Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Artelan digitalen enkanteak eta betiko asanbladen ajeak

Ikasturte amaierako bidaia antolatzeko polboroiak eta zozketak albo batera utzi gabe, crowdfunding garai sofistikatuetan bizi gara. Oraingoz, kanpaina globalekin zerikusia duen joera da, baina lehenago edo beranduago gure artean isla izango duela iruditzen zait. Aste honetan, Julian Assangeren defentsa legala ordaintzeko, arte digitalaren enkante batek 52 milioi dolar biltzea lortu du, Ethereum kriptomonetan.

Ez ahaztu: Wikileaksen sortzailea Londresen dago preso eta AEBetara ez estraditatzeko borrokan jarraitzen du. Hango Administrazioak espioitzagatik zigortu nahi du, besteak beste. Guztira 18 kargu dira eta 175 urteko kartzela-zigorra ezar diezaiokete. Azken hamarkadetan AEBek, eurek bultzaturiko gerretan, egin dituzten eskubideen eta askatasunen aurkako delituen ebidentziak argitaratzeagatik zigortu nahi dute Assange. Sistema judizial britainiarrak arrazoia eman zion eta Auzitegi Gorenak bere estradizioa ebaluatu beharko du. Borroka legala ordaindu ahal izateko, Assangek Pak izeneko artistarekin kolaboratu du, “Censored” izeneko NFT bilduma sortuz.

Goazen zatika: zer da NFT bat? Asko laburbilduz, blockchain teknologian oinarritutako artelan digitala. Kasu honetan, Pak artistak “Clock” obra enkantean jarri du, Assangek preso igaro duen denborari erreferentzia eginez. Artelan digitalei buruz dagoen eztabaidari helduz, Pak-ek bere iritzia bota du: «Artea den ala ez eztabaidatzen jarraitzen baduzu, ziur aski, izango da». Erantzun biribila dela onartu behar da.

AssangeDAO ekimenekoek adierazi dutenez, «NFTren salmentatik bildutako irabaziak Assangeren lege-defentsarako funtsera eta kanpainara bideratuko dira, adierazpen-askatasunarentzat bere kasuak dituen ondorioei buruzko kontzientzia pizteko». Eta zer da DAO bat? Erakunde autonomo deszentralizatua (DAO) online komunitate bat da, kideek beren dirua batu eta blockchain deritzon horretan oinarrituriko token-ak erabiltzeko aukera ematen duena. Kasu honetan, ziberpunkek osatzen dute AssangeDAO erakundea eta beren helburua «Assange askatzeko borrokan lagundu dezakeen komunitate eta sare konprometitu bat osatzea» da.

Iaz Telegram taldea sortu zuten eta presoaren familiarekin harremanetan jarri ziren. Hauek lankidetzan NFTa enkantean jartzeko ekimena martxan zegoela esan zieten. Laguntzeko aukera aproposa zen beraientzat. FreeRossDAO kanpainan inspiratu ziren ekimena antolatzerakoan. Ekimenak 12 milioi dolar lortu zituen Ross Ulbricht hackerraren defentsarako. “Dread Pirate Roberts” izenez ezagun egin zen Ross; Silk Road izeneko Interneteko merkatu beltzaren sortzailea da. Tamalez, mutikoa kapitalak zuritzeagatik eta abarrengatik biziarteko kartzela-zigorra betetzen ari da. AssangeDAOko lagunak informatikan trebeak izango dira, oso ziber eta oso punkak baina komunikazio politikoan justu dabiltza.

Horrelako kanpaina batek nola funtzionatzen duen hobeto ulertzeko –eta alde nagoelako–, kanpainari ekarpena egiten ahalegindu naiz. Berandu, ordea. Kanpainak bost egun iraun du eta helburuak bete ditu. Azkar doa dena. Forora bideratu naute, eta dagoeneko saltsa dagoela ikusi dut. Asanblada zibernetikoan, arrakasta izan den ala ez, dirua nola kudeatu, bultzatzaileen dimisioak eta abar eztabaidatzen ari ziren. Asanbladetako performance tipikoa. Munduan zenbait gauza asko aldatu dira; beste zenbait, batere ez. •