Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Txerto pasea eskatzen den areto gehienetan maskara dagoeneko ez da derrigorrezkoa

Covid19-aren aurkako protokoloa lausotze aldera urrats berria eman du gaur Ipar Euskal Herriak. Txerto pasaportea baliatzen den eremu itxi gehienetan otsailaren 28 honetatik landa maskara eramatea ez da derrigorrezkoa izanen. Salbuespenak: garraio publikoa eta erietxeak.

Baionako kirol gela batean, entrenatzailea eta bezeroak, gaur, maskarik gabe.
Baionako kirol gela batean, entrenatzailea eta bezeroak, gaur, maskarik gabe. (Guillaume FAUVEAU)

Otsailaren 28 honetan eskola sartzea izanen da Ipar Euskal Herriko haur eta gazteendako. Hezkuntza zentroetan covid19-aren aurkako protokolo arinago bat indarrean sartu da. Aldaketa nagusia, ikasleek ez dute maskararik eraman beharko patioetan.

Horretaz gain, covid19-ari aurre egiteko martxan ezarritako testen protokoloa lausotuko dute. Hiru froga egin ordez kontaktu kasua den ikasleak froga negatibo bakar bat aurkeztu beharko du gelara itzuli ahal izateko.

Ez da, ordea, gaur gertatuko den aldaketa bakarra. Maskararen erabilpena murriztuko baita eremu itxi gehienetan. Zehazki, txerto pasea erabili behar den eremu itxietan maskararik gabe sartu ahalko da jendea.

Gauzak horrela, kultur eta kirola aretoetan, edota jatetxe edo ostatu baten barruan sartzeko ez da derrigorrezkoa maskara eramatea. Aldiz, txerto pasea erakutsi beharko da bertaratzeko, orain arte bezala.

Salbuespenak badira, ordea. Hala, garraio publikoan eta erietxetan maskara eraman beharko da oraindik ere.

Oroitzearren iragan otsailaren 16an hainbat neurri murriztaile apaldu zituzten frantziar Estatuko osasun arduradunek. Hala, abenduaz geroztik itxita ziren dantzalekuek ateak zabaldu zituzten. Era berean, ostatu eta jatetxeetan, zein kirol eta musika aretoetan, zutik egotea baimendu zuten.

Frantziar Osasun ministro Olivier Veranek ez du oraindik ere zehaztu noiz kenduko duten txerto pasea. Hainbat adierazpenetan, ordea, martxoaren erdia eta apirila artean bertan behera geratuko dela aurreratu du. Beti ere erietxeetan egoera hobetzen segitzen badu eta epidemiaren intzidentzia apaltzen bada.

Kasu gutxiago, baina erietxetan presioa orandik

Ipar Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoen departamenduan 20 pertsona ziren otsailaren 27an erietxetako larrialde zerbitzuetan, bezperan emandako datuekin alderatuta lagun bat gehiago.

Orotara covid19-ak jota ziren herritarrek 303 ohe okupatzen zuten, aurreko neurketan baina 3 pertsona gehiago ospitalean zirela.

Azken asteotan erietxeetan egoera dezente lasaitu bada ere, zifrak begiratuta hobekuntza oraindik ere aski apala dela esan daiteke. Alta, inzidentzia tasari dagokionez, aldaketa askoz baikorragoa izan da. Oso urrun gelditu dira 4.000 kasu baino gehiago zenbatzen zuten estatistikak.

Hala eta guztiz ere, otsailaren 18 eta 24 artean eginiko neurketaren arabera 100.000 biztanleko 922 kasu neurtu ziren Pirinio Atlantikoen departamenduan.