Manex Altuna

Benzema deialditik kanpo geratu da eta ez du San Mamesen jokatuko

Aurrelari frantziarrak ez du taldekideekin batera entrenatu eta ez du Kopako kanporaketa jokatuko. Deialdian sartu dira azken egunetan selekzioarekin egon diren Vinicius, Rodrygo, Casemiro eta Fede Valverde.

Benzemak bi gol egin zituen San Mamesen Ligako azken partidan.
Benzemak bi gol egin zituen San Mamesen Ligako azken partidan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Karim Benzemak taldekideekin batera entrenatu behar zuela esan du Real Madrileko entrenatzaileak entrenamenduaren aurretik. Lehen aldia izan behar zuen joan den urtarrilaren 23an Elcheren kontra lesionatu zenetik. Baina azkenean ez du taldekideekin entrenatu, ez da deialdian sartu eta ez du San Mamesen jokatuko.

Abenduan ere min hartu zuen aurrelari frantziarrak Anoetan jokatutako partidan eta, Ancelottik aurreratutakoaren arabera, ez zuten inolako arriskurik hartzeko asmorik.

Partida oso zaila izango dutela azpimarratu du teknikari italiarrak hainbat aldiz komunikabideen aurrean egindako agerraldian, baina argi eta garbi utzi denboraldiaren erdian gaudela eta ez dela Txapeldunen Ligako final bat.

Azaldu duenez, Benzema deialdian sartuko balitz jokatzeko moduan dagoelako izango da. Ez zeukaten asmorik bigarren zatirako edo luzapenerako aulkian uzteko ezta PSGren kontrako kanporaketarako gordetzeko. Hala ere, ez du taldekideekin batera entrenatu eta deialditik kanpo geratu da.

Bilbon izango direnak selekzioekin aritu diren jokalari hegoamerikarrak dira. Militao egun batzuk arinago itzuli zen eta Casemirok ez zuen parte hartu azken partidan, nahiz eta aulkian egon. Vinicius hamaikakoan izan zen Brasilekin, Fede Valverde Uruguayrekin bezala, eta Rodrygo bigarren zatian atera zen, gol bat lortuz.

Arazo fisikorik ez badaukate San Mamesen egongo dira. Gazteak direla aipatu du Ancelottik eta bigarren zatian jokatzeko beharrezkoak izan daitezkeela uste du.

Ez du argitu nahi izan atezaina Courtois edo Lunin izango den. Kopan bigarrena egon da jokatzen. Defentsaren ezker hegalean Mendy lesionaturik dago eta Marcelo zigortuta. Alabaren edo Nachoren artean aukeratuko duela adierazi du entrenatzaile italiarrak eta Nico Williamsek abiadurak ez duela erabakia baldintzatuko ziurtatu du.

Bestalde, Carvajal eta Marco Asensio jokatzeko prest daudela azpimarratu du. Hazard edo Bale ere titularrak izan daitezkeela esan du, gogora ekarriz Ligan jokatutako partidan hainbat jokalari gabe aritu behar izan zirela koronabirusaren ondorioz, baina garaipena lortu zutela.