Arnaitz Gorriti

IDK Euskotrenek eta Kutxabank Araskik Ensino eta Tenerife sailkapenean hondora ditzakete

Donostiarrek Valentzia Basketen aurka galdu arren, Top 8an sendo irauteko moduko neurketa dauka larunbat arratsaldean Gascan, Maria Erauntzetamulgilek jokatzen duen Ensinoren kontura. Gasteiztarrek, berriz, arazo fisikoen gainetik Tenerifen garaipena lortzea izango dute xede.

Maria Eraunzetamurgil Donostiara itzuliko da Ensinorekin.
Maria Eraunzetamurgil Donostiara itzuliko da Ensinorekin. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Norbere buruari so eginez nahikoa lan izan ohi dute taldeek, baina bide batez aurkariaren kalterako izaten dira norberaren garaipenak. Bistakoa dena ez dago azaldu beharrik, baina zapatu arratsalde honetan IDK Euskotrenek eta Kutxabank Araskik Lugoko Ensino eta Tenerife Emakumeen Endesa Ligako zuloan hondora ditzakete berriro.

Lesioak direla eta jokalari zein entrenatzaile aldaketak direla, sailkapenean berez gorago egon beharko zuketen taldeak dira hauek biak, baina 2021/22 denboraldia oso petrala izaten ari da eta, bada, euskal taldeek aukera hortaz baliatzeko abagune aparta izango dute. Josean Gasca kiroldegian IDK Euskotrenek talde galiziarra izango du bisitari eta gasteiztarrek, berriz, Euskal Herrian 20.00ak direnean jokatuko dute Teneriferen kantxan.

Sei garaipen kateatu ostean, 41-61 galdu zuen asteazkenean IDK Euskotrenek Valentzia Basketen aurka –eta hori Laura Gil pibotak ezker hankako orpazurda hautsi zuela–. Valentziarren defentsak eta erreboteko lanak ito egin zuen talde donostiarra eta azkenean ezin izan zuen bere bolada ona mantendu.

Teoriari so eginez gero, Lugoko Ensinok ere oso talde fisikoa dauka; ez du alperrik aurten Emakumeen Eurocupeko aurreneko faseko ligaxka jokatu. Tartean Tamara Abalde, Georgina Bahi, Laura Aliaga, Marina Lizarazu, Natalie Van den Adel, Sofia Gomes Da Silva eta baita iaz IDK Euskotrenen lan aparta egin eta gero Lugora hegan egin duen Maria Eruntzetamurgil ere.

Baina lesioek eta covid-19ak ez diete bakerik eman galiziarrei, Tamara Abalde eta Maria Eruntzetamurgili berari, batik bat. Ondorioz, sailkapen nagusian uste baino askoz beherago daude eta denboraldian zehar entrenatzailea ere aldatu egin behar izan dute. Asteazkenean Teneriferi 75-74 irabazi eta gero, ahokada bete arnas hartu eta 6-13 balantzearekin jarri dira Lugokoak, sailkapen nagusiko hamahirugarren postuan.

Gauzak honela, donostiarrek aurrera atera beharreko neurketa dute. Valentzia Basketen aurka egurra jaso arren, 12-8 balantzea berme polita da Top 8an sendo dagoela esan eta beste garaipen bat eskuratuz gero, are eta sendoago egoteko.

Larritu beharrik ez izateko garaipena

Tenerifen jokatuko du, berriz, Kutxabank Araskik, Euskal Herrian 20.00ak direnean. Talde kanariarra salkapeneko zuloan murgilduta dago, Ensinoren kontra galdu eta gero batik bat: 4-16 balantzea aldean, azkenaurreko postuan dago, Ferrolekin berdinduta eta azken bi neurketak galduta.

Kutxabank Araski bera ere ez dago, tamalez, dantzan hasteko. Kanaria handiaren aurka 60-62 etzean galdu zuen joan zen asteburuan eta Top 8a gero eta urrunago ari zaio geratzen. Berez, ez hotz ez bero legoke Madelen Urietak zuzentzen duen taldea, 8-10 balantzearekin, hamaikagarren postuan, Kanaria Handia eta Lointek Gernika Bizkaiarengandik –alegia, Top 8ko muga horrengandik– garaipen bakarrera. Bada, gasteiztarrek badute oraindik ere motibaziorik sailkapenean gorantz abiatzeko.

Baina baita, era berean, atzekoei larri begiratzeko ere. Covid-19a gainditu ostean, arazo fisikoekin dira  orain Madelen Urietaren jokalariak eta errotazioan zazpi edo zortzi jokalari baino gehiago nekez erabili ahal izango ditu. Gauzak honeta, Top 8a edo antzeko helbururik aipatzea askotxo esatea ez ote den. Horren ordez, ikusi egin behar edo Tenerifen irabazteko kapaz den, denboraldi amaiera ahalik eta lasaiena izateko.