuetan inspiratua. GAUR8 Pardorekin bildu da bere tailerrean.

Oihane Pardo. (Jon URBE/FOKU)
Oihane Pardo. (Jon URBE/FOKU)

Amonaren kaikua berreskuratu, gaurkotu eta jantzi honen historia eta erabilera bultzatu zituen Oihane Pardok Amarenak moda marka sortu zuenean 2016an. Etapa berri baten hasiera izan hura, arkitekto gisa Shanghain lan egindako urteak atzean utzita. Kaikuaren ondotik, Erdi Aroko euskal emakumeen irudiekin egindako Burukoak kamiseta bilduma, XVI. mendeko euskal bordatuak gaurkotu eta beste hainbat proiektu egin zituen. Bere azken egitasmoa, Juan Sebastian Elkano marinel getariarraren garaiko Euskal Herriko janzkera tradizionala ikertu eta freskatzea. Donostiako Tabakalerako 4. solairuan duen tailerraren ateak zabaldu dizkio GAUR8ri azken proiektu honi buruz hitz egiteko.

Amarenak marka donostiarraren sortzaileak hiru urte daramatza Elkano 500 Fundazioarekin elkarlanean, XVI. mendeko marinelek eta itsasoari lotutako beste lanbide batzuek, hala nola balea ehiztari edo arrain saltzaileek, zeramaten janzkeran inspiratutako moda bilduma osatzeko.

2019an hasi ziren Elkanok lehen mundu bira egin zueneko 500. urteurrena gogoratzeko ekitaldiak eta datorren urtean amaitutzat emango du bere ibilbidea Elkano Fundazioak, 1522ko irailaren 6an iritsi baitzen Elkano Sanlucar de Barramedara «Victoria» naoan itsasoratu zenetik hiru urtera.

Amarenak-en web orrialdeak hitz hauekin laburbiltzen du Pardok sustatu zuen markaren filosofia: «Euskal tradiziotik gaur egunera. Gure diseinu guztiak ohiko euskal janzki eta elementuetan inspiratuta daude. Jantzi horien jatorrizko patroi eta diseinuetan oinarritzen gara, eta gaur egungo gustuetara moldatuta berritzen ditugu. Honela, gure kulturaren zati hau bizirik eta erabilgarri egotea lortzen dugu. Ez dugu denboraldietan sinesten. Ez dugu joera pasakorretan sinesten. Ez dugu soilik moda egiten. Moda lokala, unibertsala eta atenporala dela uste dugu». Bide horri eutsiz, Elkanoren mundu biran erabat murgildu da Pardo.

«Historiaren pasarte oso interesgarria iruditu zitzaidan. Gainera, mundu mailan oso ezezaguna den gertaera bat da. Euskal Herritik kanpo, baita estatu mailan ere, askok pentsatzen dute Magallaes izan zela munduari lehen bira eman ziona eta Elkanoren izena bigarren maila batean gelditzen da. Horrek asko harritu ninduen proiektuarekin hasi nintzenean», nabarmendu du.

Garaiari buruzko dokumentazio lana ez da batere erraza izan, «irudi gutxi baitaude». Hiru urte hauek Elkanoren garaian itsas munduarekin loturiko ogibideak eta janzkera mota ikertzen eman ditu.

Oso lagungarria izan zaizkio Red Bay-n aurkitutako aztarnak. Kanadan kokatutako arrantzale herrixka hau euskal baleazaleen kokaleku nagusia izan zen. Urtero 15 itsasontzi eta 600 arrantzale iristen ziren Euskal Herritik Belle Isle itsasartera, Ternua uhartearen eta Labrador penintsularen artean. 1565ean, ekaitz baten ondorioz, «San Juan» baleontzia hondoratu egin zen Saddle uhartetik gertu. Inguruko uretan zenbait txalupa aurkitu dituzte. Saddlen 142 baleazale euskaldunen gorpuzkiak daude.

Selma Huxley ikertzaile anglo-kanadarrak Red Bay eta XVI. mendeko euskal baleazaleen historia ikertu zituen.

Huxleyren lana informazio iturri garrantzitsua izan da Pardorentzat. Era berean, Albaola itsas museoaz, Donostiako Untzi Museoak argitaratu zuen “Euskal baleazaleak. Berebiziko historia irudiak eta aztarnak” liburuaz, Elena Tuduri tolosarrak (1893-1979) euskal jantziari buruz egindako ikerketa etnografikoaz –batez ere karrera bukaerarako idatzi zuen lana, “El traje y otros asuntos de etnografía vasca (1920)”–, eta Elkano Fundazioak egindako irudi galeriaz baliatu da. Garaiko koadroak ere iturri gisa erabili ditu.

