NAIZ

LABek «indarrak batu» nahi ditu lan harremanen eraldaketa gauzatzeko

Madrilek lan erreforma indargabetzeari ateak itxi ondotik, LABek bilerak eskatuko ditu gainontzeko euskal sindikatuekin, EH Bildu eta EAJrekin eta Gasteiz eta Iruñeko Lan sailekin. Besteak beste, EAEko eta Nafarroako Parlamentuetan erregistratua duen Euskal Lan Kodearen egitasmoaz mintzatu nahi du.

Xabier Ugartemendia eta Garbiñe Aranburu, gaurko agerraldian.
Xabier Ugartemendia eta Garbiñe Aranburu, gaurko agerraldian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Xabier Ugartemendia Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkariak agerraldia egin dute astelehen honetan, Madrilek lan erreforma indargabetzeari ateak itxi ondoren LABek hartuko duen bidearen berri emateko. Hain zuzen ere, bilerak eskatuko ditu gainontzeko euskal sindikatuekin, EH Bildu eta EAJ alderdiekin eta Gasteiz eta Iruñeko Lan sailekin, hitz egiteko eta proposamenak helarazteko; hala nola, EAEko eta Nafarroako Parlamentuetan dagoeneko erregistratua duen Euskal Lan Kodearen egitasmoa.

LABek Confebask eta CEN patronaletara jo zuen, gutxieneko soldata 1.400 euroan ezartzeko, soldata arrakala gainditzeko, lanaldia murrizteko, kaleratzeak mugatzeko edo enplegua duintzeko proposamen bat adosteko. Patronalak, ordea, ez du erantzun. «Ez du edukia duen elkarrizketarik nahi. Eroso dago estatu markoan, onuragarriagoa delako bere interesentzat», gaitzetsi dute.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, eskatuko dituzten bilerekin, «indarrak batu» nahi dituzte lan harremanen eraldaketa gauzatzeko, lan duin baten alde presioa egiteko, patronala kaleratze errazaren, prekaritatearen eta langileen pobretzearen bidea alde batera uztera behartzeko.

LABeko arduradunaren esanetan, enplegua, zaintza eta aberastasuna duintzeko eta banatzeko akordioak lortzea ez da patronalaren eta langileen ordezkaritzaren arteko gai esklusibo bat. «Esparru politikoak, gobernuek, eragile aktibo izan behar dute balantza langileen alde orekatzeko. Langileen bizitza hobetuko duten akordioak defendatzeko jarrera proaktiboa izan behar dute, eta patronala interpelatu behar dute hori posible izan dadin».

Lakuaren eta patronalaren arteko «sinbiosia apurtzeko garaia» da

Idazkari nagusiaren arabera, alderdi batzuei entzun diete patronala kongresua bahitzen ari dela edo patronalak beto ahalmena duela. Ados daude irakurketa horrekin, baina orain hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea dela uste dute. «Madrilgo Gobernuak amore eman du patronalaren aurrean, eta orain arte Eusko Jaurlaritzaren politikek ere mesede egin diete patronalari, eta Eusko Jaurlaritza eta patronala bera eskutik helduta joan dira. Sinbiosi hori apurtzea tokatzen da».

Madrilen posible ez dena Euskal Herrian posible egiten jarraitzeko unea dela nabarmendu du: «Estatuan ez dago beharrezko eraldaketari ekiteko adinako indar korrelaziorik. Euskal Herrian beste indar korrelazio bat dago, beste gehiengo politiko, sindikal eta sozial batzuk daude. Estatu propio baten beharra agerian uzten duen beste froga bat da hau, Errepublika sozialista eta feminista bat».

«Patronalek badakite zer izango duten aurrean»

Madrilen balioztatutako lan erreformari dagokionez, Garbiñe Aranburuk joan den astean aipatutakoa berretsi du: «Lan erreformak ez ditu eskubideak berreskuratzen, ez du prekaritatean eta diskriminazioan oinarritutako eredua iraultzen. Hemen ez dago ezer. Orain, erreformaren aplikazioa oztopatzea eta lan harremanak eraldatzen jarraitzea dagokigu, lan duina bermatzeko».

Hain justu, «eragotzi egingo dugu erreformaren alderdirik kaltegarrienak hemen aplikatzea. Patronalaren asmoak, hots, kaleratze errazera eta prekarizaziora jotzea negozioari eusteko, baldintzatzen jarraituko dugu», erantsi du. Nola egin hori? «Gure ekintza sindikala indartuz, borroka eta greba gehiago aktibatuz eta langileen bizitza hobetzeko akordioak lortzeko ahaleginak areagotuz», azaldu du idazkari nagusiak.

Adierazi duenez, «patronalek badakite zer izango dute aurrean, badakite ezingo dituztela legez ezarri dituzten aukera guztiak nahi bezala erabili, badakite langileen eskubideei erasotzen dietenean erantzun sindikala eta soziala izango dutela».

Eta aurre egitea eta erreforma ez aplikatzeko borroka harago, lan harremanak eraldatzeko lan egingo du LABek: «Helburua da lan harremanak eraldatzea, alderdien arteko oreka berreskuratzea, erreforma egin ondoren ezarri den eredua iraultzea eta lan duina bermatzea».