Jon Ormazabal
Kirol-erredaktorea, pilotan espezializatua / redactor deportivo, especialista de pelota

Zailena oraintxe ez ote datorren...

Gernikako Jai Alai pilotalekua, jendez lepo txapelketako jaialdi batean.
Gernikako Jai Alai pilotalekua, jendez lepo txapelketako jaialdi batean. (JAI ALAI NEWS)

Gauza askorekin, denekin ez esatearren, gertatzen zaidan bezala, onartu beharra daukat Gernika epizentro izan duen lurrikara honek sentsazio kontrajarriak eragin dizkidala. Lehena, eta nagusia, poza, zer poza, zer poz handia. Poza, horren gurea den kirol honek etorkizunik baduela baieztatu delako eta, batez ere, han inguruan mugitu den jende on askoren lanak merezitako fruitua jaso duelako. Eta, gurera etorrita, Jai Alai News atariak aspalditik egin digun ekarpena ere nolabait saritua izan delako. Goia Winter Series honekin jo badu ere, urteak dira txikitik eraginda, gustura eta gustuz, Gernika Jai Alai ederraren inguruan giro berezi eta ilusionagarri bat bazela uda partean, eta aurreko bide hori gabe alferrik lirateke telebista publikoaren apustua, sare sozialen indarra eta kirolarien maila bikaina, arrakastaren parte ere badirenak.

Baina bada esaera bat, «arrakastak aita ugari ditu eta porrota umezurtza da» dioena, eta hortik dator nire kezka, batez ere, igandeko «photocallean» ikusitako zenbait aurpegi eta komunikabide batzuen –eta ez nabil ente publikoaz– «despliegearen» ostean.

Gernikak ezer izan badu –eta hor Galarreta ere sartuko nuke– gauzak beste era batera egiteko ausardia, molde berriak probatzekoa, hots, freskotasuna, izan da eta, behin ebento sozial bilakatuta, «betikoek» patrimonializatuko duten kezka ezin gainetik kendu. Batere tradiziorik gabeko gure kuadrillan zestara engantxatu denik bada, ezin du zerbait lokala izan, baina ezta «Gernika» zigilua galdu ere.