Fusio garaia

«XVI. mendea mugimendu askoko mendea izan zen. Gizakia mundua espero zuten baino handiagoa zela konturatu zen. Aurrerapen teknologiko eta geografikoei esker, kultura berriak, egiteko modu berriak eta beste herrialde batzuetako moda eta ohiturak ezagutu ahal izan zituzten; horiek ezagutzeko kuriositatea piztu zitzaien. Fusio garai bat izan zen. Ordura arte, Euskal Herria nahiko isolatuta zegoen, baina itsas merkataritzak zabalkundea ekarri zuen, harremanak Euskal Herriko mugetatik harago zabaldu ziren eta horrek guztiak eragin zuzena izan zuen janzkeran. Pariseko edo Ingalaterrako modaren eragina sumatzen hasi zen. Euskal Herriaren janzkera bereizgarrian galera gertatu zen nahasketa horren ondorioz». Aldaketak goi mailako klaseetan gertatu ziren, aristokrazian eta gortean alegia, janzkera estatusarekin eta diruarekin lotuta baitzegoen.

Gizon eta emakumeentzako hamasei piezaz osatuta egongo da bilduma. «Gaur egun jantzi daitezkeen arropak daude: kamisetak, galtzak, gonak, espartinak, txapelak... gustu guztietarako. Gure asmoa prototipo bana egitea da. Ekoizpena egiterakoan jendearen parte-hartzea eta iritzia nahi genituen, prototipo horien artean zein ikusten duen jantzigarriagoa jakiteko. Helburua jendeak kalean arropa horiek erabiltzea da eta, bide batez, Euskal Herriko historia kontatzea, oraingo honetan Elkanoren garaia», azaldu du Pardok.

Crowdfunding eta elkarlana

Prototipo bana eta pieza batzuen ekoizpena finantzatzeko, crowdfunding kanpaina abiarazi zuen Goteo.org plataforman, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Piztu Meta programaren barruan.

Irailaren 29tik azaroaren 7ra bitartean proiektua babestu duten pertsonek bildumaren diseinu prozesuan parte hartu ahal izan zuten, ehunak eta koloreak hautatuz, baita azkenean salmentarako ekoitziko diren jantziak aukeratuz ere.

Bidaia honetan, modaren sektoreko artisau, diseinatzaile eta enpresa erreferenteak izan ditu Pardok bidelagun, hala nola Boinas Elosegui (Tolosa), Capas Seseña (Madril), Gorka Gonzalez kapelagilea (Donostia), Lëlë Printsestanpatu diseinatzailea (Donostia), Re_ by Barbara Leon zapata diseinatzailea (Sevilla), Clara Virgillipatronista eta diseinatzaileak (Bartzelona), Zapatariko zapatariak (Nafarroa) eta Espartin abarketa fabrika (Zumaia).

«Txapel bat egin behar badugu, Boinas Eloseguirekin egin behar dugu, nola ez! Modaren munduan erreferente diren pertsonekin elkarlana aberasgarria eta garrantzitsua iruditzen zait. Egia esan, oso harrera ona izan zuen proposamenak eta horrek asko animatu ninduen, hasieratik aurpegi onez ikusi zuten nik botatako ideia. Bizitzen ari garen pandemiarekin eta itxialdiaren ondoren, gauza politak egiteko gogoarekin gaude denok», gaineratu du Pardok.

Asmoa, bilduma osoa datorren urteko irailerako prest egotea da, Elkano eta bere itsasgizonak Sanlucar de Barramedara iritsi zireneko hilabetean, hain zuzen ere.

Oihalen garrantzia

«Hitz batean deskribatu beharko banu espedizio hura, gogorra izan zela esango nuke. Egun, abentura gisa ikusten dugu itsasgizon horiek munduari bira eman izana. Pentsa zer izan behar duen Ozeano Barearen erdian egotea, jakin gabe noiz ikusiko duzun lurra edo ikusiko ote duzun, urik eta janaririk gabe. Egoera eta bizipen benetan gogorrak».

XVI. mendea ikertzen, oihalei ematen zitzaien garrantzia nabarmentzen du Pardok. «Egun arropari ez diogu hainbesteko balioa ematen. Espedizioa hasi zutenean, ez zekiten noraino iritsiko ziren, ezta zein herrialdetara ere. Ez zegoen amankomuneko monetarik; beraz, trukeak egin behar zituzten eta horiek egiteko erabili zuten gauzetariko bat oihala zen. Gaur egungo diruaren balioa zuen».

Euskal Herriko historia jantzi tradizionalen bidez ikertzeak zer ematen dion galdetuta, Txinan bizitzen egon zen garaia dakar gogora Pardok.

