NAIZ

Esther Ferrerrek Urrezko Danborra igande honetan jasoko du, Parisen

Esther Ferrer artista ez da Donostiara joango 2022ko Urrezko Danborra jasotzera, medikuak hala aholkatuta, eta igande honetan jasoko du saria, Parisen duen etxean, Eneko Goia alkatearen eskutik.
Igandean jasoko du Esther Ferrerrek Urrezko Danborra.
Igandean jasoko du Esther Ferrerrek Urrezko Danborra. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Donostiako Udalak joan den asteartean jakinarazi zuen Esther Ferrer 84 urteko artista ez dela Donostiara joango urtarrilaren 20an egitekoa zen Urrezko Danborra emateko ekitaldira, «osasun egoera dela eta» eta «medikuaren aholkuz».

Sortzaileak «atsekabe handia» adierazi zion Udalari bidaiatu ezin zuelako eta, horren aurrean, Eneko Goia alkatea «aukera desberdinak» aztertzen hasi zen Esther Ferrerri saria helarazteko. Urtero ematen da saria, San Sebastian egunean.

Udalak ostegun honetan jakinarazi duenez, azkenean, Goiak Parisera joatea erabaki du, 2022ko Urrezko Danborra emateko sortzaileari aspaldidanik bizitoki duen hirian.

Hiritar Merezimenduaren Dominak

Bestalde, Donostiako Udalbatzak berretsi egin zituen asteazkenean 2022ko Urrezko Danborrerako hautagaitza eta Hiritar Merezimenduaren Dominetarako proposamenak.

Udal taldeek aho batez onartu zituzten proposamenak. Hala, Esther Ferrerren Urrezko Danborraz gain, omenduak izango dira Añorga KKE, Bidegin, Jose Maria Leclercq, Kresala Zinekluba eta Zurriola Antzerki Eskola. Guztiek Hiritar Merezimenduaren Dominak jasoko dituzte. Ekitaldi hau urtarrilaren 19an egingo da.

Udal talde guztiek bat egin zuten sarituen merituak eta ibilbidea goraipatzerakoan, eta hiriari egindako ekarpen eta lana azpimarratu dute.