NAIZ

Joxe Mari Berasategi eta Maialen Berasategi gailendu dira Zaitegi itzulpengintza lehiaketan

Zaitegi itzulpengintza lehiaketaren irabazle gisa, Joxe Mari Berasategik eta Maialen Berasategik izango dute iazko Literatura Nobel saria irabazi zuen eleberria, ‘Paradise’, euskaratzeko ardura.

Maialen Berasategi, artxiboko irudian.
Maialen Berasategi, artxiboko irudian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Joxe Mari Berasategi Zurutuzak eta Maialen Berasategi Catalanek aurkezturiko proiektuak irabazi du Literatura Nobel saridunak euskaratzeko AEDk eta Elkarrek antolatutako Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketako aurtengo edizioa. Beraz, bi hauek izango dira 2021eko Literatura Nobel sariduna suertatu zen Abdulrazak Gurnah idazle tanzaniar-britainiarraren ‘Paradise’ eleberria euskarara itzultzeko arduradunak. Eleberri euskaratua 2022ko urte amaieran argitaratuko du Elkar argitaletxeak.

Lehiaketako parte-hartzaileek ‘Paradise’ eleberriaren atal edo lagin bat euskaratu behar izan dute. Alde batetik, itzulpena aurkeztu behar izan dute, pseudonimo batekin sinatuta eta, bestetik, pseudonimoaren atzeko autorea eta kontaktuan jartzeko datuak aurkeztu behar izan dituzte.

Hori horrela, itzulpen guztien artean onena Joxe Mari Berasategik eta Maialen Berasategik aurkeztutakoa izan dela ebatzi du Joannes Jauregik, Ana Isabel Moralesek eta Garazi Ugaldek osaturiko epaimahaiak.

Zaitegi Saria

Jokin Zaitegi idazle arrasatearreak literatura unibertsala euskaratzeko egindako ekarpena omentzeko aburuz sortu zuten Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, Zaitegi itzulpengintza saria 2002an.

Lehiaketari esker, hamarnaka eleberri euskaratu dira jada, tartean: Imre Kerteszen ‘Zoririk ez’; J.M. Coetzeeren ‘Lotsaizuna’; Harold Pinterren ‘Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk’; Orhan Pamuken ‘Elurra’; Doris Lessingen ‘Belarra kantari’; J.M.G. Le Clezioren ‘Basamortua’; Herta Mullerren ‘Hatsaren kulunka’; Mario Vargas Llosaren ‘Pantaleon eta bisitariak’; Tomas Transtromerren ‘Bizientzat eta hilentzat’; Mo Yanen ‘Hori da umorea, maisu!’; Svetlana Aleksievitxen ‘Gerrak ez du emakume aurpegirik’; Bob Dylanen ‘Ehun kantu’ antologia; Kazuo Ishiguroren ‘Egunaren hondarrak’; Olga Tokarczuken ‘Erabili goldea hilen hezurren gainetik’; Peter Handkeren ‘Atezainaren larria penalti-jaurtiketan’; eta Louise Glucken ‘Basairisa’.