NAIZ

Gernikak eta IDK Euskotrenek Kopan ere ikusiko dituzten arerioei egin beharko diete aurre

Bizkaitarrek Valentzia Basketi behingoz Malosten irabazi nahiko diote 18.00etatik aurrera. Donostiarrek, berriz, Antonia Delaere eta Lara Gonzalezen Zaragozari egingo diote aurre 19.30etan Josean Gascan. Araskik martxoan jokatu beharko du Cadi La Seuren kantxan katalanen covid-19 kasuak tarteko.

Lointek Gernika Bizkaiak oraindik ez daki zer den Valentziari Malosten irabaztea.
Lointek Gernika Bizkaiak oraindik ez daki zer den Valentziari Malosten irabaztea. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Endesa Ligak, estropezuka bada ere, aurrera darrai, eta ostegun honetan Lointek Gernika Bizkaiak eta IDK Euskotrenek maila bikaineko aurkariei egin beharko diete aurre, denak ere Kopan lekua lortu dutenak. Bizkaitarrek Valentzia Basket izango dute aurkari Malosten 18.00etatik aurrera. Donostiarrek, berriz, 19.30ak arte itxaron beharko dute Basket Zaragozaren aurka Josean Gasca pabilioian jokatzeko.

Izatez, Kutxabank Araskik ere ostegun honetan jokatu behar zuen, Cadi La Seuren kantxan, baina talde katalanean covid-19 kasuak azaldu dira nonbait. Ondorioz, Madelen Urietarenek martxoaren 9ra arte atzeratu dute neurketa hau; martxoaren 6tik 22ra sei neurketa jokatu beharko dituzte gasteiztarrek, tartean jokatzea dagokien bi euskal derbiak, biak Mendizorrotzan: hilaren 6an IDK Euskotrenen aurka eta martxoaren 16an, berriz, Lointek Gernika Bizkaiaren kontra.

Osteguneko neurketei begira, Malosten jokatuko dute lehenengo Gernika Bizkaiak eta Valentzia Basketek. Sailkapen nagusiko bigarren postuan dago bizkaitarren aurkaria 14-4ko balantzearekin, eta lesioen erruz nahiko talde murritza ez balute, faborito argiak lirateke Gernikan irabazteko.

Bestela ere hala dira, egia esan, sekula ere ez baitute Lointek Gernika Bizkaiaren kantxan galdu Emakumeen Liga jokatzen hasi zirenetik hona –aldiz, bizkaitarren bizpahiru aldiz irabazi dute Fontetan–.

«Dena bikain egin beharko dugu aukerarik izango badugu», laburbildu du Mario Lopez entrenatzaileak neurketaren bezperan. «Cadi La Seuren kantxan 19 baloi galdu genituen eta Valentzia are eta defentsa hobea duen taldea da. Ez dakit zergatik, oso motel aritu ginen azkenengo neurketan eta hori Valentziaren kontra garesti ordaindu dezakegu», ohartarazi du.

Itziar Ariztimuño gabe. Roso Buch eta roselis Silvak banatu beharko dituzte jokoa antolatzeko lanak gernikarren artean. «Presiorik gabe jokatu dezakegu, beraiek baitira faborito», gaineratu du Roso Buchek. «Lastima da, dena den, ‘Itzik’ asko damaigulako bai jokoan eta baita aldagelan ere», penaz adierazi du Mataroko jokalariak.

Sei garaipen jarraian

Iazko denboraldian Zaragozak lanak izan zituen maila mantentzeko, baina aurten denboraldiko sorpresa onenetako bat izaten ari da. Egia da Anna Cruz WNBAko txapeldun ohia iaz baino maila hobean ari dela jokatzen –baina bere egunik onenak aspaldi pasa zirela bistan da– eta horrez gain, Vega Gimeno edo IDK Euskotrenen aritutako Antonia Delaere eta Lara Gonzalez ere besteak beste, lan txukuna egiten ari dira.

Hori hala, Aragoiko taldea Liga sailkapenean laugarren postuan dago 12-7ko balantzearekin –covid-19a dela-eta ez du partida bat bera ere atzeratu beharrik izan bide batez esanda–, azken sei neurketak jarraian irabazi ostean.

IDK euskotren ere ez dago kexatzeko moduan. Sailkapen nagusian seigarren postuan dago, 10-7 balantzearekin, azken lau jardunaldietan garaipena eskuratu eta gero –tartean Gernika Bizkaiari eta Estudiantesi irabazita gainera–. Tokitan daude hasierako 0-4 harekin sortu ziren larritasunak!

«Joan zen asteburuan –FIBA Lehioen erruz– ez genuen partidarik jokatu eta orain bederatzi egunetan lau jokatu beharko ditugu. Ikusi egin behar nola eragiten digun honek guztiak», ohartarazi du Azu Muguruzak partida bezperako prentsaurrekoan.

«Bai Zaragozaren aurka, baita hurrengo neurketetan ere, burua hotz jokatu beharko dugu», gaineratu du Muguruzak, jakitun zenbat kosta zaion bere taldeari seigarren posturaino igotzea.