Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Gizatasun antzeztua, propaganda eraginkorra

Gerrarekin batera, propaganda etengabe sofistikatzen ari da. Argi dago borroka teknologikoa gerra garaikideen ardatz bihurtu dela. Eremu horretan, Ukraina esperimentu handia izaten ari da, droneetatik hasi eta Internet bidezko erasoetaraino.

«Beste aldeko» herritarrengana iristeko biderik zuzenetako bat Internet bidezko mezuak dira, hain zuzen. Konputazioan aditua den norvegiar batek bide horri heldu eta errusiar herritarrengana heltzeko kanpaina abiatu du. 550.000 boluntariok 60 milioi mezu baino gehiago bidali dituzte Mendebaldeko komunikabideek inbasioari buruz emandako informazioarekin. Boluntario bakoitzak bere posta pertsonaletik bidali behar ditu mezuak. Ezin dira egunean 150 mezu baino gehiago bidali, beti kontu partikular zehatzetara, spam gisa ez kalifikatzeko. Haien ustez, zentsuraren erruz hango biztanleek ezagutuko ez lituzketen egitateei buruzko informazioa bidalita, Errusiako Gobernuaren kontakizuna zailduko da.

Harvardeko Unibertsitatean giza jokabidean aditua den Julia Minsoni proiektua oso interesgarria iruditu zitzaion. Halere, diskurtso mailan lan espezifikoa egin ezean alderdi teknologikoa herrena geratuko zela pentsatu zuen. Mezu sotilagoak, argiagoak bidali behar direla uste du, errusiar entzuleari hobeto zuzendutako mezuak. Errusiar pentsamoldeari egokituz, errazagoa da herritarrengana helduko diren mezuak programatzea. Minsonen ama errusiarra zen eta hori abantaila izan da.

Bere hitzetan, «zure ikuspuntuekin inondik inora ados ez dagoen pertsonekin nola hitz egin dezakezun ulertzen saiatzen gara, eztabaida ez dadin oihuka lehia batean amaitu, baizik eta bestea konbentzitzeko eta elkarrizketarako norabidean jartzeko». Entzun gaitzan, bide bat ireki behar zaio gure solaskideari. Horregatik, garrantzitsua da mezuak laburrak eta ondo bideratuak izatea. Gainera, hartzaileari erantzuna emateko aukera eman behar zaio. Horretarako, adimen artifizialaren bidez ahalik eta mezu gehien nola erantzun ikertzen ari dira. Errusiar itzultzaileekin ari dira lanean, baina itzulpenak ere automatizatzen saiatzen ari dira.

Joera hau ziztu bizian garatzen ari da. Testuinguru teknologiko honetan, kanpaina politikoak narratiben eta metodoaren uztarketaren bidez zuzentzen dira; bai hauteskunde kanpainak eta bai gerra kanpainak. Aspalditik manipulazioa sistematizatzen ari da, beste eskala batera eramaten. Honek guztiak gure kezken maila igo egiten du, arlo politikotik antropologikora bultzatuz.

Edonola ere, hondamendi honen erdian, itxaropena ez da galdu behar. Propaganda identifikatzeko tresnak ere garatzen joango gara. Hori bai, zintzotasuna eta heziketa kritikoa baino indartsuagoa den ezer ez da garatuko. Adibidez, GARAk argitaratu zuen elkarrizketan, gerra luzatuz gero Errusian egon daitezkeen ondorioei buruz galdetzen zioten Chomskyri. Berak Errusiari buruz nahikoa ez dakiela baieztatzen zuen, «ezta aieru bat asmatzeko ere». Nahikoa ez dakiela onartzeaz gain, etxeko lanak ere egin zituen, eta Errusian aditua den Anatol Lievenen tesien laburpena egiten zuen. Honela, inperialismoan propagandak nola funtzionatzen duen ulertzeko gida izateaz gain, Chomskyk Humanitatearen etorkizuna ziurtatzeko ezinbestekoak izango diren printzipio intelektualak ere markatzen dizkigu: zintzotasuna, ikuspuntu kritikoa, indar askatzailea, umiltasuna eta lana. •