NAIZ

30 urtetik gorakoei zabaldu diete oroitzapen dosia hartzeko aukera Hego Euskal Herrian

Covidaren aurkako txertoaren hirugarren dosia jasotzeko gonbidapena eginen diete astelehen honetatik aitzinera Osasunbideak zein Osakidetzak 30 urtetik gorako herritarrei. Osasun Publikoko Batzorde espainiarrak 18 urte baino gehiago dituzten pertsona guztiei errefortzu dosi hau jartzea onartu du.

30 urtetik gorakoei ere zabaldu diete hirugarren dosirako aukera Hego Euskal Herrian.
30 urtetik gorakoei ere zabaldu diete hirugarren dosirako aukera Hego Euskal Herrian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Hego Euskal Herriko 30 urtetik gorako herritarrek covid-19aren aurkako oroitzapen dosia jasotzeko aukera izanen dute astelehen honetatik aitzinera. Dauden lekuen arabera, Osakidetzak ez du baztertzen deia aste honetan bertan 18 urtetik gorako biztanle guztiei egitea. Osasunbideak, aldiz, erran du arrisku taldeetako pertsonei emanen dietela lehentasuna, baita txertatzea lehenago egin zutenei ere.

Lakuako Gobernuak emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren erdiek dagoeneko oroitzapen dosia hartu dute.

Astelehen arratsalde honetatik aurrera, Osakidetzak hitzordua hartzeko adina 30 urtetik gorakoetara zabalduko du. SMS bat jasoko dute guztiek gonbidapenarekin.

Jakinarazi dutenez, une honetan Osakidetzak 72.000 hitzordu baino gehiago ditu eskuragarri bere agendetan, eta 30 eta 39 urte bitarteko kolektiboa 180.000 pertsona inguruk osatzen dute. Hala ere, biztanle horiek guztiek ezin dute txertoa hartu; izan ere, bigarren dosia hartu denetik bost hilabete igaro behar izan dira (hiru, Astrazenecaren edo Janssenen kasuan) eta, covid-19az kutsatua izanez gero, lau aste.

Webgunearen bidez

Orain arte egin den bezala, hitzordua hartzeko lehentasunezko bidea Osakidetzaren webgunea izanen da. Hala, libre utzi nahi dira telefono lineak, osasun arreta emateko. Baina, hitzordua bide horren bidez hartzeko arazorik izanez gero, osasun zentrora deitu ahalko da; deitzean, 1 tekla sakatu ondoren, txertoa hartzeko eguna eta ordua esleituko dira.

30 urtetik gorako nafarrak ere SMSak jasotzen hasi dira, oroitzapen dosia hartzeko gonbidapenarekin. Dena den, arrisku taldeetako pertsonak eta txertatze pauta lehenago amaitu zutenak izanen dira lehenengo txertatuko dituztenak, Nafarroako Gobernuak zehaztu duenez.