NAIZ

Sindikatuek mobilizazioak gogortuko dituzte Osakidetzaren jarreraren aurrean

SATSE, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek mobilizazioak gogortu egingo dituztela iragarri dute Osakidetzaren jarreraren aurrean. Salatu dutenez, haien eskaeren aurrean Lakuak ez du neurririk planteatu.

Urtarrilaren 23an sindikatuek egindako mobilizazioa Osakidetzako lehen mailako arretaren egoeraren aurrean.
Urtarrilaren 23an sindikatuek egindako mobilizazioa Osakidetzako lehen mailako arretaren egoeraren aurrean. (Raul Bogajo | FOKU)

Osakidetzako egoeraren aurrean, eta Lakuaren jarrera ikusita, SATSE, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek ostiral honetan iragarri dute mobilizazioak gogortuko dituztela.

Izan ere, osasun zerbitzu publikoan ordezkaritza duten bost sindikatuek manifestazioak egin zituzten joan den urtarrilaren 23an EAEko hiru hiriburuetan, lehen mailako arretaren «kolapso» egoera salatzeko, baita ospitale-arretako «gainkarga» salatzeko ere.

Gainera, lehendik zetorren egoera dela ziurtatu zuten; «Pandemiak are gehiago tenkatu du lehendik zetorren egoera larria; izan ere, arazoak egiturazkoak dira, eta egungo osasun krisia baino askoz sakonagoak eta zaharragoak», azpimarratu zuten. Alde horretatik, Osakidetzan gertatutako «deshumanizazioa» gaitzetsi zuten.

Edonola ere, kolektiboaren lan baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien arretaren kalitatea are gehiago prekarizatzeaz gain, covidaren pandemia «murrizketak aplikatzeko eta pazienteak osasun publikora iristea zailtzeko aitzakia» ere bihurtu da, sindikatuen hitzetan.

Urtarrileko mobilizazio hartan, arazoari aurre egiteko «berehalako eta benetako» neurriak eskatu zituzten, eta ohartarazi zuten egoera aldatu ezean protestak areagotuko zituztela.

Gauzak horrela, ostiral honetan mobilizazio berriak iragarri dituzte. «Osakidetzak ez du neurri bakar bat ere planteatu, eta horrek mobilizazioak gogortzera behartu gaitu», adierazi dute.

Hurrengo astelehenean prentsaurrekoa eskainiko dute egoera hobeto aztertzeko eta mobilizazioen berriemateko.