NAIZ

Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren bilera atzeratu dute, EAJrekin minduta dagoen CCOOk eskatuta

Lakuak, Confebaskek eta Elkarrizketa Sozialaren Mahaian parte hartzen duten sindikatuek atzeratu egin dute asteartean egitekoa zuten bilera, EAJk Kongresuan lan erreformaren aurka bozkatu ondotik CCOOk egin zuen eskaerari erantzunez.

Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren bilera baten artxiboko irudia.
Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren bilera baten artxiboko irudia. (Pablo GONZALEZ | EUROPA PRESS)

Lakuako Lan eta Enplegu Saileko iturriek azaldu dutenez, astearterako aurreikusita zegoen bilkura atzeratzeko erabakia hartu dute, Idoia Mendia sailburu eta bigarren lehendakariordeak foro horretan dauden eragile guztiei CCOOren eskaera helarazi ondoren. «Iritziak alderatu ondoren, Jaurlaritzak, Confebaskek eta sindikatuek CCOOren eskaerari erantzutea erabaki dute», zehaztu dute iturriek.

Loli Garcia buru duen sindikatuak, UGTrekin batera Mahaian parte hartzen duen bakarrak, bilera atzeratzeko eskatu zuen, joan den ostegunean EAJk Diputatuen Kongresuan lan-erreformari buruzko Errege Lege Dekretua baliozkotzearen aurka bozkatu zuelako.

Sindikatuaren ustez, jeltzaleen jarrera «osoko zuzenketa» da Estatuko elkarrizketa-prozesuari eta bere lorpenei begira. Horrexegatik, hain zuzen, hitzordua atzeratzea proposatu zuen, EAEko elkarrizketa sozialaren prozesuan nola parte hartu erabakitzeko.

Nolanahi ere, bilera lehenengo hiruhileko honetan egingo da, eta urteko lehen topaketa horretan 2022rako Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren lan-plana finkatuko dute.

ELAk eta LABek ez dute foro horretan parte hartzen eta, hortaz, euskal gehiengo sindikala ez dago bertan ordezkatua.