«Kulturak gizartearen hazkundean eta eboluzioan duen garrantziaz ohartu nintzen bertan. Amarenak markak euskal kultura plazaratu, bultzatu eta babestea du helburu. Aldi berean, oso pertsona kuriosoa naiz. Bilduma bakoitza osatzeko egiten dudan ikerketa lanarekin asko disfrutatzen dut; ikerlariekin eta historialariekin hitz egiten, museotara joaten, idatziak irakurtzen... Oso interesgarria iruditzen zait eta ilusio handia egiten dit ikertutakoa eta ikasitakoa jendearekin partekatzea modaren bidez», azaldu du.

Albisuren lana gogoan

«Amarenak proiektuarekin hasi nintzenean, harrituta gelditu nintzen zein aberatsak eta ezezagunak diren euskal oihalak. Baserri giroan, arropa etxean egiten zen. Gaur egun izan ditzakegun adina galtza edo gona ez zituztenez, oihala puskatzen zenean josi eta josi egiten zuten. Ia desagertu arte berrerabiltzen zuten. Eta jada janzteko balio ez zuenean, trapuak egiteko erabiltzen zuten oihal zatia. Arrazoi horregatik, baita gerraren eraginez ere, material gutxi gelditzen dira», aipatu du.

Horren harira, Pardok Ane Albisuren lana nabarmentzen du. Aktore, filologo eta euskara irakasle donostiarrak 2006an euskal jantziei buruz “Atondu. XXI. menderako proposamena” argitaratu zuen. Liburu bat izateaz gain, Atondu egitasmo bat ere bada. Albisuk berak hainbat elkarrizketatan azaldu duenez, «bi pertsonak soineko bera jantzi dezakete, baina oso ezberdina izan daiteke janzteko eraren arabera», horregatik, bere hitzetan, «jantziari baino janzkerari eman behar zaio garrantzia». Bere ustez, gainera, euskal kulturaren gai askori buruz, esaterako musikari, bertsolaritzari edo dantzari buruz, ikerketa asko dauden bitartean, «jantziena ez da gehiegi landu».

Pardoren hitzetan, «oso zabalduta dago moda aldizkari batean hiru argazki eder argitaratzea besterik ez dela. Jantzi baten atzean dagoen lan guztia ez da behar bezala baloratzen. Marka ospetsuenek gizonen izena dute, baina modaren alorrean lan egiten duten gehienak emakumeak dira. Orain arte, moda emakumeen ‘gauza’ bat izango balitz bezala ikusia izan da eta horregatik agian ez da aintzat hartu».

Kaikua edo burukoa Euskal Herriarekin identifikatu egiten dira. Baina egungo modak zerbait bereizgarria utziko du hurrengo mendeetan?

«Hausnarketa interesgarria da. Ez nuke jakingo esaten hemendik 500 urtera Euskal Herriarekin zuzenean identifikagarria izan daitekeen jantzi motaren bat egongo ote den. Agian, jantzi bati buruz baino gehiago estiloaz hitz egin beharko genuke. Moda ziklikoa da, ez da guk uste dugun bezainbeste aldatu. Adibidez, gaur egun eramaten ditugun alkandorak, galtzak edo gonak duela urte asko eraman zirenaren berdinak dira. Baliteke hemendik 500 urtera kaikua edo txapela erabiltzen jarraitzea».

Bost urte dira jada 2016an Amarenak martxan jarri zuela Shanghaitik bueltan. Balantze «baikorra» egiten du Pardok: «Nire hasierako helburua kaikua eguneratzea zen. Amak emanda, amonaren kaiku bat erabiltzen nuen beroki gisa. Nazioarteko ekitaldietan berokiari buruz galdetzen zidaten. Amonaren kaikua jubilatu nuenean, beste bat erostea pentsatu nuen Euskal Herrira egindako bisita batean. Baina amonarenarekin zerikusirik ez zutela ohartu nintzen eta amonarena kopiatzea pentsatu nuen. Lagun batek beti esaten dit proiektu arriskutsuak gogoko ditudala, eta hala da. Publikoaren aldetik harrera ona izan dut, jendeak kalean gure arropa erabiltzen du eta pandemiak bertako produktuak kontsumitzearen gaineko hausnarketa eragin du eta, egia esan, hemengo markentzat hori onuragarria izan da hein batean. Fast fashion horren aurrean, hemen egindako eta kalitatezko gauzak, asko iraungo duten horiek, lehenesten hasi da», nabarmendu du.

Pardok berritutako kaikuak mundu osoko hamabost herrialdetako eta hiru kontinentetako pertsonengana iritsi dira jada. Ea bilduma guztien artetik «kuttunen» bat ote duen galdetuta, erantzuna «oso zaila» dela dio. Dena den, proiektu guztien artetik Elkanoren hau nabarmentzen du, «agian orain esku artean dudalako», aitortu du. Dena den, «orain arte egin dudan bildumarik handiena da eta modan erreferente diren pertsonekin elkarlanean aritzea ahalbidetu dit».