NAIZ

IDK Euskotren Kopako txartelaren atzetik, Araskik, ezin jokatu koronabirusaren erruz

IDK Euskotrenek Cadi La Seuren kantxan azken hiru garaipenen bolada ona luzatu nahi du. Gasteiztarrek azken orduan atzeratu behar izan dute Baxi Ferrolen aurkako neurketa covid-19aren hiru kaso positibo atzeman eta gero.

Kutxabank Araskik eta IDK Euskotrenek beren aukerak baliatu nahi dituzte. (Jon URBE / FOKU)
Kutxabank Araskik eta IDK Euskotrenek beren aukerak baliatu nahi dituzte. (Jon URBE / FOKU)

Azken ordura arte jokatzekoa zela esanagatik, eta Mendizorrotzara larunbat arratsaldeko 18.30etan covid agiria eta nortasun agiria eskuan eramateko agindua ere publiko egin ostean –PCR negatiboa agiririk ez duten horiek– azkenean bertan behera geratu da Kutxabank Araski eta Baxi Ferrolen artekoa.

Hiru kasu positibo atzeman dira, antza, azken orduan, Ferrolgo taldea Gasteiza iristear dela jakin omen da arabarren hirugarren kasu positiboa, asteazkenean bi kasu bazeudela konfirmatu ostean.

Itxura baten hiruna PCR proba egin dituzte jokalari eta teknikariek, eta azken azken orduan jakinarati zute hirugarren positiboa. Bada, larunbat arratsaldeko partida bertan behera geratu da.

Bidaia zaila; arerio zailagoa

Lointek Gernika Bizkaiak igandean jokatuko du Logroñon, eta IDK Euskotrenek, berriz, larunbatean izango du neurketa. Cadi La Seuren kantxan jokatuko du talde gipuzkoarrak, 19.30etan.

Azu Muguruzarenek azken hiru neurketak irabazi dituzte eta horri esker zortzi onenen artean kokatu dira, 6-6ko balantzearekin. Alabaina, La Seu d'Urgellerako bidaia beti izaten da zaila. Batetik, bidaia bera nekagarria izaten baita, eta bestetik Endesa Ligako laugarrena izango baitu aurrez aurre.

Irati Etxarriren babesean, talde katalanak bikain ekin zion denboraldiari. Azken asteetan indar apur bat galdu badu ere, sailkapenean laugarren postuan dago, 8-4 balantzearekin, eta Koparako txartela esku-eskuan dauka.

«Arerio zaila da, baina azken asteetan ahulago dabiltza, eta gu berriz, hasieran baino hobeto. Gure aukerak izango ditugula ziur naiz eta horiek baliatu behar ditugu Koparako sailkatzeko. Horixe da helburua», adierazi du Laura Cornelius antolatzaileak asteon eskaini duen prentsaurrekoan.