Pott bandaren (ber)Loraldia
Anphorak hautsita ere, Pott bandako kideen bideak berriro elkartu dira Loraldia jaialdiaren baitan. Historiak atzekoa aurretik hartzen dueneko horixe gertatu da asteburuan Bilbon.

Ruper Ordorikaren lehen diskoa. 80ko hamarkada. Pott banda indar betean euskal kulturaren sorkuntzatik eta sorkuntzarako ernatutako mugimendu berrian. ‘Etiopia’ dakar Bernardo Atxagak eta Ordorikak akuilu darabiltza bere hitzak disko bihurtuko duen lehen proiekturako.
Berrogei urte baino gehiago igaro dira ordu hartatik. Tartean gertatutakoa, aski ezaguna oraino. Joseba Sarrionandiaren ihesak badu oraindik aspektu (kasik) mitologiko bat euskal kulturaren alorrean. Eta egarri jarraitzen dugu haren edozein berri jasotzerako garaian.
Urteak pasatu dira eta bideek gurutzeak aurkitu dituzte, bidegurutzeak, eta baita gurutzebideak ere. Nork berea eraman du azken hamarkadotan, historiak berak memorian galdu nahi ez den horren gaineko lana egingo zuenaren esperantzari helduta.
Bata erbestean urte luzez. Besteak Euskal Herrian eta beste zenbait lurren konkistan. Agian ez da zilegi, baina horrela lioke euskal herriratu batek baino gehiagok: ‘Cada uno que aguante su vela’.
Kandelen artean nork bere argia bilatu du denbora luze hauetan, zoriak, nahiak edo agian ustekabe sinple batek bideak eta gurutzeak berriro elkartu eta Arriagara eraman dituzten arte.
Bilboko Loraldia jaialdiaren baitan berhartu dute Bernardo Atxagak eta Ruper Ordorikak hautsitako anphora haren lekukotza, bost emanalditako –mini– bira berezi batekin. Arriagan izan dute geldialdia asteburuan eta alboan izan dituzte, batentzat baino gehiagorentzat marko barruan sartzeko moduko argazkian, ‘Jimu’ Iturralde eta Joseba Sarrionandia bandakideak.
Gaurko egunetara gerturatuz, eta azken denboran gorantza dabilen euskal talde baten kantuko esaldiari gorazarre eginez, haiek eta guk geuk ere esan dezakegu: ‘Tren bat galdu dugu baina, geltoki bat irabazi’.

CCOO no portará el testigo de Korrika tras considerar AEK que es «incompatible»

La potente movilización del 17M relanza el debate sobre un salario mínimo vasco

Hallan muerto al alcalde saliente de Bildoze-Onizepea, derrotado en los comicios

La Policía española detiene a cuatro personas para justificar sus cargas en el Sadar

