NAIZ

Bilbo goitik behera eta ezker eskubi astindu du Korrikak

Lau orduz Bilbon gora eta behera ibili da lekukoa, arratsalde-gau parte honetan. Milaka eta milaka lagun batu dira euskararen aldeko lasterketara, San Inaziotik eta Zorrotza bitartean. Konpartsetatik erakundeetara, Iñigo Cabacas gogoan izatetik etorkinen egoera salatzera, denetatik bildu du.

Konpartsak lasterketaren lehen lerroan, Bilboko Alde Zaharrean.
Konpartsak lasterketaren lehen lerroan, Bilboko Alde Zaharrean. (Aritz Loiola | Foku)

Euskal Herrian populazio gehien duen hirian astinaldi ederra eragin du Korrikak asteazken atsalde-gau parte honetan. Goitik behera eta ezker-eskubi, edo eskubi-ezker nahi bada, Erandiotik sartu baita hirian, San Inazio auzotik hain zuzen ere, 19.30ak aldera. Eta Ezkerralderuntz esango du agur gauerdi aldera, Zorrotza auzotik Barakaldorantz eginez.

Lau orduz guztira, kilometro asko (eta horietariko asko kilometro baino motzagoak!, lekukoa hartu nahi zuten guztientzat tokia egin behar baitzen).

Jende andana etengabea izan da, baina une gogoangarriak agian Alde Zaharrean gertatu dira, Bilboko ibilbidearen azken txanpan. Asteburu honetan Iñigo Cabacas hil zutenetik hamar urte beteko direla gogoan izan da.

 

Urteak dira ere Kukutza gaztetxea Errekaldeko kaleetatik desagertarazi zutela, baina horren itzalak auzoan segitzen duela ekarri dute gogora euskararen aldeko lasterkariek.

 

Konpartsetako kideek, nola ez, gogoz heldu diote beren kilometroari, jaietarako dotore jantzia abuztua oraindik urruti izan arren.

Baina has gaitezen hasieratik. Lehendakari Agirre etorbidetik Bilboratu da lasterketa, jende andana alboan, zenbait unetan karril guztiak mutur batetik bestera betez.

 

Bingen Zupiria Lakuako Gobernuko eledunak hartu du hor lekukoa, ondoan aldarrikapen ezberdinak ikusgai zirelarik. Eta aurreraxeago, Osakidetzako langileek, EiTBkoek, suhiltzaileek...

Alde Zaharrerako bidean arrazakeriaren aurkako eragileak, IHESaren kontrako borrokan daudenak... eskuz esku ibili dira, euskararen alde bat eginik.

 

Presoen aldeko aldarriak ere nabarmendu dira une oro.

Uribarri, Deustu, Begoña, Txurdinaga, Otxarkoaga, Santutxu, Bolueta, Abusu, Zazpi Kaleak, San Francisco, Atxuri... auzoak gainditzen joan da euskaltzaleen tropela. Une hunkigarriak bata bestearekin uztartu dira; esaterako, Santutxuko txistulariek korrika egin bitartean –motelxeago jakina– lasterketari doinu goxoa jarri diotenean.

 

Ikastetxe ugarik heldu dio lekukoari txandaz txanda, eta esan daiteke partehartze oso gaztea izan duela lasterketak Bilbo zeharkatzeko orduan. Abusu ikastolakoak, irudian:

 

Txikiek beren txanda goizean eta arratsalde partearen hasieran izan dute, Korrika Txikian, tartean txokolatada ederra Alde Zaharrean.

Gaztedia... eta poza. Norbaitek esan du egun hauetan Korrika dela euskarak Euskal Herriari marrazten dion irribarra. Horren seinale hurrengo mezu hau, Bizipoza elkartearena:

 

‘Berria’ egunkariko lagunek ere alaitasunez ekin diote beren kilometroari.

 

PSEk ere kilometroa erosi du Bilbon, eta lekukoa idazkari nagusi berri euskaldunak eraman du, Eneko Anduezak:

 

Batutako jendetza dela eta, tarteka bozgoragailuetatik parte hartzaileei kontuz ibiltzeko aholkua eman behar izan diete, pankartaren atzean korrika egin zezatela ohartaraziz.

La Peñan bengalak eskuetan egin diote ongi etorria euskararen karabanari, gauez jada.

 

Arrakasta handia izan du, beraz, 22. edizio honek Bizkaiko hiburuan. Ostiral honetan kostaldetik ibiliko da lasterketa. Eta Bilbo zeharkatu ostean beste bi hiriburu baino ez dira Korrika hartzeko zain direnak: Baiona larunbat arratsaldean eta Donostia, helmuga, igande goizean.