NAIZ

Otsailaren 16an eta martxoaren 24an greba egingo dute Gipuzkoako egoitzetako langileek

ELA eta LAB sindikatuek grebak deitu dituzte Gipuzkoako nagusien egoitzetan hilaren 16rako eta martxoaren 24rako. Lanuzteak egun beretarako deitu badituzte ere, sindikatu bakoitzak bere mobilizazio propioak antolatu ditu.

Langileak Donostiako Txara zahar etxearen aurrean protestan, Gipuzkoako erresidentzietako greba egun batean, 2019an.
Langileak Donostiako Txara zahar etxearen aurrean protestan, Gipuzkoako erresidentzietako greba egun batean, 2019an. (Gorka RUBIO | FOKU)

ELAk eta LABek greba deialdia egin diete Gipuzkoako erresidentzietako langileei datorren otsailaren 16rako, igandea, eta martxoaren 24rako, osteguna. Lanuzteak egun beretarako deitu dituzten arren, sindikatu bakoitza bere aldetik mobilizatuko da, aurretik egin dituzten beste lanuzte batzuetan bezala. Hala ere, bi puntu dituzte komunean ELA eta LAB sindikatuek: Alde batetik, biek baieztatu dute Gipuzkoako Aldundiak beraiekin biltzeari uko egin diola eta, bestetik, beharginen lan baldintzak, pandemiak biziki kaskartuak, gaitzetsi dituzte.

LABek nabarmendu du sarritan eskatu diola Gipuzkoako Aldundiari egoitzetako afera lantzeko bilera bat, baina honek bilerari behin eta berriz uko egin diola: «Urriaren 28ko greba egunean bilera eskaera formal eta publikoa egin genion Gipuzkoako Foru Aldundiari helduen egoitzetako egoeraz hitz egin eta irtenbideak bilatzen hasteko asmoz. Azaroaren 12an, ordea, erantzunik jaso ez genuenez, beste greba egun bat burutu genuen; oraingoan, Gipuzkoako Foru Aldundiko ateak itxi zizkiguten muturren aurrean. Abenduaren 17an, bilera egun baten zain jarraitzen genuenez, Gizarte Politiketako egoitza okupatu genuen. Maite Peñak hitzordu bat emateko konpromisoa hartu zuen arren, gaur gaurkoz ez da sektoreko langileokin harremanetan jarri». ELAk gaitzetsi duenaren arabera, Aldundiari «hainbat bilera eskaera egin badizkio ere, erakundeak ez du bere erantzukizuna bere gain hartu».

Beharginen lan baldintzei dagokienez, ELAk salatu du osasun profesionalek ez dutela zaharren egoitzetan lan egin nahi bertako lan baldintza kaskarrengatik. «​​Seigarren olatu honetan, baja asko ez dira ordezkatzen langile faltagatik. Izan ere, medikuek, erizainek edo laguntzaileek ez dute erresidentzietan lan egin nahi lan baldintzak eskasak direlako», deitoratu du sindikatuak.

Ildo beretik, LABek salatu du pandemiagatik urgentziazkoa izan beharko litzatekeen egoera betikotzen ari dela: «Osasun larrialdia dela eta, jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da Gipuzkoako helduen egoitza gehienetan; gehiegizko lan kargak eta egoiliarrei behar duten atentzioa eskaintzeko denbora falta, soldata arrakalak egoitza berean edota lan berbera egiten duten sektoreko langileen artean, egutegietan egiten diren etengabeko aldaketak, ordu sindikalak hartzeko oztopoak, lanpostuen egonkortze eza edo justifikaziorik gabeko kaleratzeak…».

Ondorioz, ELAk otsailaren 16 eta martxoaren 24rako lanuzteak deitu ditu Gipuzkoako erresidentzietan. LABek, lanuzteez gain, Gipuzkoako zahar etxeen parean kontzentrazioak deitu ditu otsailaren 11rako eta auto karabana bat otsailaren 14rako.