NAIZ

Ademar Leonek Bidasoa-Irunen gotorlekua den Artaleku beregain hartu du (26-27)

Gipuzkoarrek partida irabazteko, edo behintzat berdintzeko, aukera izan dute, baina azken minutuan Papantanopoulos atezainaren aurrean ezin izan dute asmatu eta ehuneko ehunean beterik egon den Artalekuk ezin izan du garaipena ospatu, nahiz eta sailkapeneko bigarren postua mantendu.

Pandemia hasi zenetik, Artalekuk lehenengo aldiz ehuneko ehunean betetzeko aukera izan du.
Pandemia hasi zenetik, Artalekuk lehenengo aldiz ehuneko ehunean betetzeko aukera izan du. (CD BIDASOA)

Bidasoa-Irunek argi zuen partida hasi aurretik igande honetan aurkari izango zuen Ademar Leon ez dela edozein talde. Egia da aurten ez dela denboraldi bikaina egiten ari, baina hiru garaipen jarraian poltsikoratu ditu Leongo taldeak eta gaur, Artalekun irabazita, laugarrena jarraian lortu du (26-27).

Gipuzkoarrek ezin izan diote zaleei –pandemia hasi zenetik, Artaleku lehenengo aldiz bete ahal izan da gaur– garaipen batekin euren presentzia eskertu. Hala ere, taldea sailkapen nagusiko bigarren postuari mantentzea lortu du eta hurrengo helburari begira jarri beharko da dagoeneko: hilaren 25etik 27ra bitartean Antequeran opsatuko den Kopa. Ondoren etorriko da EHF European leagueko hurrengo kanporaketa.

Ademar Leonek hasieratik hartu du iniziatiba, 5-4ekoan izan ezik. Kanpokoen 6-0eko defentsak zailtasun ugari ezarri dizkio Bidasoari golak sartzeko eta jaurtiketa aukerak edukitzeko, baloi ugari galdu baitituzte.

Izan ere, 5-4ko hori ondoren, gaizki pasa du etxeko taldeak, 10 minutu igaro baitira golik sartu gabe. Ademarrek bikain aprobetxatu du egoera hori eta 0-5eko partzial bat sinatu du markagailuan 5-9koa ipintzeko lehen zatiaren erdian.

Jacobo Cuetarak hutsartea eskatu behar izan du eta bere taldeak oreka lortu du. Erasoan izan duen ‘erosotasunari’ Xoan Ledoren geldiketak batu zaizkio (9 geldiketa) eta gol batera ipini da (11-12).

Lehen zatiaren amaieran jokaldi polemiko batzuk egon dira eta Victor Rodriguezek, hiru segundoren faltan, 13-14koa ipini du atsedenaldira gol bat atzetik joateko.

Ondo hasi dute irundarrek bigarren zatia, lehen bost minutuetan 4-1eko partziak batekin hain zuzen ere (17-15). Manolo Cadenas kanpokoen entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan du eta, nahiz eta partida berdintzea lortu (17-17), irundarrek 4-1eko beste partziak bat sinatu dute 21-18 alde egiteko.

Momentu klabea zirudien, etxekoek abantaila handitzeko eta partida apurtzeko aukera baitzuten. Baina ez da hala izan. Borges piboteak asko lagundu dio Ademar Leoni erasoan, eta Papantanopoulos atezainak bereak egiten hasi da. Laburbilduz, zortzi minuturen faltan markagailua 23-24koa zen.

Berdintasuna nagusi izan da orduan. Partida amaitzeko 1:20 falta zenean, 26na berdinduta zeuden bi taldeak. Cuetarak hutsartea eskatu du erasoa antolatzeko, eta ia bikain atera zaio, lesioa gainditu ostean berriro jokatzeko prest izan den Rodrigo Salinasek defentsan tartea egin baitu Papantanopoulosen aurrean egarteko, baina honek baloia langara desbideratu du.

Hala, Ademar Leonek bere azken erasoa izan du eskuetan 38 segundoren faltan. Manolo Cadenasek aurkariek egindako gauza bera egin du: hutsartea erasoa antolatzeko. Kasu honetan kanpokoei ondo atera zaie, Virbauskasek gola egin baitu (26-27), baina Bidasoa-Irunek oraindik erasoa zuen berdinketa lortu ahal izateko.

Pistako zazpi jokalarirekin aritu da etxeko taldea, zeinek Iñaki Cavero hegalekoaren eskuetan utzi du baloia, baina honen jaurtiketa Papantanopoulosen gorputzera joan da, berdinketa ekidinez.

PARTIDAKO FITXA:

26.- Bidasoa-Irun: Ledo (2), Cavero (6, 2 penaltiz), Ugarte (3), Odriozola, Garcia, Rodriguez (4) eta Fernandez (5) –hasierako taldea- Furundarena (1), Salinas, Mujika, Tesoriere, Da Silva eta Nieto.

27.- Abanca Ademar Leon: Bomastar, Casqueiro, Milosavljevic (2), Fernandez (2), Virbauskas (4), Perez Arce (8, 3 penaltiz) eta Borges (6) –hasierako taldea- Jozinovic (1), Boskos (4), Liapis, Soljic eta Papantanopoulos.

Partzialak bost minuturo: 3-3, 5-5, 5-8, 7-10, 9-12, 13-14 (atsedenaldia) 16-15, 21-18, 21-21, 23-23, 25-25 eta 26-27 (amaiera).

Epaileak: Iniesta Castillo eta Garcia Rodriguez. Bi minutu kaleratu dituzte Bidasoako Garcia (2), Tesoriere eta Rodriguez; eta Ademar Leongo Milosavljevic (2), Virbauskas eta Perez Arce.

Gertakariak: Asobal Ligako 21. jardunaldia. Artalekun jokatu da eta pandemia hasi zenetik lehenengo aldiz ehuneko ehunean beteta egon da 1.743 ikuslerekin.